Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea «Erronka da elebitasun pasiboa modu eroso batean txertatzea»

Publizitatea

Gizartea

Juanjo Ruiz. Emuneko aholkularia. TELP tailerrak ematen ditu

«Erronka da elebitasun pasiboa modu eroso batean txertatzea»

Euskal hiztunak ahalduntze aldera, 'Irten hizkuntzaren armairutik' liburua moldatu du. Ferran Suayk eta Gemma Sanginesek katalanei zuzenduriko 'Sortir de l'armari lingüistic' lanaren egokitzapena da.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

2015-12-04 / Arantxa Iraola

Rosa Parksen irudia gustuko du Juanjo Ruizek (Arrasate, Gipuzkoa, 1973). Eskubide zibilen aldeko aktibista garrantzitsua izan zen AEBetan, eta haren ekintzarik ezagunena 1966ko abenduaren 1ekoa da; Montgomery hiriko (Alabama) autobusetan lege arrazista bati aurre egin zion: ez zion bere eserlekua pertsona zuri bati utzi. Segregazioaren aurkako protesta handien ernamuina izan zen keinu hura. Euskal hiztunen hainbat hautu eta urrats, halaber, hizkuntz normalizazioan aldaketa sakonagoak goldatzeko bidea izan daitezkeela argi du Ruizek, eta asmo horrekin, Irten hizkuntzaren armairutik. Euskaraz bizitzeko portaera-gida liburua ondu du, Ferran Suayk eta Gemma Sanginesek katalan hiztunei zuzenduriko Sortir de l'armari lingüistic lanaren egokitzapena. Euskararen eta euskal jendearen errealitatera moldatu du, bi egileekin batera. Emun kooperatibak ?hango aholkularia da Juanjo Ruiz? argitaratu du liburua.

Kataluniara begira sortutako liburuari zein soin berri jarri behar izan diozue euskal hiztunentzako mezu egokiak ontzeko?

Herrialde Katalanetan, eta Katalunian, bereziki, oso handia da hizkuntzaren ulermen maila; hor badago diferentzia bat, eta horrek liburuaren egokitzapena egitean ardura bat eskatu du, gauzak ondo egiteko, eta irakurleak ahalik eta erosoen sentitzeko. Katalanetik itzulpen hutsa eginda, arriskua zegoen kasuak oso urrutiko ikusteko. Hor bazen erronka bat: baliabide horiek hemen ere erabil daitezkeela erakustea.

Baina gomendioak norabide berean egindakoak dira, ezta?

Bai, mamia nahiko antzekoa da. Azkenean, baliabideak hiztun minorizatu guztientzat antzekoak dira. Gero, noski, egokitu beharko duzu egoerara, eta intentsitate diferentziak ere egon daitezke. Baina ezintasun, etsipen eta amorru sentimenduak, oro har, hizkuntza minorizatuetako hiztun guztiok ditugu, hiztun kontziente guztiok behintzat bai.

Zenbait pertsonaia sortu dituzue liburuan: euskal hiztunen nolabaiteko estereotipoak. Zer islatu nahi izan duzue horiekin?

Jatorrizko liburuan zetozen estereotipoak dira, nagusiki; baina diferentzia batzuk egin ditugu. Badaude, esaterako, hizkuntzarekiko kontziente diren pertsonak, baina gero hizkuntza portaera lotsatia dutenak hainbat egoeratan. Hor da erretako hiztuna ere; hizkuntza egoera horiek borroka mailan eta modu gatazkatsuan bizi ditu. Kanpotik etorritako norbaiten figura ere badago; Afrikatik etorria da, herri oso euskaldun batera joaten da, euskaldundu egiten da, baina lan kontuengatik Bilbora doa, eta egoera oso ezberdinean ikusten da han...

Hizkuntzaren ofizialtasuna ukatua den leku batean bizi diren hiztunen errealitatea islatu nahi izan duzue, jatorrizko liburuan horrelakorik ez bazegoen ere...

Bai, iruditzen zitzaigun inportantea zela gure kasuan hori ere erakustea. Lapurdin egokitu dugu, baina izan zitekeen Nafarroako hegoaldeko hiztun bat. Badago beste soslai bat ere aldatu duguna dezente; bertan jaiotako euskaldun berriarena da. Katalanezko bertsioan katalan berri gehienak kanpotik etorritakoak dira; baina Euskal Herrian 300.000 euskaldun berri ditugu, bertan jaiotakoak asko. Horregatik, euskaraz bizi nahi duten euskaldun berrien errealitatea erakustea ere oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Gaur egun erakundeek ere eskertu nahi dute hori, eta oso kasu erreala iruditzen zaigu.

Suayren eta Sanginesen liburua 2010. urtekoa da, eta lorratza utzi du, lehendik ere, Euskal Herrian. Makina bat TELP ?norbanakoaren hizkuntz espazioarentzako tailerrak? egin dira jendeak bere hizkuntza hautuen gainean kontzientzia hartzeko. Egindako bidea aintzat hartu duzue liburua ontzeko garaian?

Tailerretatik jende asko pasatu da, baina, hala ere, ikusten dugu oraindik hori sozializatu behar dela; baliabideak, eta, baita ere, diskurtsoa. Elebitasun pasiboa erabiltzea, hizkuntzen arteko elkarbizitza, demokrazian eta justizia sozialean sakontzea... Mezu horiek zabalduz doaz, baina oraindik ere bada bidea. Horregatik, TELP tailerretako ezagutza eta baliabideak sozializatu nahi ditugu liburuarekin; hartzailea izango da euskaraz bizi nahi duen pertsona, edo eta euskara gehiago erabili nahi duena eta sentimendu korapilatsuak izaten dituena euskara utzi behar izaten duen garaian.

Psikologiak hizkuntz normalizaziora egindako ekarpenak dira horiek guztiak. Zer bide dago oraino jorratzeko alor horretan?

Handia. Euskararen normalizazioa denon zeregina da, bakoitzak hartu behar du bere egitekoa. Euskaldun batzuek egin beharko dutena da gurditik gehiago tiratu; Rosa Parks izan beharko dute, ahalik eta modu erosoenean, eta horretarako dituzte, hain justu, baliabide horiek guztiak. Beste batzuk egokituko dira inguruan ikusten dutenera; eta ikusten badute, adibidez, elebitasun pasiboa erabil daitekeela, eta, gainera, modu eroso batean erabil daitekeela, ba horrek ekarriko du beste batzuek ere euskararen erabilera handitzea. Era berean, ekarriko du erdaldunen kasuan, batez ere ulermen maila duten erdaldunen kasuan, hizkuntz elebitasuna ikustea normaltzat. Beraien pausoa izan daiteke onartzea zail egiten zaiela euskaraz aritzea, baina ulertzen dutela. Horrek egundoko bidea zabaltzen digu guri beraiei euskaraz egiteko, eta beraiei guri erdaraz egiteko, zeren eta, zorionez, guk erdara ulertzen dugu. Bide horretan oraindik ere asko dago egiteko, baina uste dut erakunde batzuk hasiak direla dagoeneko ipar hori hartzen.

Erdaldunengana heltzeko bideak bilatu beharko dira, beraz?

Planteamendua asertibotasunaren bidetik jotzea da; gurea defendatuko dugu bestea zapaldu barik, bestea mindu barik. Baliabide batzuen bidez erraza izan daiteke ulertzea hori egin daitekeela, baina oraindik ez dauzkagu guztiz barneratuta horiek guztiak.

Bide horietan garrantzitsuenetarikoa da elebitasun pasiboa?

Nire ustez, bai. Askotan oso artifiziala ikusten da: zaila. Jakina, euskal hiztun guztiak ez ditugu motibatuko euskaraz aritzeko; era berean, badira pertsonak agian ulermen bat landuta dutenak, baina zailtasunak dituztenak, deseroso sentitzen direnak euskaraz egitean. Baina euskaraz bizi nahi dugunok bide hori dugu jorratzeko; etorkizunera begira erronka garrantzitsu bat da elebitasun pasiboa gizartean txertatzea modu eroso batean, modu natural batean, eta ulertzea horren bidez hizkuntzen eta hiztunen arteko elkarbizitzan denok irabaziko dugula; ez euskal hiztunek bakarrik, baita erdal hiztunek ere, gizarte demokratikoago batean bizi ahal izango garelako guztiok.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak