Katalunia. Elkarrizketa. Josep Costa. JxC Junts Per Catalunyako diputatua

«Egoera honetan ezin da planteatu lau urteko legegintzaldi bat»

Espainiako Gobernuak modu «intrantsigentean» jokatzen jarraitzen badu subiranisten «kausak» aurrera egingo duelakoan dago. Gobernua osatzea defendatu du, eta konfiantza du nazioartekotzean.
DANI CODINA

Igor Susaeta - Berriemaile berezia

2018ko maiatzak 16
Ahoratutako hitz bakoitza neurtu du elkarrizketan Josep Costa JxC Junts Per Catalunyaren talde parlamentarioko diputatuak (Eivissa, Herrialde Katalanak, 1976). Hitz jario argiaren eta ordenatuaren jabe da. Legegintzaldi honetan bilakatu da parlamentario, eta Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko kidea ere bada. Jordi Turull diputatu kartzelatua zuen bulegokide, eta bulego aseptiko horretako paretetako batean tamaina handiko argazki ikoniko bat dago zintzilikatuta: Turull eta Josep Rull (JxC), joan den martxoaren 23an bizkarretik helduta, baina jota, Auzitegi Gorenera iristen, berriro espetxeratuak izan aurretik.

Costa teoria politikoko irakaslea da Pompeu Fabra unibertsitatean, eta aurretik abokatu moduan lan egin zuen hamalau urtez. Secessió o secessió (Sezesioa edo sezesioa) liburua argitaratu zuen joan den udan.

Quim Torra Kataluniako presidenteak eta Carles Puigdemont presidente kargugabetuak elkarrizketa eskatu diote Espainiako Gobernuari. Baina Madrilek «marko konstituzionalera» mugatu nahi du eskaintza hori. Beraz, zein bide egin dezake elkarrizketa horrek?

Azken hauteskundeak Espainiako marko konstituzionalaren barruan egin ziren, eta estatuak ez ditu emaitzak onartu. Hori pendiente dago oraindik, eta 155.ak indarrean jarraitzen du oraindik.

Ez dirudi estatuak emaitza horiek onartuko dituenik. Beraz, zein zentzu edukiko luke negoziazioa proposatzeak ?

Inportantea da jende guztiak argi edukitzea, inork ez dezala dudarik egin, intrantsigentea dena Espainia dela. Orduan, orain munduari erakutsi behar diogu hemen denok dakiguna: gu lehen egunetik prest egon garela edozertaz hitz egiteko, eta estatuak ez duela ezertaz hitz egin nahi izan.

Elkarrizketa eskaintza horrekin, beraz, munduari erakutsi nahi diozue Espainiak, berriro, ateak ixten dizkizuela?

Zuk elkarrizketara jotzen baduzu, eta bestea intrantsigente gisa geratzen bada, zure kausak aurrera egingo du. Eta besteak elkarrizketa onartzen badu, ba, berdin.

Behin Presidentetza Legea aldatuta, Puigdemont inbestitu nahi zenuten. Azkenean, ordea, ez duzue egin.

Espainia bere zuzenbide estatua hausten ari da, gehiengo parlamentario baten borondate legal eta legitimoa ez onartzeko. Honek normalki funtzionatu izan balu, inbestidura egiteko denbora edukiko genuen.

Hauteskunde kanpainan «Puigdemont edo Puigdemont» zenioten.

Eta hala pentsatzen dugu oraindik. Inoiz ez dio uko egin presidente izateari.

Baina Presidentetza Legea erreformatu eta Konstituzionalak Madrilen helegitea onartu ondoren, hura telematikoki inbestitzeari uko egin diozue.

Inbestidura telematikoarena kontu trantsiziozkoa da. Inbestidura telematikoa egin genezakeen, eta, gure esku soilik egon izan balitz, egingo genukeen. Baina kontua da 155.aren indargabetzea Espainiako instituzioen esku dagoela. Haiek esana zuten ez zutela izendapena sinatuko.

Gobernua edukitzea lehenetsi duzue.

Gobernu bat egiteko presio bat eta behar bat zegoen, eta behin-behineko bat osatu dugu. Denbora irabazi dugu, nolabait.

Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak lehengo astean BERRIAri esan zionez, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideek desobedientzia administratiboko ekintza bat egiteko prest egon beharko lukete, nahiz eta inhabilitatuak izan.

Mahaiak ez du inolako rolik inbestidura saioan. Erantzukizuna parlamentuko presidentearena litzateke. Berak [Roger Torrentek] eta bere alderdiak [ERC] argi utzi ziguten ez zutela bide hori nahi, eta guk, Junts Per Catalunya bezala, ezin genituen behartu. Azken finean, gainera, ez zuen bide luzeegirik egingo.

Kartzelatuta edo erbestean dauden kontseilari kargugabetuei gobernu berriko kide izatea eskaini die Torrak.

Berrezarpenarengatik apustu egitea da. Hori dio abenduaren 21eko bozen agindu herrikoiak.

Madrilek parlamentuaren mugimendu oro zainduko duenez, nola egin daiteke errepublika?

Torrak azaldu izan du, instituzio autonomikoak hainbat eremuren artean beste eremu bat direla helburu horretarako. Garapen errepublikanorako hiru bideetako bat dira. Hemen ikusi ahal izan dugu errepublika ez dela soilik instituzioetatik egiten; batzuetan nagusiki ere ez da horietatik egiten. Erbestetik egingo da, eta herritarrek osatutako oinarritik. Zentzu horretan, ez dugu ezer asmatu. Independentzia lortu duten munduko hainbat herrialdek ez zituzten ez instituzio autonomiko batzuk, ez parlamentu bat, independentziara iristeko. Mugimendu honek duen indar politikoak marko instituzionalak gainditzen ditu.

Europan ari zarete babesa bilatzen. Aipatutako legitimitate falta hori igartzen al dute han?

Terreno asko irabazten ari da, eta estradizioen kontuarekin ulermen handia eta izen ona lortzen ari da. Hori, aurrera egin ahala, geroz eta nabarmenagoa izango da. Gerta daiteke erbestean dauden gobernuko kideak aske geratzea definitiboki, haien kontrako estradizioa ukatu dutelako. Ondoren, norbaitek azaldu beharko luke nola mantentzen dituzten bederatzi preso politiko espetxean. Delitua iguala denez, nola eusten zaio horri Europako markoan? Arrakala bat da Espainiako Estatuaren nazioarteko legitimitatean, eta oraindik hazten jarraitzen du horrek.

Puigdemontek eta Torrak ez dute baztertzen urriaren 27tik aurrera berriro hauteskundeetara deitzea. Legitimazio are handiagoa lortzeko?

Herriak berriro hitza har dezan, aurrekoetako emaitza, nolabait, legez kanpo utzia izan ondoren. Guk ez diogu inoiz muzin egingo tresna horri. Hautetsontziak dira gure arma indartsuena. Iruditzen zaigu egoerak okerragora egin dezakeela, eta, bozak berriro deituta, herritarrek berriro eman ahal izango lukete haien iritzia.

Madril 155.a kentzekotan da, baina Generalitatearen kontuen kontrola edukitzen jarraituko du. Espero zenuten?

Bai. Instituzioen errekuperazioa ispilatze bat izan daiteke. Ezin dugu egintzat eman inbestidura bide baten amaiera izan denik. Zirkunstantzia hauetan ezin da lau urteko legegintzaldi bat planteatu.

JPS Junts Pel Sik hemezortzi hilabeteko prozesu baten ondoren aldarrikatu nahi izan zuen independentzia aurreko legegintzaldian.

Fase garrantzitsu bat bukatu dugu, eta ondorioak ateratzea inportantea da. Helburua erreferenduma denean, normala da egutegi bat ezartzea.

Baina independentziarentzako egutegi bat ere jarri zuten.

Zuk planteamendu hori egiten duzunean, ez dakizu, zehatz-mehatz, nolakoa izango den errepresioaren maila.

Aurreikus zitekeen?

Bai.

Epe luzera begira jarri zarete?

Epe motzera, errepresioaren kontrako erresistentzia eraginkor batean zentratu behar dugu. Testuinguru hau baliatu behar da gatazkaren nazioartekotzea hauspotzen jarraitzeko. Bestela, lehen egunean ez dago eperik jartzeko beharrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna