Noiz sortua: 2014-06-26 00:30:00

Ainhoa Beola. EH Bilduko ordezkaria Kutxan

«Bankarizazioaren ituna itxita daukatela ikusi dugu bileran»

Xabier Iturbe Kutxako presidenteak eta EH Bilduk ez dute akordiorik lortu. EAJk, PSEk eta PPk ez dute onartu «kutxen kontrol publikoa bermatu eta pribatizazioa saihesteko» eskaera, koalizioaren esanetan.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2014ko ekainak 26
EH Bilduk ez du lortu BBK eta Vital banku fundazio bihurtzeko bide orria gelditzerik. Jarrerak hurbiltzeko bilera zirudiena, azkenean, lubakiak nabarmentzekoa bihurtu zen atzo. Kutxako administrazio kontseiluko sentsibilitate ezberdinen arteko bilerara akordiorako hiru proposamen eraman zituen EH Bilduk, baina gainontzekoek ez zuten onartu. Bertan izan zen Ainhoa Beola, Kutxako administrazio kontseiluko kide eta koalizio abertzaleko kidea, eta azaldu du itunerako zein zen aurkeztu zuen lehen baldintza: datorren astelehenean BBK eta Vital banku fundazio bihurtzeko egingo dituzten batzarretako bozketak bertan behera lagatzea. «Baldintza hori ezinbestekoa bada, esan zidaten ez dagoela aukerarik, Bizkaian eta Araban hartu duten bidean eragiteko gaitasunik ez dutela argudiatuz».

Astelehenean BBK eta Vital banku fundazio bihurtzen badira, «azken hamarkadetan egin den lapurreta handiena izango da», koalizioaren ustez. Beolak nabarmendu du hiru kutxak direla Kutxabanken jabe, eta hiruren artean bideratu behar dela prozesua, «baina ez diote horri eutsi nahi». Halere, astelehenean «erantzukizunez jokatzeko» eta atzera egiteko eskatu die EAJ, PSE, PP eta CCOOri.

Herenegun, iragarri zenuten «banku fundazioetarako urratsa egiteko prest» egongo zinatekeela «azterketa juridikoek beste aukera guztiak» baztertuko balituzte. Oraindik ere eusten diozue jarrera horri?

Edozein pauso emateko lehen baldintza BBK eta Vitalen prozesuak gelditzea da. Bigarrena, lege esparrua guztion artean adostea: ez bakarrik EAJk eta PPk adostu duten banku fundazioen legea, dagoen legediaren azterketa juridikoa egitea baizik. Hirugarrena da, behin azterketa juridikoak eginda, dauden aukerak denok aztertu eta adostea. Eta laugarrena da, baina laugarrena, bestelako irtenbiderik ez balego, hiru kutxen artean fundazioena nola egin adostu beharko litzatekeela, betiere kontrol publiko eta sozial hori bermatzeko.

Horrek esan nahi du ez zaudetela erabat ziur derrigorra ote den banku fundazio bihurtzea?

Gu ehuneko ehunean ziur gaude ez dela beharrezkoa. Banku fundazioen legeak 35.2 artikuluan dio patronatu bilakatzeko bestelako eredu bati eutsi nahi baldin bazaio jakinarazi behar dela abenduaren 29a baino lehen. Orduan, hasteko, EAJk eta PPk adostutako lege hori benetan bai ala baikoa da? Zalantzak ditugu, eta Europako legedia begiratzen ari gara.

Zirrikitu legal bat bilatzen ari zarete, baina oraindik ez daukazue eskuan zirrikitu hori kutxak banku fundazio bihurtzea ezinezkoa dela ziurtatzeko?

Etengabe esaten ari dira ezinbestekoa dela prozesua. Horretarako, banku fundazioen legea aipatzen dute, baina Europan bestelako aukera juridikoak erabiltzen ari dira; Alemanian eta Frantzian, kasurako. Bankarizazio prozesuak izan ziren, eta orain atzerako bidea egiten ari dira, eta hori Europako markoak ahalbidetzen du. Hori aztertu beharko litzateke.

Banku fundazioen prozesuko epeak urte amaierara arte luzatuta, zer lortuko litzateke? Posible ikusten duzu prozesua atzeratzea BBKn eta Vitalen?

Bileran esandakoagatik, ituna itxia dago. Baina guk dei egin diegu astelehenean bozketara ez dezaten eraman bankarizazioarena. Kasu horretan, hiru kutxetako gobernu organoek adostu dezagun esparru juridiko orokorrean zer aukera dauden, ez erkidegokoan eta estatalean bakarrik. Behin bidea adostu ostean, aktibatu beharko lirateke euskarri legalak. Balio ez duena da euskarri legal batzuk aktibatu eta horren baitan egitea prozesu guztia. Kontrakoa da.

Halere, ziurtzat jotzen da astelehenean banku fundazio bihurtuko direla BBK eta Vital.

Ez da inolako interesik izan, ezta Gipuzkoan ere, akordiorik lortzeko. Kutxabanken jabeak hiru kutxak dira, eta ez ditugu nahi pribatizazio bidean, ez kutxak eta ez Kutxabank. Eta, horretarako, hiru kutxen arteko eztabaida bat ireki behar da.

Ezinezkoa dirudi orain.

Hilaren 30era arte zain egon beharko dugu. Guk berriro eskatu diegu EAJ eta PSEri eten dezatela bide hau. Hartu beharreko erabakiek hiru lurraldeei eragin beharko lieke; beraz, hiru aldundiei eta Jaurlaritzari. Eta erakunde publiko bat sortu beharko litzateke. Espero dezagun esaten duten hori ekintzen bidez gauzatzea; hau da, herritarrei begira ari direla lanean. Sekulako aukera daukate hilaren 30ean hori horrela den ala ez frogatzeko.

Jaurlaritzak esan du Kutxa banku fundazio bihurtzeko eskumena duela. Puntu horretara iristeko aukera ikusten duzu?

Jaurlaritzak, ezer baino lehen, azaldu behar luke zergatik ez duen Eusko Legebiltzarrean aurkeztu kutxen legea, eztabaidatzeko eta balizko aldaketak egiteko.

Kutxen inguruko eztabaida politikoa asko gaiztotu da. Batetik, Eusko Legebiltzarrean Javier Carro jeltzaleak esan zuen «Batasunaren mundua», euskal kutxa batetik gertuen egon denean, «su emateko» egon dela. Bestetik, asteburuan Kutxabanken sukurtsal baten kontrako erasoa «sortutako alarma sozialarekin» lotu du EAJk.

Jaurlaritzak berriro ezkutuan laga nahi ditu alarma soziala eragin duten jarduerak, EAJk, PPk eta PSEk hiru kutxetan eta Kutxabanken egindakoak. Ehun industrialean dituen akzioak saltzen aritu da Qatarrera, Arabiar Emirerri Batuetara... Kutxabankek 2013an 266 enpresatan zituen akzioak, baina Mario Fernandezek iaz iragarri zuen 2015erako gehienez 100 enpresatan izango dituela. Hori gizartea informatu barik egin da, eta bada alarma soziala pizteko arrazoi bat, Jaurlaritzak ezkutatu nahi duena.

Badira arrazoi gehiago?

Bai. Hiru kutxetan gizarte ekintzetara gehienez %25 bideratzen ari dira, legeak behartzen dituela esanez. Baina legeak, gomendio hori, diru publikoz erreskatatutakoentzat egiten du, eta ez da hori Kutxabanken kasua. Azkenik, benetako alarma honek piztu du: Kutxabanken IRPH indizea ez eteteak eta desjabetzeen kasuan zorra etxearen truke kitatzen ez duen estatuko finantza erakunde bakarra izateak. Haien jarduerek sortu dute egonezina gizartean, eta hori ezkutatzen ari dira.

Jarrerak elkarrengandik oso urrun daude. Badago korapiloa askatzeko modurik?

Aurrera egiteko oinarrietako bat izan behar da herritarrei eta herri izaerari begiratzea, oligarkei, interes ekonomikoei eta eliteei begira aritu beharrean. Herrigintza eguneroko jarduerarekin egiten da, edo desegin egiten da. EAJ, PSE eta PP Madrili begirako herrigintza bat egiten ari dira, ez Euskal Herriari begirakoa. Hori gainditzen duten momentuan, bai oro har eta bai Kutxabanki dagokionez, urratsak egingo ditugu. Horregatik, dei egiten diegu beste bide bati ekin diezaioten hilaren 30etik aurrera ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna