Mari Jose Aranguren. Orkestrako zuzendaria

«Gobernu politiketatik lurralde politiketarako urratsa egin behar da»

Lehiakortasunerako Euskal Institutuak gizarte «dualerantz» joateko arriskuaz ohartarazi du azken txostenean. Lehiakortasunari buruzko datuak, batez beste, onak direla dio; ez, ordea, gizarte adierazleak.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Arnaitz Lasarte

2015eko uztailak 14
«Ezin da politika desberdin bat martxan jarri enpresa bakoitzarentzat. Ezta politika bakar bat guztientzat ere». Orkestrak argitaratu berri duen txostenaren arabera, askotariko egoerak daude euskal enpresen artean: batzuk berrikuntza apustuei heltzeko prest daude; beste batzuek, ordea, bestelako laguntzak behar dituzte. Lehiakortasun politikak bi errealitateetara egokitu behar dira, Orkestrako zuzendari Mari Jose Arangurenen esanetan (Urrestila, Azpeitia, 1969). Arangurenek elkarlana hitza aipatzen du behin eta berriz.

Lehiakortasunari buruzko aurreko txostena 2013an argitaratu zenuten. Orduan baino hobeto al dago euskal ekonomia?

Guk egindako txostenean, alde argiak eta ilunak jaso ditugu. Alde batetik, lehiakortasun ekonomikoari bere hutsean begiratzen dieten aldagaiak daude. Horiei begiratuta, ondoriozta dezakegu krisiak astindutxo bat eman digula, baina oraindik Europako berrehundik gora eskualdeen artean lehen 30etan gaudela; biztanleko errentaren edo ekoizpen adierazleetan, adibidez, ondo gaude. Ekonomia eta gizarte egoera, baina, ezin dira bereizi, eta gizarte adierazleak kezkagarriak dira: langabezia tasa altua da, herritarren artean desberdintasun handiak daude... Arlo horretan, 160. postu inguruan gaude. Horrek esan nahi du arriskua dugula gizarte dual baterantz joateko.

Gizarte adierazle kezkagarri horiek zer nolako eragina dute ekonomiaren garapenean?

Zalantzarik gabe, ekonomiarentzat ona da gizarte adierazle onak izatea. Langabezia tasa handitzen denean, inbertsioak egin behar dira laguntza sozialetan. Horrek esan nahi du bestelako inbertsioak murriztea. Horrez gain, gizarte batean beti da ona enplegua sortzea; enplegua duten pertsonak motibatuago daude, eta hori positiboa da ekonomiaren garapenerako. Eta alderantziz. Ekonomia ondo doanean, errazagoa da gizarte garapenean pausoak ematea. Elkar lotuak daude.

Txostenaren arabera, enpresen artean hainbat errealitate daude. Askok galerak dituzte.

Askok beren zorpetzea jaitsi egin dute, eta hori seinale ona da. Errentagarritasun ekonomikoari dagokionez ere adierazle txukunak ditugu. Baina hori batez besteko datua da. Enpresen herenak oraindik galerak dituzte. Oro har, ikusten dugu hazkunde ekonomikorako aurreikuspenak daudela eta gure enpresak ondo daudela, baina guztiak ez daude egoera horretan. Aukera ikusten dugu inbertsio eta hazkunde politikei heltzeko. Gure erronka nagusia enplegua sortzea da, eta, horretarako, garrantzitsuak dira hazkunde politikak. Baina ez ditugu ahaztu behar larriago dauden enpresak. Horientzat bestelako politikak bultzatu behar dira.

Enpresa dezente larri daude, baina datu baikorrak ere nabarmendu dituzue.

Bai, 2014a inflexio puntua izan da. Esportazioetan, beste herrialdeak baino gehiago hazi gara. Atzerri inbertsioa ere suspertu egin da. Eta adierazlerik nabarmenena: gai gara produktibitatea handitzeko aldi berean enplegua sortuta. Askotan, langileak kaleratuta hazten da produktibitatea, baina hori ez da ona. Espainian enplegua sortzen ari da, baina produktibitatearen hazkundea negatiboa da. Horrek esan nahi du lanpostuen kalitatea ahulagoa dela.

Enpresen tamainari buruzko gogoeta bat ere egin duzue. Enpresa txikiek zailtasun gehiago al dituzte lehiakorrak izateko?

Ikusi dugu enpresa txikiek mugak dituztela zenbait alorretan urratsak egiteko. Hemengo enpresak kanpokoak baino txikiagoak dira, oro har. Hori ona da, edo txarra? Enpresa txikiek ere, noski, badauzkate abantailak. Malguagoak dira, adibidez, erabakiak azkar hartzeko. Baina datuek erakusten dute enpresa handiek ertainek baino emaitza hobeak dituztela lehiakortasunari dagokionez, eta ertainek txikiek baino hobeak. Tamainak zenbait abantaila ematen ditu. Hainbat sektoretan lehiakor izateko, garrantzitsua da gutxieneko masa bat izatea. Aztertu behar da txikiek dituzten hainbat muga gainditzeko zer egin litekeen. Lankidetza bultzatzea da aukeretako bat. Enpresa txiki batek agian ez du gaitasunik bere kasa ikerketan inbertitzeko, baina beste eragilerekin batekin bai.

Aukeren artean, enpresak handitzeko neurriak aipatzen dituzue. Hori litzateke konponbidea?

Ez beti. Sektorez sektore, kasu desberdinak daude. Kasu batzuetan, fusioak egitea izan daiteke konponbidea, baina horrek ez du esan nahi denen fusioak bultzatu behar direnik. Estrategia bat baino gehiago landu behar dira. Izan daiteke kluster batean lankidetzan aritzea, enpresa handi eta txikien arteko elkarlana bultzatzea edo esportaziorako partzuergoak osatzea, elkarrengandik ikasteko. Ez dago formula bakarra, eta konponbidea ez da besterik gabe tamaina handitzea. Elkarlanean sakondu behar da.

Egokiak al dira erakundeek orain arte martxan jarritako berrikuntza programak?

Berrikuntza politika askoren bezeroak enpresa handi eta ertainak izan dira orain arte. Aztertzen badugu berrikuntza edo nazioartekotze programetara nor aurkezten den, antzeko enpresak dira beti. Horrek erakusten du politikak egokitu egin behar direla, enpresa txikien lehiakortasunerako erronkei aurre egiteko. Egin dugun beste hausnarketa bat da enpresa txikientzat gertuko eragileak garrantzitsuak direla: lanbide heziketako zentroak, garapen agentziak... horien bidez lotzen dira berrikuntza sistemetara. Agian, eragile horietara zuzendutako politikak indartu behar dira.

Beharrezko jotzen duzue berrikuntza teknologikoan sakontzea, baina baita bestelako berrikuntzetan ere. Zeinetan?

Hainbat berrikuntza mota daude. Produktuaren berrikuntza dago batetik, produktu berri bat egiteko gai izatea. Edo prozesuaren berrikuntza, zerbait ekoizterakoan azkarrago egiteko gai izatea edo material berriak sartzea. Bi arlo horietan ondo gabiltzala erakusten dute adierazleek; ez ordea, teknologikoa ez den berrikuntzan: adibidez, enpresa antolaketan, marketinean, langileen parte hartzean... Enpresa txikiek errazen egin ditzaketenak hain justu horiek dira. Berrikuntza teknologikoa egiteko baliabide txikiagoak dituzte. Idealena da enpresa batek biak indartzea. Prozesuaren berrikuntza bultzatzen bada, ziurrenik beharrezkoa izango da antolaketan ere aldaketak egitea.

Urratsak egin behar dira, zuen ustez, erakundeen arteko elkarlanean. Orain arte elkarlanak ez al du behar bezala funtzionatu?

Ez dugu esan nahi elkarlanik ez dagoenik, baina harago joan behar da. Gobernu politiketatik lurralde politiketarako urratsa egin behar da. Erakundeak harremanetan jartzeko eredu berriak behar dira. Adibidez, Jaurlaritzak energiaren sektorea bultzatu nahi badu eta Bizkaiko Aldundiak ere bai, ez al da zentzuzkoa biak elkarlanean aritzea? Horrek ez du esan nahi bakoitzak bere politika propioak izan behar ez dituenik. Bakoitzak bere zeregina du, baina besteekin koordinatuz gero, eraginkortasunean irabazten da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna