Eduardo Bruera. Zaintza aringarrietako medikua

«Pronostiko txar bat atzeman orduko, zaintza aringarrien garaia da»

Asteon zaintza aringarrietako profesionalak batu dira Gasteizen, alorraz gogoetatzeko; atzerriko adituen artean, leku berezia egin diote Bruera medikuari. Osasun sistemetan egiturazko aldaketak egiteko eskatzen du.

JUANAN RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Oraindik behar bezala txertatu gabeko zerbitzua dira zaintza aringarriak osasun sistema gehienetan. Alorreko profesionalek sarri askotan adierazten dute arrangura hori. Asteon Gasteizen egin duten Secpal bilkuran mezu hori ozendu dutenen artean egon da Eduardo Bruera medikua (Rosario, Argentina, 1955). AEB Ameriketako Estatu Batuetan dihardu gaur egun, Anderson Cancer Center ospetsuan, zaintza aringarrietako zerbitzuko buru.

Zer ikusten da zure lan ibilbideak ematen dizun talaiatik? Zaintza aringarriak zer-nola eskaintzen dira, oro har, egun?

Zaintza aringarrietan ari diren medikuetan, psikologoetan eta erizainetan, oro har, bokaziozko jarduna ikusten da: talentu handia. Tamalez, ordea, horrek ez du oihartzunik izaten medikuntza fakultateetako dekanoen, ospitaleetako zuzendarien eta osasun agintarien artean. Beraz, bada ongi prestatutako jendea, baina ez dute hori guztia erakusteko era aurkitzen beti. Paradoxa bat ikusten da hor; izan ere, profesional horiei esker, osasun sistemak, zortzi-hamar aldiz aurrez dezake urtean pertsona horien soldata. Osasun sistemak usu jotzen du botika konpainiei sendagai oso garestiak erostera, edo ia deusetarako balio ez duten prozedura inbasiboak erabiltzera; jo behar lukete, ordea, pertsonen bizi kalitatea oinarri duten zaintzak eskaintzera. Finean, zaintza aringarriak ezartzen badira, nabarmen murrizten da mediku artaren kostua. Baina liderrak hezi behar dira horretarako; zaintza aringarrietarako departamentuak eratzearen garrantzia barneratu behar dute: unibertsitate guztietan, mundu osoan.

Arazo orokor bat da?

Orain hamar urte, garbi esango nuke arazo globala zela: guztiz unibertsala. Gaur egun, ordea, toki askotan ari dira urratsak egiten: Erresuma Batuan, Kanadan, Ameriketako Estatu Batuetan... Horietan ikusi dute zer aukera handia dakarten zaintza aringarriek, eta ari dira ezartzen alorrarekin lotutako katedrak, eta ospitaleetan ere ugaritzen ari dira zaintza aringarrien unitateak.

Gasteizen egin duzuen topaketan Arinduz. Errukiz, irrikaz leloak batu zaituzte ehunka profesional. Gutxi erabiltzen da egun erruki hitza, baina zuen alorrean aldarrikatzen ari zarete...

Oinarrizkoa da. Errukia hauspotu behar da berriro, egun medikuntza ez baita gai ulertzeko pazientea pertsona bat dela. Gaixotasun baten moduan ikusten du pazientea. Zoritxarra da; baina gaixo bat osasun sistemarentzat da, adibidez, biriketako minbizi bat, hezurretarako metastasia ere izan duena. Pertsona gisa, ordea, gurasoa ere bada akaso, semea edo alaba... Errukia garatzen da, hain justu, jarduna gaixotasunaren inguruan ardazteari utzi eta pertsonei begira jartzen garenean.

Zer moduz prestatzen dira osasunaren alorreko profesional gazteak jardun horretarako?

Askotan, ez dago konexiorik zaintza aringarrien arloan diharduten profesionalen eta unibertsitatearen artean. Espainiako kasuan, adibidez, horrela da hori. Tamalez, ez dago konexiorik horretarako; fakultateetako arduradunek ez dituzte neurriak hartu katedrak eratzeko, unitate berezituak antolatzeko. Badira salbuespen bakanak, baina, oro har, ez dago lotura sendorik, eta horrek zaildu egiten du prozesua; gradu eta graduondoko ikasleei ez zaie iristen hau guztia. Bada beste arazo bat bat ere: normalean, bizitzaren azkenean bideratzen da pazientea zaintza aringarrietara. Ordea, gaixotasunaren prozesu osoan lagundu beharko litzaioke zerbitzu horien bidez; onkologoak edo kardiologoak tratatzen duten aldi berean tratatu behar lukete zaintza aringarrietako profesionalek ere. Pronostiko txarra atzeman orduko, zaintza aringarrien garaia da: gaur.

Hasiera-hasieratik...

Hori da. Pronostiko txarra duen gaitz bat atzematean, horixe da unea bateratzeko gaixotasunaren gaineko erabakiak eta pertsonari eman beharreko laguntza. Benetako erronka da hori, eta osasun arloko buruzagiek ikusi egin behar dute. Esan dut lehen ere, benetako paradoxa dago hor: zaintza aringarrietan pazienteak artatuta, horiek nabarmen egiten dute hobera, eta, gainera, diru asko aurrezten da. Beraz, alde klinikoan eta etikotan onura handia da; alde ekonomikoan ere bai.

Beraz, arloa bizitzaren amaierarekin lotzeari utzi behar zaio?

Zaintza aringarriak ez dira tratamenduren ordezko; gaixoari eta haren sendiari laguntzeko era integralaren zati bat dira. Gainera, kontuan hartu behar da gaitzen aurrean ere egoera asko daudela: hainbat tumorek mina eragiten dute, eta beste hainbatek ez; gaixo batzuek depresiora jotzen dute, eta beste batzuek ez... Zaintza aringarriek halakoak arintzen eta prebenitzen laguntzen dute.

Eutanasiaren despenalizazioari buruzko mahai inguru batean parte hartu duzu. Espainiako Kongresuan, esaterako,eztabaidagai dago gaia gaur egun. Beharrezkoa iruditzen al zaizu?

Benetako arazoari ez begiratzeko nahia ikusten dut horren atzean: guztiok hilko gara, eta gehienok, gainera, gaixotasun nahiko luze baten ondorioz. Jende portzentaje txiki baten nahia izaten da, ordea, hiltzea: jende gehienak bizi egin nahi du. Kontua da ahalik eta gehien bizitzen laguntzeak inbertsioa eskatzen duela, planifikazioa, konplexutasuna... Askotan, horren aurrean, hori bigarren edo hirugarren tokian uztea dakarten debateak sortzen dira, eta, nire ustez, gainera, horixe interesatzen zaie politikariei. Baina, nire ustez, benetako galderak bestelakoak dira. Zergatik ez ditugu zaintza aringarri onak? Zergatik ez ditugu alorrean katedrak? Zergatik ez dugu profesionalik pazienteei laguntzeko?

Zure ustez, profesional gazteak ez dira arloan trebatuta irteten lan mundura. Nolako ikasketa prozesua sustatu behar litzateke?

Hori ez da ikasten diapositibekin egindako bi aurkezpenekin. Ortopedian eta kardiologian bezala, jardunean ikasten da hori ere; besteek nola egiten duten ikusiz, eta eginez. Baina, jakina, ez badituzte zerbitzu onak eskura, profesional onak, bada, gazteek ere ez dute ikasiko. Ahalegina egin behar da horretarako egiturak antolatzeko; egiturarik gabe, ez dago prozesurik, eta, prozesurik gabe, ez dago emaitzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.