Pedro Rojo. Al-Fanar fundazio arabistako presidentea

«Estatu Islamikoaren basakeriak Irakeko Estatuak egindakoekin konpara litezke»

Rojoren ustez, Iraken sektarismoa gaindituko duen akordio politiko bat lortzea da herrialdea salbatzeko konponbide bakarra. Hagitz kritikoa da egungo gobernuarekin eta AEBen eta Iranen esku hartzeekin.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 21
Irakeko eta, oro har, Ekialde Hurbileko errealitatea hurbiletik ezagutzen du Pedro Rojo arabistak (Madril, 1973). Arabiar gaien ezagutzarako Al-Fanar fundazioko presidentea da, eta Espainiako CEOSI Iraken Subiranotasunaren Aldeko eta Okupazioaren Kontrako Estatu Kanpainaren Ekialde Hurbilerako koordinatzailea izan zen 2008-2011 artean. Azkenekoz uztailean izan zen Iraken, EI Estatu Islamikoaren erasoaldia hasi eta hilabetera. Sirian sartzen ere saiatu zen, Turkiako mugatik Alepora, baina ez zuen baimena lortu. Donostian izan berri da Irakeko egoerari buruz hitzaldi bat ematen, Komite Internazionalistek gonbidatuta.

Iraken hiru emaitza posible ikusten dizkiozu krisiari: Siriako egoera errepikatzea, herrialdea zatitzea edo irtenbide politiko bat lortzea.

Oraingoz, badirudi Siriako agertokia ez dela Iraken errepikatuko. Sirian hiru eragile argi daude: Al-Assaden erregimena, Estatu Islamikoa edo Daex (Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoaren akronimoa), eta matxinoak. Gerra trabatuta dago matxinoak eta Daex elkarren aurka ari direlako borrokan. Gaur egun, erregimena da eragile azkarrena. Matxinoek 20.000 gizon galdu dituzte soilik Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Iraken ez da hori gertatu, matxinoek irailean erretiratzea erabaki zutelako. Urtarriletik ari ziren Bagdadeko erregimenaren aurka borrokan, baina orain ez haren, ez Daexen aurka ez egitea erabaki dute. Uste dute Siriako matxinoek bezala Daexen aurka borrokatuz gero, Estatu Batuen mertzenario bihurtuko direla. Horrek kalte eginen lioke matxinoen azken helburuari: sektarismorik gabeko botere banaketa bat lortzea.

Nortzuk dira matxino horiek? Herri matxinada batez mintzo zara.

Guztia 2011ko otsailaren 25ean hasi zen, Siriako iraultza hasi baino lehenago. Irak osoan egin ziren manifestazioak ustelkeriaren eta sektarismoaren aurka eta zerbitzu publikoen alde, xiiten gotorleku omen den hegoaldeko Basora hiritik, Kurdistango Sulaimaniyara iparraldean. Mugimendua handituz joan zen; beti protesta baketsuak ziren, Tunisiako estilora: lelo berberak, plazen okupazioa... Protesta horiek odolarekin zanpatu zituen gobernuak, eta gehienbat Hawijako kanpamentuko sarraskia [2013ko apirila, dozenaka hildako] mugarri bat izan zen. 2013ko urte bukaeran, protestetan parte hartu zuten gazteek, tribuek eta amerikarren aurkako erresistentzia armatuko fakzio batzuek Iraultzaren Kontseilu Militarra osatu zuten. 2014ko urtarrilean, Falluja hartu zuten.

Eta, egoera horretan, nola azaldu Estatu Islamikoa hain agudo eta hain indartsu agertzea?

Badaukate amerikarren aurka hamar urteko borrokan esperientzia daukan jendea, eta baita okupazioaren aitzineko armadan ofizial zirenak ere, baina Iraken hirietatik kanporatu zituzten, eta Mosulen eta Siriako mugaren arteko lurraldean zeukaten presentzia. Egiatan hazi diren tokia Siria izan da, eta hor galdetu beharko genuke nola lortu duten lehendik ere hainbertze talde zeuden toki batera ailegatu eta eragile nagusi bihurtzea. Baina hagitz garrantzitsua da ulertzea ezberdin egiten dituena haien izaera erabat burugabea dela. Irakeko soldadu bat ez dute borrokarako prestatu, barneko ordena mantentzeko baizik: isilik egon, bere dirua jaso, saltokiko atsoari jazarri, haren semea bahitu eta bertzea torturatu, hori erakutsi diote. Noski, hiltzeak bortz axola dion jende hori ailegatzean, gainera arma aurreratuekin, soldadu horrek hanka egiten du.

Zaila da konspirazioetan ez pentsatzea.

Irakiarrek hori uste dute. Zeini egin dio mesede Estatu Islamikoa agertzeak? Alde batetik, Baxar Al-Assadi, argi eta garbi; bertzalde, Irakeko Gobernuari. Abuztuan matxinoak Bagdadera bidean zeuden; hiriburua erortzear zegoen. Baina, bat-batean, Estatu Islamikoa jasanezin paratu zen, eta iparraldean Arbilerantz jo zuen, jakinda ezin zuela inolaz ere hartu, eta, jarraian, kristauen eta yazidien sarraskiena egin zuten. A ze kasualitatea! Orduan, Estatu Batuek esku hartu zuten, baina ez soilik Daexen aurka, baita Bagdad inguruan zeuden matxinoen aurka ere. Gobernua salbatu zen, eta horrek ez zuen beharrik sentitu akordio politiko bat egiteko.

Akordioa lortzeko, ordea, sektarismoa ez al da ailegatu konponbiderik ez duen puntura?

Igarotzen den segundo bakoitzeko, puntu hori gero eta hurbilago dago. Bideo bat bidali zidaten lehengo astean; bertan, Kata'ib Hezbollah milizia xiitako kideak ageri dira ustezko arerio batzuei moztutako buruekin jolasean. Estatu Islamikoaren basakeriak Irakeko Estatuak egindakoarekin aldera litezke. Gauza bat ulertu behar da: zergatik Daexek dauzkan eremuetan jendeak ez du haren aurka borrokatu nahi? Zein da alternatiba, sei hilabete lehenago aurka egin diezun Iranek kontrolatutako milizia xiitak bueltatzea? Jendea bahitzen duten indar armatuak, gero 90.000 dolarreko erreskatea eskatu eta, gainera, senidearen gorpua itzuli. Panorama horrekin, inork ez dio aurre eginen Daex bezalako etsai izugarri bati. AEBen estrategiak, epe motzean, ez du balio izan Estatu Islamikoa ahultzeko. Esku hartu baino lehen, ez dute ziurtatu bertako jendearen babesa. Iraki burujabetza errespetatu behar zaio, eta utzi hark nahiko lukeen bezala Daexi aurre egiten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna