Enrique Castello. Konplutentseko Ekonomia katedraduna

«Kutxak sortu zireneko printzipioei eustea da kontua»

Hego Euskal Herrian, aurrezki kutxak desagertu ziren, bai behintzat izaera juridiko horrekin. «Iparra ez galtzeko» eskatu du Castellok, uste baitu haien funtzio sozialari eustea posible dela banku egituran ere.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Miren Garate -

2015eko maiatzak 22
Espainiako Bankuak banku fundazioen gainean hartzen dituen erabakiek «aurrezki kutxen espiritua» mantentzen laguntzea espero du Enrique Castello Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ekonomia katedradun eta Europako aurrezki kutxen ikertzaileak. Banku sozialaren rola sustatzeko eskatu du, «gizarteak finantza erakunde arduratsu, iraunkor eta solidarioak» nahi dituelako. Donostian izan zen larunbatean, euskal ekonomiari buruzko lehen biltzarrean.

Espainian, finantza negozioaren erdia izatera iritsi ziren aurrezki kutxak. Zerk eraman ditu desagertzera?

Negozioaren erdia izan zuten, hain zuzen, sortu zireneko printzipioak mantendu zituztelako, baina batez ere kudeaketa onagatik. Kudeaketa akatsek desagerrarazi dute aurrezki kutxen eredu tradizionala, batik bat gobernantza korporatibo ahulak, baina baita gainbegiratze eta erregulazio faltek ere. Hala ere, ez dago zalantzarik: estrategiarik onena aurrezki kutxa izaten jarraitzea da.

Aurrezki kutxa izaten jarraitzea dela egokiena diozu, baina jada ez dira existitzen bere horretan. Izaera juridikoak ez du inporta?

Hori da. Iparra mantentzea da kontua: erakundeak sortu zireneko printzipioei eustea, gizarteak banku arduratsu, iraunkor eta solidarioa eskatzen baitu.

Fundazioen bidezko gizarte ekintzari etorkizunik ikusten diozu banku pribatuak nagusi diren eremu batean?

Banku bakoitzaren kudeaketa gaitasunak baldintzatuko du hori; ikusi beharko da ea zenbateraino diren gai fundazioaren gizarte funtzioa elikatzeko. Ez dezagun ahaztu: aurrena, irabaziak behar dira, eta horrekin indartzen dira baliabide propioak eta bideratzen da dirua gizarte ekintzara. Horregatik esaten dut aurrezki kutxen espirituari eutsi behar zaiola. La Caixak, adibidez, 2008tik 2015era kopuru bera jarri du urtero gizarte ekintzarako: 500 milioi.

Euskal Herrian ez, baina aurrezki kutxek bizirik jarraitzen dute Europan. Zein ezaugarri dituzte?

Dibertsitate handia dago, ezin da esan aurrezki kutxen Europako eredurik dagoenik. Izaera juridikoari dagokionez, esaterako, kreditu kooperatiba bihurtu dira kutxak Frantzian; Alemanian, orain artean Espainian zegoenaren antzeko eredua da nagusi; beste herrialde batzuetan, sozietate anonimo gisa daude egituratuta, eta, besteetan, sozietate publiko gisa. Izaera juridikoaren gaineko hetereogeneotasun hori gorabehera, hiru oinarrizko faktore daude Europako aurrezki kutxetan: finantza funtzioa, funtzio soziala eta lurralde kohesioaren funtzioa betetzen dituzte. Hau da, aurrezkia sustatu ahala, tokian tokiko garapenean lagundu dute, eta gizarte ekintzan sekulako lana egin dute.

Behin eta berriz errepikatu izan da Europako Batasunak ez dituela aurrezki kutxak baimentzen; ez, behintzat, ezagutu ditugun moduan. Orduan, nolatan jarraitzen dute Europan eta hemen ez?

Ez da egia Europako Batasunak aurrezki kutxak debekatzen dituenik. Europan, bi irizpide dira nagusi: dibertsitatearen irizpidea da bat, eta esaten du banku negozioa egiteko eredu ezberdinek egon behar dutela; beste irizpidea da defendatu behar dela banku sozial izenez ezagutzen den eredua.

Esango zenuke krisia aitzakiatzat erabili dela aurrezki kutxak desagerrarazteko?

Ez nuke hainbeste esango. Emaitzetan neurtzen da enpresen kudeaketa. Finantza erakunde bat ez bada errentagarria, arriskuak ditu etorkizunari begira. Eta Espainian, parte batean, aurrezki kutxek eragin dute krisia. Beste batzuek ondo egin dituzte gauzak, eta hor jarraitzen dute; kapital exijentziak betetzen dituzte, kaudimena dute, eraginkorrak dira, eta errentagarriak. Noski, berregituraketak guztiei eragin die, eta jada ez dute aurrezki kutxa izendapena, baina negozioaren ikuspegitik hor segitzen dute, arazorik gabe.

Gehiegizko politizazioa egon da?

Erabakiak hartzen dituztenek interes partikularrak lehenesten badituzte, eta erabaki okerrak hartzen badituzte, aurrezki kutxen sorrerako printzipioak galtzen dira. Erakunde batzuetan, egon da, bai, kudeaketaren politizazioa kudeaketaren profesionalizazioaren ordez. Batzuek, aurrezki kutxa izan beharrean, banku izan nahi zuten, eta banku bihurtu dira azkenean.

Ondo egin da aurrezki kutxak erreskatatuta?

Herrialde mailako krisi bat saihestu genuen, nahiz eta trukean banku sistema bat erreskatatu behar izan dugun. Aurrerantzean, krisiei aurrea hartu behar zaie, ez ditzaten krisiaren kostuak ordaindu zerga ordaintzaileek .

Europako Batasunak bankuak gainbegiratzen ditu gaur egun. Egoki deritzozu?

Bai, Europako Banku Batasuna sortu izana eta gainbegiratzeko mekanismo bakarra egotea berme handia dira etorkizuneko krisiak saihesteko.

Finantza sistemaren berregituraketaren ondorioz, erakunde askoz gutxiago geratzen dira, eta geratzen direnak handiagoak dira. Esango zenuke banku handiak izan direla krisiaren garaile nagusiak?

Denborak esango du hori; handiago izateagatik ez dute zertan errentagarriago izan.

Kreditu kooperatiben erreforma ere ari da prestatzen Espainiako Gobernua. Beharrezko ikusten duzu?

Kreditu kooperatiben eredua ere oso demokratikoa, parte hartzailea eta lurraldeari lotutakoa da, eta estimu handiko lana egiten dute gizartearentzat. Ukitu batzuk egin daitezke mesederako bada, baina nik uste dut bere horretan jarraitu behar dutela. Ez naiz gehiegizko erregulazioaren aldekoa, horrek kostu bat baitu. Legeak hobeto egin behar dira; hori da bidea.

Zer iruditzen zaizu finantza sistemaren berregituraketa?

Erakunde batzuk gai izan dira nazionalizatu eta bi urtera kudeaketari buelta emateko. Gai bagara akatsetatik ikasteko, uste dut finantza sistema sendoagoa izango dugula. Momentuz, estres testek erakusten dute hobeto gaudela. Baina nik eman nahiko nukeen mezua da dinamizatu eta sustatu egin behar dugula banku sozialaren papera, gizarteak hala eskatzen duelako.

Finantza erakundeetako erabiltzaile gisa, zer ikasi dugu guzti honetatik?

Ikasgaietako bat izan da finantza kultura hobetu behar dugula, eta uste dut eskolatik bertatik hasi behar dugula horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna