Kolonbia. FARC-EPren armagabetzea. Felix Antonio Muñoz Lascarro, 'Pastor Alape'. FARC-EPko Idazkaritzako kidea

«Armak ematea konpromiso ekintza bat da herriarekiko»

Armategirik sofistikatuena izanda ere, ezin da ezer lortu, Pastor Alaperen ustez, herrian sustraituta egon ezean, eta armagabetzea ez da FARCen amaiera, Kolonbiarentzako aro berri baten hasiera baizik.

Jon Artano Izeta.
Bogota
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
«Basoko lurrinen eta melodien» mira du Pastor Alapek (Puerto Berrío, Kolonbia, 1959). Oihanekoa bezain neketsua zaio bizimodu zibila. Badaki, ordea, ez dagoela atzera bueltarik. Hemendik aurrera, armarik gabe, gerrillariak politikan segiko dute, baina hitz hutsez. Horrenbestean «FARCek sorreratik izan duen helburua» beteko duela dio. Eta eginahalak egingo dituztela herritarren parte hartzea sustatu, eta «prozesua babesteko». Lan zaila dute, eta azkar egin beharrekoa, giroa gaiztotzen ari delako 2018ko hauteskundeak hurbildu ahala, eta bake prozesua kanpainarako erabiltzen ari baitira.

Juan Manuel Santos presidenteak esan du FARCen amaiera hasi dela.

Hau ez da amaiera; Kolonbiarentzako garai berri baten hasiera baizik. Bakea eraikitzeko ardatza ez da armak ematea. Ardatzean, herrialdeak behar dituen transformazioak daude. Biolentziaren kausak atzean uzteko derrigorra da eraldaketa hastea.

Zuk eman al duzu armarik?

Nire fusila caleta [zulo] batean dago. Armak emanez gero, fiskaltzak ez liguke gerrillari kideak dauden trantsizio guneetara sartzen utziko. Horregatik, idazkaritzakook azkenak izango gara armak ematen.

Ez zaudete eroso sortutako ikusminarekin.

Komunikabideak eta bakearen kontrakoak, urduri daude ez dutelako show-rik izan. Armak uztea ez da instant bakar bateko kontua, ia etenik gabe ari gara horretan otsailaz geroztik. Hara: armak erreminta garrantzitsua ziren erresistentziarako, baina munduan ez da izan gerrillarik ekintza militar hutsez nagusitu denik. Armategirik sofistikatuena izanda ere ezin da ezer lortu herrian sustraituta egon ezean. Garrantzitsuena, guretzat, herria da. Herriarekiko konpromiso ekintza bat da egiten ari garena, baztertutako giza taldeak antolatu eta aktibatzeko.

Pentsatu al duzu arma utziko duzun uneaz?

Tira... Unerik zailenetan bizirik irauteko baliatu dugun tresnari uko egingo diogu, eta, seguru asko, momentuan, hildako kideak etorriko zaizkit gogora. Ez da hainbeste tresna bera uzteagatik, sinbolizatzen duenagatik baizik: erresistentzia eta duintasuna, alegia.

Gobernua atzerapenez ari da hartutako konpromisoak betetzen. Zergatik?

Inplementaziorako estrategiarik batere gabe abiatu zelako. Horregatik horko inprobisazioa eta hango traba... Gerrillariok trantsizio eremuetara bildu ginenean ez zegoen ez aterperik ez ezer ere.

Arazo logistikoak argudiatu ditu gobernuak...

Bai, ba. Izan ere, arazo logistikoak plangintzarik ez denean sortzen dira.

Zuek ere arazo logistikoak aipatu dituzue armak uzteko epeak atzeratzeko...

Armak uztea ez da egon, ordea, gure esku soilik. Gobernuak ez zuen garaiz eraiki ezinbesteko azpiegitura. Eta gainontzeko oinarrizko konpromisoetan ere, gerrillarioi segurtasun juridikoa ematean adibidez, berandu dabil.

Armagabetzea lehenago egiteko modua izan al duzue?

Seguru asko arinago egin zitekeen gobernuak taxuzko plan bat eduki izan balu.

Traba logistikoez gain, auzitegiek inplemetazioari jarritakoak ere badaude. Zuek diozue Habanako akordioa estatuarekin egin zenutela eta ez gobernuarekin. Baina bada botere banaketa errespetatu behar dela dioenik ere...

Botere banaketak egon behar du, noski. Baina gobernuak behar du estatua gidatzearen ardura hemen eta orain. Eta kontua da funtzionario publiko batzuk nahita ari direla prozesua oztopatzen. Betiko atzerakoiak dira, Kolonbia modernizatzea eragotzi dutenak.

Aurrerantzean nola bultzako duzue prozesua zailtasunak datozenean?

Akordioa ez da jadanik gobernuarena, ezta FARCena ere; akordioa herritarrena da. Herriaren indarraz egingo dugu aurrera, hori da gure esperantza. Lehenago ere, beti lagundu izan digute une zailetan.

Bakearen erreferendumean, abstentzioa %60tik gorakoa izan zen, Santosen onarpen maila inoizko txikiena da. Eta zuen hautagai batek, inkesten arabera, babes urria luke...

Gurekiko jarrera gero eta hobea da, nahiz eta gerra garaiko estrategia mediatikoa ez duten desmuntatu. Santosen gobernuari aitortzen diogu bakea lortzeko ahalegina; horretan konplitu du. Gainontzean, boteretsuen mesedetan ari dira, eta tipo horretako gobernuek Kolonbian izan ohi dituzten bizio guztiak dituzte.

NBEk zuen arma guztiak erretiratzean dator hurrengo pausua: abuztuan konferentzia bat egingo duzue alderdi politiko bat sortzeko. Zer duzue ikasteko? Nor ari zaizue laguntzen?

Ikasten betidanik ari gara, gerrillan beti egin izan dugulako ekintza politikoa. Geure kabuz ari gara gehienetan. Jakina, Latinoamerikan gertatzen dena behatzen dugu: [Rafael] Correak egindakoa; Venezuelan gertatzen ari dena; Bolivia; Nikaragua eta El Salvador... Podemosi ere begiratzen diogu Espainian... Baina geure eskarmentutik abiatzen gara beti, Kolonbian, mugitzen diren kontraesanei erreparatuz. 1984ko bake prozesuan Batasun Patriotikoa [UP] alderdiaren sortzaile izan gineneko ikasgaia ere ez zaigu ahaztu.

UP genozidio politiko baten biktima izan zen. Milaka militante erail zituzten, eta Santosen gobernuak berak sarraski horretan estatuak izandako erantzukizuna aitortu zuen iaz. Ba al duzue bermerik berriz gertatu ez dadin?

Oihanean genituen arrisku berberak ditugu orain. Baina bada diferentzia bat: inork bake prozesuko lider bat hiltzen badu ondorioak askoz larriagoak izango dira. Akordioak nazioartean babes handia du, eta horrek estatuari erantzukizun handia egozten dio. Badakigu, hala ere, probokazioak saihestu behar ditugula. Gorrotoa elikatzen jarraitzen du jende askok Kolonbian, eta alferrikako arriskurik ez dugu hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.