Katalunia. Elkarrizketa. Jordi Pesarrodona. Pailazoa eta ekintzailea

«Zigortu nahi izan naute, ikonoa naizelako»

Irailaren 20an polizia baten ondoan pailazo sudurra jantzita protesta egiteagatik deklaratuko du bihar Pesarrodonak. «Dena aplikatuz gero, hiru eta hamalau urte bitarteko kartzela zigorra izango nuke».

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Pailazoa, aktore profesionala eta Bages eskualdeko Sant Joan de Vilatorrada herriko Kultura zinegotzia da Jordi Pesarrodona (1960). Bere argazkia ezaguna egin zen joan den irailaren 20an Guardia Zibilaren jazarpena salatzeko Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aitzinean polizia baten ondoan pailazo sudurra jantzi zuenean. Bihar, Sant Jordi egunarekin, deklaratzera deitu dute Manresako epaitegian.

Pailazo sudurra janzteagatik auzipetu zaituzte. Noiz eta nola suertatu zitzaizun ideia?

Pallassos Sense Fronteres [Mugarik Gabeko Pailazoak] egitasmoko kidea naiz, eta 1993an Jugoslavia ohiko mugara egin genuen espedizioan du jatorria; zehazki, Kroaziaren eta Bosniaren artera. Gatazka lurraldetan sartzen uzten ez zigutenez, hango soldaduen ondoan pailazo sudurrak jarri genituen, sartzen utzi arte. Han egin genuen lehen aldiz, eta gerora beste hainbat testuingurutan errepikatu dugu.

Pailazoa izanik, sekula pentsatu zenuen pailazo sudurra janzteagatik auzipetua izango zinenik?

Inolaz ere ez. Hasteko, ez nuen uste Espainiako Estatuak ziklo aldaketarik egin ez zuenik; demokratikoa zela uste nuen, eta irailaren 20ko mobilizazioetan ikusi nuen oker nenbilela. Nire ekintza han eta hemen zabaldu zen, eta, milaka babes mezu jaso nituen bezala, irainak eta mehatxuak ere iritsi zitzaizkidan. Baita heriotza mehatxuak ere.

Zeinek mehatxatu zintuen?

Asko Guardia Zibilaren forumetik jaso nituen. Orduan konturatu nintzen auzia arriskutsua izan zitekeela. Mossoetan salaketa jarri nuen, eta eskuin muturreko taldeekin kontuz ibiltzeko esan zidaten. Zoritxarrez, salaketa hark ez du, orain arte behintzat, eraginik izan.

Zein delitu egozten dizkizute?

Urriaren 1ean, Guardia Zibila zuzenean etorri zen Sant Joan de Vilatorradan ni neu nintzen eskolara. Irailaren 20an pailazo sudurra jarri nuenetik, banekien fitxatua nindutela, eta eurengana joateko eskatu zidaten. Eskolan sartu nahi zutela esan zuten, erreferenduma ilegala zenez, hautetsontziak hartzeko. Guk sarrera ukatu genien, eta, beraz, borra kolpeka hasi zitzaizkigun, baina ez zuten sartzea lortu. Gertakari hori salatu nuenean jaso nuen jakinarazpena: nire salaketa baliogabetu, eta urriaren 1eko gertakariengatik eta irailaren 20ko ekintza sinbolikoagatik auzipetu ninduten.

Manresako fiskaltzak, aldiz, ez du deliturik ikusten.

Noski, eta, horregatik, nire defentsak aurki aurkeztu zuen auzia ixteko helegitea. Baina, denon harridurarako, epaileak ez zuen onartu, eta, hori gutxi balitz bezala, Guardia Zibilaren salaketa baten bidez inputatzen dizkit desobedientzia, gorrotoa akuilatzea, autoritatearen kontrako erresistentzia larria, eta zalapartaren liderra izatea. Denak aplikatuz gero, hiru eta hamalau urte bitarteko kartzela zigorra izango nuke.

Hainbat alkate zigortu dituzte urriaren 1ean poliziei eta guardia zibilei eskoletan sartzen ez uzteagatik. Zure herrikoa ere auzipetuta al dago?

Salaketa jarri zioten, baina, helegitea, aurkeztuta bertan behera gelditu zen. Zalantzarik gabe, zigortu nahi izan naute, ikonoa naizelako, pailazo sudurra jartzeagatik argazkia birala egin zenetik.

Bihar deklaratzera deituta zaude. Joango zara?

Oraingoan bai, delitu horiek guztiak egotzita defentsa ona prestatu behar baitut. Uste dugu epaileak Kataluniako Justizia Auzitegira ekarriko duela auzia, Manresako fiskaltzak ez baitu ontzat emango, eta nire defentsaren erronka da hori eragoztea. Edozein kasutan, akusazio partikularrik edo fiskaltzaren akusaziorik ez dagoenez, espetxeratze prebentiborik ezin didate aplikatu.

Kataluniaren kontrako jazarpenak ez du etenik. Nola bizi duzu?

Europa demokratikoko herri honetan, XXI. mendean nagusi den adierazpen askatasunaren kontrako jazarpena onartezina da. Baina okerrena da dena aldrebesten dutela; Valtonycen [rap abeslariaren] kontra gorroto delitua erabiltzen dute, zigor hori gutxiengoak defendatzeko sortu bazen ere; eta independentismoari dagokionez, indarkeria bilatzen ari dira mobilizazio baketsuetan, erasoa polizia indarrek soilik praktikatu zuten bitartean.

Zeurea ez da auzi bakan bat.

Zaintza intentsiboko gunean dago adierazpen askatasuna. Aitortu behar dut, azken hilabeteetan Espainiako auzitegietatik ateratako berriekin larrituta nengoela. Baina Alemaniak Carles Puigdemont aske uztea erabaki izanak gauzak alda ditzake. Zintzoki, espero dut Espainiako epaileak gogoeta prozesu batean murgilduta egotea. Hala ere, edozer gerta daiteke: baliteke errepresioa lausotzea, baina, aukera dago areagotzeko ere.

Puigdemont askatu zuten arren, atzerrian da, eta gainontzekoek kartzelan segitzen dute. Zer gertatuko da hemendik aurrera?

Sinetsi nahi dut aske geldituko direla, jazarpenak ez duelako ibilbide gehiagorik. Baina egia da, noraino iristeko gai diren ikusita, edozer gauza gerta daitekeela. Aske utziko dituzte, edo errepresioa areagotuko dute, erabat. Ez da erdibideko erabakirik egongo.

Nahikoa mobilizatzen ari al da Kataluniako gizartea?

Argi dago iraultza hau ez dugula irabaziko goizean manifestazio batera joan eta arratsaldean normal-normal joaten bagara zinemara krispetak jatera. Gizartearen erantzunak irmoa izan behar du. Baina esango nuke irmotasuna iristen ari dela: artearen mundua mobilizatzen ari da, CDRek ez dute etenik… Beraz, jendea prest dago testuinguruak eskatzen duena egiteko.

Errepresioa eteteko asmoz sortu da No Callarem [Ez gara isilduko] plataforma. Model espetxea izandako egoitzan hamaika ekitaldi egin dituzte berriki.

Egitasmo interesgarria izan da. Are gehiago Modelen egoitzak duen sinbolismoagatik: frankismoan askatasunez iritzia eman zuten preso politiko asko giltzapetu zituztelako han.

Jordi Sanchez ezin izan zuten joan den astean inbestitu. Zer deritzozu hauteskunde ondorengo egoerari?

ERCko kidea naizen arren, 155.a aplikatu aurretik zeuden erakundeetara itzultzearen aldekoa naiz, eta, beraz, Puigdemont inbestitzea nahi nuke, bera zelako presidente legitimoa. Gainontzeko formula guztiei ez diet zentzurik aurkitzen. Ez dakit zer gertatuko den, eta zalantza dut gobernua osatzea ere beharrezkoa den: genuen gobernua berreskuratu ezin bada, boterea herritarrei eman beharko genioke, agian.

Hauteskundeak egingo al dira?

Konfiantza osoa jartzen dut gobernu berria osatzeko lanean ari diren lagunengan. Hori bai, gomendio bat helarazi nahiko nieke. Mezuarekin gardenak izatea, gertatzen ari dena ikusita, uste baitut azken hauteskundeetan mezua ez zela argia izan: hautagai subiranistek irabazten badute, errepublikaren eraikitzea izango da konpromisoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.