Karen Mirzojan. Karabakh Garaiko Atzerri ministroa

«Gatazkan bizi gara, baina irtenbidea ez da militarra»

Duela hogei urtetik da Kaukasoko herrialdea independentea 'de facto', Azerbaijanen aurkako gerra amaitu zenetik. Euskal Herriko erakundeekin harremanak estutzeko asmoz iritsi da diplomaziaburua.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Adrian Garcia -

2014ko irailak 14
Su-eten hauskor bat dago indarrean gerra amaitu zenetik, orain dela hogei urtetik. Urte horietan guztietan, Karabakh Garaiko auziak ez du ez aurrera ez atzera egin. De facto herrialde independentea da, armeniar jatorriko herritarrek Azerbaijandik askatzea eta Armeniari batzea erabaki zutenetik 1991n eginiko galdeketan. Ordutik, haien helburua da nazioarteak estatu independente moduan aitortzea. Helburu horrekin iritsi da Euskal Herrira Karen Mirzojan Atzerri ministroa (Erevan, Armenia, 1965). Eusko Legebiltzarrak babesa erakutsi dio Karabakh Garaiari, eta herrialdearen autodeterminazio eskubidea defendatu du. Gipuzkoako Aldundiak ere ongietorria eman dio diplomaziaburuari, eta herrialdearen independentzia aitortu du.

Gatazka izoztua deitu izan zaio Karabakh Garaikoari. Abuztuko liskarrek, ordea, kontrakoa iradokitzen dute. Eskualdean gerra pizteko arriskua al dago?

Gatazkak ez dira izozten. Bideratu egiten dira, edo bere horretan jarraitzen dute. Karabakh Garaian oraindik gatazkan bizi gara, baina auziak ez du irtenbide militarrik.

Nazioarteak ez du zuen independentzia aitortu. Zer urrats egingo dituzue bide horretan?

Iritsi da munduak Karabakh estatu gisa aitortzeko ordua. Urte horietan guztietan erakutsi dugu herrialde demokratiko eta indartsua garela, eta herrialde askorentzat adiskide onak izan gaitezkeela. Urrats asko egin ditugu bide horretan. AEBetan bost estatuk onartu dute Karabakh Garaiaren autodeterminazio eskubidea. Australiako Hego Gales estatuko parlamentuak ere aitortu du gure independentzia.

Zein da bake prozesuaren egoera? Harritzekoa da Karabakheko ordezkariek ez duzuela prozesu horretan parte hartzen.

Bai. Gauza harrigarria da. Ez da beste inon gertatu halakorik. Karabakh negoziazio elkarrizketen parte zen hasiera hasieratik. 1992an hasi zen prozesu hori. Esan dezakegu gure jarrerari esker ezarri zela su-etena, eta aurrerapauso ugari eman ziren. Baina 1998an Azerbaijanen jarrera dela eta, baztertu egin gintuzten. Negoziazio mahaitik gertu gaude, halere. Bitartekariekin biltzen gara, proposamenak egiten ditugu. Baina ezin dugu negoziazio mahaian eseri. Dena den, gero eta ahots indartsuagoak daude Karabakh prozesuan sartzearen alde. Badakite gu gabe auziak ez duela konponbiderik. Arazoa da Bakuren jarrera eraikitzaile eza. Ahal den oztopo gehien sartzen saiatzen da prozesuak aurrera egin ez dezan.

Armeniak defendatzen al ditu zuen interesak prozesuan?

Ez. Ez dago eskaera ofizialik Armeniak gu ordezkatzeko. Noski, oso gertu gaude, ikuspegi berbera dugu, oro har. Gure ikuspuntua azalarazten saiatzen da Erevan, baina Armenia ez da Karabakh Garaiaren ordezkaria.

Azerbaijanek ez du Karabakh Garaiko autodeterminazio eskubidea onartu nahi, eta zuek ez duzue inolaz ere de facto lortutako independentziari uko egin nahi. Hori al da prozesuaren oztopo nagusia?

Arazo nagusia da Azerbaijanek auzia bi herrialderen arteko lurralde gatazka bezala aurkezten duela. Bakuren eta Erevanen artekoa. Gure ustez ez da lurralde batasunaren inguruko auzia, autodeterminazioari buruzkoa baizik. Gizarte demokratikoetan herritarrek erabakitzen dute euren etorkizuna. Karabakh Garaian hala egin dugu, bi bider. Lehenengoa 1991an. 2006an beste erreferendum bat egin genuen, konstituzioaren ingurukoa.

Bake negoziazioetan eginiko proposamen bat da Armeniak Karabakh Garaiaz gaindi hartutako lurraldeak, segurtasun eremua deiturikoa, itzultzea. Trukean Azerbaijanengandik ez erasotzeko konpromisoa eduki beharko luke.

Ez dakit zer esan nahi duzun segurtasun eremua-rekin. Guretzat ez dago desberdintasunik Karabakh Garaiko lurraldeen artean. Konstituzioaren arabera, errepublikako lurralde guztiek dute maila berbera. Pribilegio berberak dituzte probintzia guztiek.

Urte luzez bizi izan dira elkarrekin armeniarrak eta azerbaijandarrak. Posible izango da berriro horrelakorik ikustea?

Badago aukera horretarako. Baina zaila da, Azerbaijaneko erregimenak armeniarren aurkako gorrotoa bultzatzen baitu. Ez soilik Karabakheko herritarren kontra, mundu osoko armeniarren kontra baizik. Aliyev [Ilham] presidenteak esan bezala: «Azerbaijanen etsaiak armeniar guztiak dira». Arriskutsua izan daiteke azerbaijandarren eta armeniarren arteko bizikidetzari buruz hitz egitea. Azerbaijango gizarteak prestatu egin behar du oraindik bizikidetza horretarako.

Bi aldeetako iheslariak etxera itzultzeari buruz hitz egin al da bake elkarrizketetan?

Horrela nahiko genuke. Baina hori ez da gatazkaren muina, ondorioa baizik. Logikak dio lehenengo gatazka bera konpondu behar dela: Karabakh Garaiaren independentzia onartu behar dute. Gero eztabaidatuko ditugu gatazkak eragindako ondorioak. Iheslariei buruz ari garenean, tamalez, Azerbaijaneko errefuxiatuei buruz hitz egiten da soilik. Baina iheslari armeniar mordoa daude. Karabakhen ez ezik, Bakun, Sumgaiten eta beste toki askotan armeniarrak izate hutsagatik jende ugari exekutatu zuten. Garbiketa etnikoa egin du Bakuk. Desberdintasuna da Armeniak inoiz ez dituela iheslariak erabili helburu politikoetarako. Giza tragedia ezin da erabili etekin politikoak ateratzeko.

Hogei urte asko dira aurrerapenik egin gabe. Uste al duzu Bakuk eta Erevanek gatazka etekin politikoa ateratzeko erabiltzen dutela?

Ez dut hori uste. Noski, alde bakoitzak helburu zehatz batzuk lortzeko erabiltzen du auzia. Ezin dut Bakuri buruz hitz egin, baina, auziak irekita jarraitzeak Armeniari eta Karabakheri arazo larriak ekartzen dizkie.

Egungo status quo-ak jarraitu bitartean independentziari eutsiko dio herrialdeak.

Bai, baina estatus politiko argiago bat izan nahi dugu. Karabakh estatu independente aitortzeak onura ekarriko du, ez soilik Karabakheko biztanleentzat, baizik eta eskualde osoarentzat. Herrialdeen arteko kooperaziorako bideak irekiko ditu, eta seguruago izango da inguru osoa.

Nola eragiten dio gatazkak herrialdeko ekonomiari?

Gerra ondoren hutsetik hasi behar izan genuen. Azpiegitura guztiak suntsitu zituzten. Azken urteetan gure ekoizteko gaitasuna hobetu dugu. Zailtasunei aurre egin diegu, eta %9-10 eko hazkundea izan dugu, eta horri eutsi egin diogu krisi ekonomikoaren garaian. Batez ere nekazaritzan oinarritzen da gure ekonomia. Meatzaritza, energia ekoizpenean eta teknologia berrietan indarra jarri dugu. Turistentzako herrialde erakargarria izan gaitezkeela uste dugu, baina gatazkak kalte egiten digu hor.

Zein da Karabakheko erakundeek Euskal Herrikoekin duten harremana?

Azkenaldian euskal politikariekin harreman estua izan dugu. Karabakh Garaia bisitatu dute, eta asko hitz egin dugu. Gauza asko partekatzen ditugu. Historia eta baloreak, esate baterako; autodeterminazioaren eta demokraziaren aldeko grina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna