Kirmen Uribe. Idazlea

«Kultura txikiok badugu kristalezko kupula bat »

Ezetz dio Kirmen Uribek, idazleak ez duela bere buruarentzat idazten, berak eragiteko idazten duela. Horregatik osatu du 'Elkarrekin esnatzeko ordua' benetako pertsonaia eta benetako gertakariak oinarri hartuta. 36ko gerra osteko erbeste, erresistentzia eta porrota kontatzeko.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2017ko urtarrilak 25
Zero distantzia hautatu du bere hirugarren eleberria idazteko Kirmen Uribek (Ondarroa, Bizkaia, 1970). Benetako pertsonaiak, benetako kokapenak eta benetako gertakariak kontatuz osatu du Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa), eta bere pertsonaia nagusiek gurutzatutako Ondarroako kale berak gurutzatzen ditu horregatik berak ere argazkilariarekin egindako saioan. 1936ko gerra galdu ostean, erbestean erresistentzian jarraitu zuten Karmele Urresti eta Txomin Letamendi ondarroatarren familiaren historia du nobelak erdigune, 1927tik hasi eta 2011ra arte. Doku-fikzioa egin duela aipatu du egileak une batez, errealitateari itsatsi-itsatsita idatzi baitu lerro bakoitza. Bat-batean, «Hombre, Kirmen!», eten du argazki saioa 70 urte inguruko gizon batek. «Hara geure protagonista!», bueltatu dio agurra idazleak, eta azalpena eman die gero argazkilariari eta kazetariari. «Txomin Letamendi da, Karmele eta Txominen semea, nobelan agertzen dena». Zero distantzia.

Krisian dago fikzioa?

Ez dut sekula sinesten «nobela hilda dago», «fikzioa hilda dago» eta halako esaldi arrandiatsuetan. Fikzioa bizirik dago, eta nik neuk ere badaukat gogoa fikzioa egiteko, baina nobela bakoitzak bere galderak planteatzen ditu, eta horiek erantzuten saiatu behar duzu. Nobela honekin bi bide nituen, edo fikzioarena, edo benetakotasunarena. Erakartzen ninduen, ez dut esango ezetz, baina benetakotasunetik jo ez banu, benetako izen-abizenekin, uste dut ez nintzela zintzoa izango ez familiarekin, ez neure buruarekin. Benetako izenak daude: Karmele Urresti eta Txomin Letamendi, eta baita ere errepresore izan ziren horienak ere. Eta bazuen nobelak helburu hori ere; esatea nortzuk ibili ziren erresistentzian eta nortzuk izan ziren errepresoreak.

Badirudi bogan dagoela errealitatetik oso gertuko literatura hori.

Mundu mailako literaturan egiten da. Hor dago Emanuel Carrereren Limonov, Siri Hustvedten The Blazing World... Gainera, azken boladan irakurri ditudan beste egile afrikar batzuek, prozesu post-kolonialetatik datozenek, horiek ere asko egiten dute. Eta diktadura bat tartean baldin badago, eta hori Latinoamerikan asko dago, jotzen da kontatzera benetako gertakariekin, benetako datuekin, agiriekin. Eta nik ere pixka bat hortik jo dut. Gustura geratu naiz emaitzarekin, nahiz eta idazleak beti amesten duen halako nobela luze horietako batekin.

Liburuan inpresioa da Orixe Euskaldunak poemarekin euskal izaera harrapatzen saiatu zen bezala, zu ere saiatu zarela, familia honen sei hamarkadako historiaren bidez, euskal historia azaltzen. Ipar amerikarrek maiz aipatzen duten amerikar nobela handia idazteko asmoaren moduko zerbait.

Kontatu nahi nuen hori, eta, gainera, banekien ETAren etena eta gero sortuko zirela kontakizunak hemen eta kanpoan, eta nik nahi nuen euskal familia baten ibilbidea kontatu, gertakizun historikoei lotua, benetakoa, inork ez esateko hau interesatua dela edo nik moldatu egin ditudala pertsonaiak. Ez. Hemen gertatzen dena benetan gertatu zen. Nahi nuen kontatu euskal gatazka ez dela 80 eta 90eko urteetan gertatu zena soilik; askoz lehenagotik dator. Nahi nuen kontatu nola eutsi zioten euskal kulturari urterik zailenetan, eta nahi nuen kontatu, nahiz eta denboraren gezia aurrera doan beti, historiak ez duela beti aurrera egiten. Atzera pausoak ere gertatzen dira, eta hala gertatu zen gure herrian; 30eko hamarkadan pizkunde bat bizi izan genuen, eta hori dena zapuztu egin zen. Azaldu nahi nuen pizkunde hori, zapuzte hori, eta nola eutsi zitzaion.

Eleberri hasieran halaxe diozu: «Familia baten bizitza da hau, herri oso batena ere izan litekeena».

Ez dut sinesten salbatuko gaituen nobela horretan. Amerikar nobela handia, edo euskal nobela handia, ba ez dakit, saia gaitezke egiten, baina euskara ez du horrek salbatuko; salbatuko dute urtero argitaratzen diren liburu horiek denek; ez liburu batek. Amets horiek ahaztu behar ditugu. Salbatuko gaitu jarraipenak, transmisioak, azkenean, 30eko belaunaldi honek egin zuenak.

36ko gerra ostean ihes egin, erbestean espioi aritu, eta azkenean itzuli egiten da familia Ondarroara. Baina oso itzulera etsigarria da: garaituta, pobre, umiliatuta...

Bai. Nobelak hiru olatu bezala ditu. Olatuak gora egiten du, eta badago ilusioa, eta gero dezepzioa dator, ilusioa, gero dezepzioa, ilusioa, eta gero dezepzioa. Lehenengo ilusioa izan zen gerra aurreko pizkundea, gerrak zapuztu zuena. Bigarrena da nola sinesten duten AEBen babesean, eta gero berriro dezepzioa dator, 50eko hamarkadan AEBek Franco babesten dutenean. Eta hirugarren olatu handi bat sortu zen 60ko hamarkadan, eta gero Franco hil ostean dator dezepzioa. Hiru dezepzio horiek kontatzen dira liburuan, nahiz eta bigarren belaunaldia den zentroa: 30, 40 eta 50eko belaunaldia. Eta haiekin batera kontatzen da aurrekoen historia, eta, baita, batez ere, Txomin Letamendi semearena ere.

Kalean agurtu duguna.

Hori bera.

Zure pertsonaiak benetakoak dira. Etengabe gurutzatuko dituzu. Nolakoa izan da sentsazio hori?

Familiak oso ondo hartu du liburua, eta Txominek eskerrak eman zizkidan izenak ez aldatzearren. Hori da lehenengo esan zidana. Siri Hustvedtek esan du duela gutxi, berak beti idazten duela norbaitentzat, eta nire kasua ere hori da. Liburu honetan idazlearen ahotsa badago, baina nolabait idazlearen birtuosismoa ez da azaltzen. Nik uste dut birtuosismoa azaldu behar dela soiltasunean, eta ez nor bere idazkeraren ezaugarriak azaleratzen. Nire helburua zen kontatzea, ahalik eta erarik soil eta garbienean.

Zure ibilbide guztian igartzen da asmo hori.

Lou Reed-i entzun nion Velvet Underground sortu zutenean talde kideei esan ziela nahi zutena jotzeko prest zegoela, baina punteorik ez [barrez]. Liburu honetan ere ez dago punteorik. Kanta zuzenak dira, eta jendearengana doaz. Ni hemen nago eragiteko gizartean. 80ko hamarkadan esaten zen idazleak bere buruarentzat idatzi behar zuela, eta literaturak ez duela balio mundua aldatzeko. Nik ez dut sinesten horretan, nik uste dut baietz, literaturak balio duela mundua aldatzeko, eta zinemak ere bai. Banako batzuk pentsarazten jartzen badituzu, edo azaltzen baduzu liburuan,isilduta egon den belaunaldi baten istorioa, ari zara munduari beste argi bat edo ñabardura bat ematen. Ni eragiteko nago.

2010 eta 2011 urteei eskainitako ataltxoarekin bukatzen duzu nobela. Ilusio olatu batekin bukatu nahi izan duzu liburua?

Nobela oso gogorra da. Latza da. Familia honek bizi izandakoa oso gogorra da. Orduan, bukatu nahi nuen kontatuz Txomin eta Karmelek ere elkar maitatu zutela, izango zutela haiek ere elkarrekin esnatzeko ordu bat. Eta horregatik du bukaera hori. Seme-alabek aitaren gorpua topatzen dute, errausten dute, eta omendu egiten dute, eta horrek halako askatasun bat ematen die senitartekoei. Aita omentzea eta aita agurtzea. Hori behar dute biktima guztiek, ezta? Nobelan ere esaten da hori: hotzak izan gara? Ba bai. Ez gara jarri bestearen sufrimenduan? Ba ez. Baina behin hori egiten duzunean, biktima omentzen duzunean, bada garai berri baten hasiera. Eta nik uste dut gure herria garai berri batean dagoela, edo nahi nuke pentsatu baietz.

Kontatzen dituzu erbestea, torturak, atxiloketak... Baina bizipozari zirrikituak bilatu nahian dabil liburua etengabe. Une goxo horiek berreskuratu nahian bezala.

Bai, bietan jarri nahi nuen fokua, pasarte gogorrak ere badaudelako. Ni kartzelan egon nintzenean egiten genuen poteoa Gabonetan ziega batetik bestera alkoholik gabeko garagardoak edaten. [Barrez]. Hori beti dago, eta eskerrak badagoela. Eta nobelan ere badago umore bat berezia: galtzailearen umorea. Eta umore hori da oso ironikoa. Asko egiten du barre botereaz, baina bere buruaz ere bai. Hori azalarazi nahi nuen.

Liburuko pasarte batean aipatzen duzu euskara desagertzeko beldurrak zeharkatzen duela euskal literaturaren historia alderik alde, Etxeparerekin hasi, eta...

... gaur egun ere bai.

Gaur egun ere bai?

Ez soilik euskal literaturan, euskalgintzan ere bai. Barruan, geneetan daukagu euskara galtzeko beldur hori.Gainera, uste dut ETA ulertzeko ere, euskara galtzeko beldur hori, Euskal Herria galtzeko beldurra ere, berebizikoa da. ETA ulertu nahi baduzu, beldur hori ulertu behar duzu. Hori ere azaldu nahi nuen liburuan, nondik sortzen den ETA, ze egoeratatik, ze beldurretatik, hasierak nolakoak diren... ze hasieran mugimendu kulturala da, ez militarra. Eta hasierako ekintza haiek, oso inozoak dira. Ondarroako elizan ikurrinak askatzea mezan... Eta liburuan gero kontatzen da Manu Sotari berari iraultza zerga eskatzen diotela. Ja ikusten da norantz joko dugun, eta gauzak asko estutuko direla.

Euskara galduko den beldur segitzen du, beraz, literaturak?

Badugu beldur hori. Nik badut beldur hori. Iparraldeko egoera ez da oso ona, eta Nafarroakoa hobetzen doa, baina bueno. Ez dakit beldur horri eutsi behar diogun, edo adi egoteko alarma txiki bat den behar duguna, baina zerbait behar dugu. Lehen esan dut, historiak aurrera egiten du, baina atzera ere bai. Katalanezko literatura onena Valentzian egin zen Erdi Aroan, baina hori dena desagertu egin zen. Adi egotea ongi dago, baina konplexurik gabe. Frankismo garaia aztertu dut, eta konturatzen naiz konplexu eta beldur asko kanpotik ezarritakoak direla. Eta horiek kendu egin behar ditugu. Adi egon behar dugu, ez soilik euskararekin, baita ere eskubide sozialekin ere: emakumeak, LGTB, langileak... Oso adi egon behar dugu munduak atzera egin ez dezan.

Ba badirudi hain justu hori ari dela gertatzen, ez duzu uste?

AEB eta Europa ikusita badirudi hortik doala kontua, bai. Jakin behar dugu erresistentzia egiten eta eusten gure eskubideei. Euskara munduaren ze aldetan bizi da? Ba, borrokaren aldean, argi dago. Ez da bizi erosotasunean eta bertan goxo egin dutenen aldean. Neoliberalismoaren aldean ez dago. Gu gaude beste aldean, ekologisten aldean, antimilitaristen aldean, gay eta lesbianen aldean...

Ramon Saizarbitoriak orain aste batzuk kezka azaldu zuen elkarrizketa batean euskarazko liburuak eta gaztelerazko itzulpenak ia aldi berean ateratzen direlako. Zure kasuan, nobela aldi berean euskaraz, galizieraz, katalanez eta gazteleraz kaleratzea zen asmoa, baina azkenean gaztelerazkoa heldu zen dendetara lehena.

Egun batzuez bai.

Zer uste duzu zuk?

Uste dut Ramonek esan nahi zuela arriskua dagoela menpekotasuna sortu, eta euskarazkoa gaztelaniazkoaren itzalean joateko. Oso ondo dago fokua hor jartzea, baina gero ikusi behar da egile bakoitzak non publikatzen duen, zer publikatzen duen, zer oihartzun duen... Joan behar da datuetara. Nire kasuan ez da halakorik gertatu. Susa argitaletxekoek ere esan ahalko dute, baina euskarazkoa sekula baino hobeto joan da. Sekula baino irakurle gehiago izan ditu, nahiz eta gaztelaniazkoa ere Euskal Herrian aldi berean atera. Ondo atera da. Bestalde, ba barkamena eskatu nahi diet euskal irakurleei, ze egun batzuez aurreratu egin zen gaztelaniazkoa, eta ni pasatzen nintzen liburu dendetatik txamarrako lepoa goraino altxatuta, ez nuelako begiratu ere egin nahi leihora!

Ezeroso sentitu zara orduan?

Bai, bai, asko sufritu nuen. Aste hori izan zen oso txarra. Eskatzen dut barkamena horregatik. Hurrengoa hobeto egingo dugu.

Bernardo Atxaga izan da euskal literaturaren idazlea munduan, baina nazioartean asko mugitzen zara zu ere, eta orain jende askorentzat Atxaga eta zu izango zarete euskal idazleak. Eroso sentitzen zara horrekin?

Ez dut pentsatzen gauza horietan, egia esan. Euskaldunok eta kultura txikiok badugu kristalezko kupula bat, eta oso zaila da kristalezko kupula hori apurtzea; gutxiengo guztiek dute, eta gu ere gutxiengo bat gara gure herrian, eta badugu. Orain arte jauzi egin duen bakarra Atxaga izan da, eta horretan dudarik ez dago. Eta orain ematen du ari garela pixka bat munduratzen. Galdera handia hori da: zenbat euskal idazle ahal dira nazioartean ibili? Nik nahiko nuke ez izatea bat, baizik eta izatea talde bat. Poetak, antzerkigileak, narratzaileak... batzuk egotea, baina ez dakit nahikoa indar dugun. Literaturarena, azkenean, industria bat da, eta ikusi egin behar da. Zineman lortzen dute. Italiarrak adibidez, hainbat zinemagile daude munduan, Irangoak... lortzen dute bat ez izatea. Guk ere egiten baditugu kalitatezko lanak, agian lortuko dugu taldetxo bat egotea hor. Baina hala ere, indarra jarri behar da hemen. Nazioartekotzeak ez gaitu salbatuko. Garrantzitsuena da hemengo sistema literarioak eustea, eta funtzionatzea. Edukitzea argitaletxeak, irakurleak, dendak, prentsa... Hemen egin behar ditugu gauzak ondo.

Eta ongi egiten dira gauzak?

Nik urtero irakurtzen ditut gustuko ditudan liburu batzuk. Gainera, iruditzen zait euskal literatura nahiko ausarta dela formalki, ez da literatura konbentzionalegia, eta beti saiatzen gara gauzak beste era batera egiten. Horrek ekarriko ditu lan onak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna