Ainhoa Garmendia. Sopranoa

«Operan, guztia maite dut: agertokian aritzea eta saioak antolatzea»

Opera bizibidea eta pasioa da Ainhoa Garmendia sopranoarentzat. Opus Lirica konpainiako zuzendaria da, baina baita azken laneko protagonista ere. 'La Bohème' aurkeztuko dute, martxoren 2an.

Maider Galardi
Donostia
2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gaztetatik opera abeslari izateko ametsari tiraka, jatorria utzi eta Europan zehar bidaiatzen aritu da azken hogei urteetan Ainhoa Garmendia sopranoa (Legorreta, Gipuzkoa, 1974). Badira lau urte, ordea, Opus Lirica konpainiaren gidaritza hartu eta Donostian operazaletasuna sustatzeko lanetan dabilela. La Bohème ikuskizun berria prestatzen ari da buru belarri, oholtza gainean eta kanpoan. Konpainiako zuzendaria da, baina baita operako protagonista nagusia ere. Entsegu eta entsegu artean egin du zita BERRIArekin; datorren martxoaren 2an dute estreinaldia, Donostiako Kursaal aretoan.

Laugarren aldiz ekarri duzue opera Donostiara. Uste duzu errotzen ari dela opera denboraldia hiriburuan?

Esango nuke baietz, gero eta jarraitzaile gehiago ditugu, eta guk ere esperientzia handiagoa dugu. Hasieratik izan da gure erronka kalitatezko opera eskaintzea, eta uste dut horri esker publikoak baduela konfiantza gugan, eta gero eta finkatuago gaudela.

Aurten, bi opera eskaintzeaz gain, emanaldia izango duzue Donostiako Orfeoiarekin. Garatuz doa zuen eskaintza?

Pixkanaka beste kontzertu mota batzuk egiten hasteko asmoa dugu, opera eszenaratua bakarrik egin ordez. Aurten, lehen aldiz, Orfeoiarekin kolaboratuko dugu. Operako koruak izango dira; ez dugu haria galduko, baina garrantzitsua da proiektua aberastea, eta ahalik eta ikusle gehienengana heltzea.

Berehala estreinatuko duzue La Bohème. Munduan gehien taularatzen den obretako bat da. Zer du opera horrek ikuslea erakartzeko?

Maisulana da. Puccini perfekziora hurbildu zen musikarekin egindako lanean. Lantzen den gaiak ere badu gaurkotasuna: drama film bat izan zitekeen. Gainera, jarraitzen erraza da, eta oso istorio hurbila du. Hori guztia kontuan hartuta, sekulako opera da. Gure ekoizpena, berriz, oso bisuala eta arina izango da: argiz eta kolorez betea. Antzezle oso gazteak izango dira oholtza gainean, eta kalitatea ziurtatuko dugu. Ekoizpen biribil bat egiten ahaleginduko gara.

Pucciniren arabera, obra «bizitzari, laguntasunari eta amodioari egindako kantu» bat da. Zuk, ordea, tragedia bat dela diozu.

Noski, drama bat da, gaixotasunak tarteko protagonista hil egiten delako, baina bada amodioaren eta bizitzaren aldeko aldarri nabarmena ere.

Jatorrizko obra XIX. mende amaieran dago girotua, baina zuek 1920ko hamarkadara aldatu duzue. Zergatik?

Batik bat jantzietan eta atrezzoan aldatuko da, baina testuari leial jarraitu diogu. Azken batean, 40 urteko aldea dago batetik bestera, eta ez da hainbesterako.

Eszenografia berezia izango da, beraz?

Oholtzako apainketaz gain, proiekzioak jarriko ditugu. Pablo Ramos da eszenografia zuzendaria. Lehen aldiz kolaboratu dugu Nafarroako Opera Ganberarekin. Ramosek plastikoki adierazinahi ditu musikaren eta pertsonaien sentimenduak; horregatik, proiekzioek eta argiztapenak garrantzi handia dute.

Zu izango zara Mimi protagonista, eta Francisco Corujok egingo du Rodolforena. Nola ari zarete pertsonaiak prestatzen?

Ez dugu elkar ezagutzen. Datorren igandean hasiko ditugu entseguak, eta bi astean «maitemindu» beharko dugu. Aktoreak gara, eta prozesu hori datozen asteetan egingo dugu. Gainera, Puccinik zehatz-mehatz markatu zuen nota bakoitza, eta idatzi zuen bakoitzari zein intentsitate eman behar zaion. Gu interprete hutsak gara, eta ahalik eta leialen jasoko dugu idatzitakoa.

Eta zuk nola sortu duzu harremana pertsonaiarekin?

Ez nuke esango pertsonaia konplikatua denik, lerro bakarreko garapena dauka. Gaixotzetik heriotzara arteko bidea egingo du, eta hori da bere eraldaketa. Bestalde, maitasunez betetako pertsonaia da, eta erabat maitemintzen da Rodolforekin. Ezinezko maitasuna da, ordea. Niri asko gustatzen zait pertsonaia, oso leiala delako. Gainera, ni ere debutatzen ari naiz. Lehen aldia da Mimiren rola antzezten dudala, eta horrek badu balio erantsi bat. Lan handia egin dut obra honetarako.

Soprano nagusia zara, baina baita konpainiako zuzendaria ere. Nola uztartu dituzu bi lanak?

Oholtzan nagoenean, erabat kontzentratuta nago: saiatzen naiz buruan beste ezer ez edukitzen. Daukagun talde indartsuagatik lortu dut: lan handia egiten dute, eta eskertzekoa da. Orain arte, beste gauza batzuetan aritu naiz, baina datorren astetik aurrera buru belarri arituko naiz soprano lanean, eta hori badaki lan taldeak.

Eta zerk erakartzen zaitu bietatik?

Operan, guztia maite dut. Gustatzen zait agertoki gainean egotea, baina saioak antolatzea ere gustatzen zait. Uste dut oso garrantzitsua dela artistak ongi zaintzea. Badakit artista moduan zein garrantzitsua den eroso egotea, oholtza gainean lan ona egiteko. Horregatik gustatzen zait xehetasunak zaintzea.

Lan horretan hasi aurretik, ordea, Europan ibilbide luzea egin zenuen. Zergatik egin zenuen itzultzeko apustua?

Denbora luzea egin dut hemendik kanpo, eta herrialde askotan egon naiz. Bide hori oso garrantzitsua izan zen, eta asko ikasi dut, baita sakrifikatu ere. Proiektu honek, ordea, beste dimentsio bat dauka: etxera itzultzea izan da, eta baita kanpoan ikasi dudana hemengo jendearekin partekatzeko modu bat ere. Niretzat oso berezia da ekarpen hori egitea, eta izugarri ari naiz gozatzen, nahiz eta erronka eta borroka handia izan. Aberastasun izugarria eman dit, bai artistikoki eta baita pertsonalki ere. Beste lanbide bat ikasi dut. Aurretik, abeslaria nintzen soilik; orain, antolatzailea ere banaiz. Esan beharra dut, hala ere, ez nituzkeela ezergatik aldatuko kanpoan pasatutako urte horiek guztiak.

Zu kanpora joan zinen ikastera, baina La Bohème-n aktore eta abeslari asko izango dira bertakoak. Ba al dago harrobirik?

Izugarrizko harrobia dago. Gehiago ekarriko nituzke, baina lanez lepo daude, eta ezin dute etorri. Oso abeslari onak ditugu, eta beti ahalegintzen naiz bertakoekin lan egiten. Kalitatezko opera eskaintzea da helburua, eta, bertakoekin ahal badugu, primeran. Gainera, gurearen pareko konpainia batzuk ere ari dira borrokan opera eskaintza zabala antolatzeko, eta uste dut garrantzitsua dela indarrak elkartzea, badakigu-eta diru falta dagoela.

Hain justu, esan izan duzu eskertzen duzula erakunde publikoek emandako laguntza, baina ez dela nahikoa. Zein da zure eskakizuna?

Donostiako eta Gipuzkoako ikusleek merezi dute kalitatezko opera. Uste dut jasotzen dugun laguntza, eskertzekoa bada ere, ez dela nahikoa. Beti gaude sarreren menpe, eta oso arriskutsua da hori. Iruditzen zait erakutsi dugula lan handia egiten ari garela ikusle berriak lortzeko: Opera Gazte eta Opera Txiki egitasmoak abian jarri ditugu. Uste dut horrek babes handiagoa merezi duela. Etorkizuneko publikoa hezten ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.