Iratxe Fresneda. EHUko irakaslea

«Finantzaketa lortzeko, beirazko sabaia dute andreek»

Mirentxu Loiarteren 'Irrintzi' filmarekin hasitako ikerketari jarraituz, Euskal Herriko zinemagile emakumezkoen mapa egin du Fresnedak. Nabarmendu du guztiek ausardiaz tratatu dituztela gai sozialak.

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zinemagile emakumezkoei buruzko bibliografia «eskasegia» zela iritzita ekin zion mapa bat osatzeari Iratxe Fresnedak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974). Oraindik ere ikusgarritasun falta dagoela uste du, eta egin duen ikerketa lanak aurkakoa eragingo duela espero du. Ez du ahaztu nahi, ordea, arazoaren muina egituran dagoela: «Zinemagile emakumezkoak, gizonezkoak baino sarriago jo behar du autoekoizpenera bere lana autofinantzatzeko». Helena Tabernaren Lamiak ekoizpen etxea jarri du adibide modura. Zinemari lotutako beste hainbat lanpostutan ere emakumezko ugari izaten dira, eta horiek ere gogoan izan zituen atzo EHUren Udako Ikastaroetan, Donostiako Miramar jauregian, eman zuen hitzaldian: Irrintziaren oihartzunak. Euskal emakumeen begiraden arrastoen bila. Euskadiko Filmategiak argitaratuko duen liburuko ataletako bat izango da Fresnedaren ikerketa.

Ikerketa egitea izan da hasieran zure zalantza handienetako bat, zergatik?

Euskal emakume zinemagileen inguruan ikertzen hasitakoan, honako galdera hau izan nuen buruan: zergatik egin behar zaio beti beste atal bat emakumeari? Konturatu nintzen, ordea, beste esparruetan bezala dela, eta historian generoen arteko berdintasuna lortzen den arte, beharrezkoa izango dela emakumeak aparte ikertzea eta plazaratzea.

Irizpide batzuen arabera, galbahea pasatu beharrean, zakua ireki duzu, eta ikus-entzunezkoak egin dituzten emakumezko guztiak sartu dituzu.

Denak dira ikus-entzunezko kontakizunak edo artefaktuak. Hori izan da abiapuntua. Askotan, dokumentalak edo film laburrak albo batean uzten ditugu, baina denborarekin garrantzi handiagoa hartuz joan dira, eta iruditzen zait oraindik ere gehiago hartu beharko luketela. Horiek ere zinema dira, baita ikerketatik atera dudan uztako zati ere.

Zinemagileen ausardia behin baino gehiagotan aipatu duzu hitzaldian. Nola erakutsi zuten ausardia hori?

Ausartak dira, baina ez bakarrik film bat egiteko erokerian edo odisea horretan sartu direlako; ausartak dira filmetan erabili dituzten gaien trataeragatik. %90ek baino gehiagok gizarteak pairatzen dituen hainbat egoera landu dituzte, horietan jarri dute arreta bereziki. Errealitatearen pertzepzioa eraikitzen ahalegindu dira.

Mirentxu Loiarteren Irrintzi filma (1978) zinemagile emakumezkoen «historiaurrea» dela diozu. Zein da egin zuen ekarpena?

Loiartek Frantzian egin zituen zinema ikasketak, eta, ziurrenik,bere belaunaldian ikasketa horiek egin zituen bakarrenetarikoa izango da. Irritzi-n era esperimentalean kontatzen ditu gauzak. Euskal Herriaren errepresioari buruzko metafora bat egin zuen, eta hainbat kokaleku eta espazio azaleratu zituen horretarako. Egin zuen garairako oso modernoa da. Loiartek beti esaten du garai apurtzaileak eta loaldikoak daudela, eta berak apurtzaileetan bizitzeko zortea izan zuela [Venezuelan bizi da Loiarte, baina badu harremana Fresnedarekin]. Artefaktu bat egin zuen, ez bakarrik lehenengo emakumea izan zelako; uste dut zinemagintza modernoaren aitzindarietako bat ere izan zela.

Imanol Uriberen belaunaldiko lehenengo emakumea izan da Ana Diez. Haren Ander eta Yul filmak (1989) nola lortu zuen gizartean eragitea?

Sekulako kalitatea du Ander eta Yul filmak. Diezek zinemagile gizonezkoen testuinguruan lan egin zuen, eta giro horretan lantzen duen gaia niretzat oso polemikoa izan zelako da garrantzitsua. 80ko hamarkadako egoera soziopolitikoari begirada zinez kritikoa egiten dio filmak. Kontraesanak azaleratzen ditu, eta garai horretan hori egitea ez zen batere erraza.

Urrats bat aurrera egin zuen Arantxa Lazkanok Urte ilunak filmarekin, 1993an.

Zentzu askotan da lan ausarta eta librea. Protagonista neskato bat da, eta haren sexualitatea erakutsi zuen. Zenbait sekuentziatan itzela da, eta itzela da, bestalde, gaztetxoak jasaten duen errepresio laukoitzari egiten dion erretratuagatik: etxeko hezkuntzari, eskolari, erlijioari eta gizarteari dagozkionak azaltzen ditu.

Helena Tabernak Yoyes filma egiteko diru laguntzak lortzeko izan zituen zailtasunak gogoratu dituzu. Autoekoizpena da, agian, ia derrigor hartu behar duten bidea?

Finantzaketa guztietarako da zaila, baina uste dut emakumezkoek beirazko sabai bat dutela gainean finantzaketa pribatua lortzeko garaian. Berdintsua esango nuke diru laguntza publikoak eskuratzeko ere.Hemengo zinema babestua behar bada, emakumezkoek egindakoak are babestuago izan behar luke. Oraindik ere esparru askotan diskriminazio positiboaren beharra dagoela uste dut.

Kimuak proiektuan nola ikusten dituzu zinemagile emakumezkoak?

Katalogoetako gehiengoa ez dira emakumezkoak izaten, baina ikusten da horren ertzetan badirela. Ikusgarritasuna ematen diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.