Rafael Alegria. Via Campesinako koordinatzailea

«Hondurasera begiratu behar du nazioarteak; odolusten ari gara»

2009ko estatu kolpeaz geroztik, oposizioko kide da Alegria. Herrialdea «suntsituta» dagoela dio, eta egoeraren arduradun egin ditu EB eta AEBak, kolpearen ondotik sortutako gobernua babesteagatik.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 30
Nekazarien borrokari estuki lotuta dago Rafael Alegriaren izena (Chuluteca , Honduras, 1952). Hamasei urte zituelarik hasi zuen babesgabeak defendatzeko ibilbidea, nekazariak alfabetatzeko irratsaio batean lanean. Egun, Via Campesina nekazarien mugimenduko koordinatzailea eta 2009ko estatu kolpearen ondotik sortutako FNRP Herri Iraultzarako Fronte Nazionala plataformaren arduradunetako bat da. Herri mugimenduaren Libre adar politikoa ordezkatzen du Hondurasko Kongresuan. Euskal Herrian izan da egunotan, nazioarteko nekazaritza kooperazio proiektu batzuk direla eta.

Zein da apirilean kongresura eraman zenuten nekazaritza erreformaren egoera?

70eko eta 80eko hamarkadetan nekazaritza erreforma prozesua aurrera atera zen, baina ez zen burura eraman Hondurasek sufritu zituen estatu kolpeengatik. 1992an Latinoamerikan eredu neoliberala nagusitu zen, eta kontrarreforma bat ezarri zuten. Lurra pribatizatu zuten, eta merkantzia bihurtu zen; nekazariek lurrak galdu zituzten. Kapitalak erosi zituen lurrok, eta esku gutxitan pilatu ziren. Gaurdaino. Bidegabekeria horiek konpondu nahi ditu erreformak, lurra demokratizatu eta nekazariei finantzaketa iturriak ireki. Baina ez du aurrera egin, Alderdi Nazionalak [agintean dagoen alderdiak] lur jabeen interesak defendatzen dituelako.

Erreforma horrek konponduko al luke herrialdeak sufritzen duen elikadura krisia?

Horixe da legearen helburua: elikadura eredu subiranista sortzea. Gure herrialdeak elikagaien defizita du; artoa, arroza, frijolak, barazkiak eta abar inportatzen ditu. 70eko hamarkadan Amerika erdialdeko aletegi gisa zen ezaguna. Baina politika publikoen erruz dramatikoa da egungo egoera. Herritarren %70 txirotasunean bizi da, eta askok emigratu egiten dute.

Hilketa asko daude Hondurasen. Zer dela eta indarkeria estruktural hori?

45 kazetari, 85 abokatu, 140 nekazari, 2.000 emakume baino gehiago... hil dituzte azken lau urteetan. Historiako garairik tragikoenean bizi da Honduras: munduko herrialderik txiroena da, indarkeria gehien sufritzen duena eta ustelena.

Gobernuak segurtasun indarren erreformarekin hartu nahi ditu indarkeriaren aurkako neurriak.

Juan Orlando Hernandezen gobernua eskuin muturrekoa da. Lizeo militarretan ikasia da, eta ikuspegi militarista du. Orain polizia militarizatu nahi du, eta Polizia Militarra sortu. Aparatu paralelo bat nahi du, adar armatu zapaltzaile bat, haren aginduetara aritzeko.

Eztabaida handia sortu du ZED Garapen Bereziko Eremua proiektuak ere.

Ez dago ezer okerragorik. Luzera begirako kontzesioa eman dio gobernuak nazioarteko kapitalari, herrialdeko hiru eremu kudeatzeko. Eremu horretako baliabideak enpresa kapitalisten esku geratuko dira. Baina ez hori bakarrik: gobernu bat ezarriko dute, Polizia bat, zerga sistema bat... Finean, estatu transnazional bat Hondurasen barruan. Subiranotasuna galduko dugu; herrialdea saldu dute. Hondurastarrok ezingo dugu hara sartu bisarik gabe.

Bost urte igaro dira Manuel Zelayaren aurkako estatu kolpetik. Nola aldatu da herrialdea?

Egun 13.000 milioi dolarreko zorra du Hondurasek [10.400 milioi eurokoa]; horrelako herrialde txiki batentzat ordainezina da. Aurrekontuaren erdia zorra ordaintzeko erabiltzen da. Ez da egiten inbertsiorik osasunean, ezta hezkuntzan ere. Indarkeria errotuta dago, turismorik ez dago, eta ustelkeriaren maila izugarria da. Suntsituta dago herrialdea.

Kolpearen arrazoietako bat izan al zen Honduras ALBA Amerikako Gure Herrientzako Aliantza Bolivartarrean sartzea?

Bai. Baina beste arrazoi asko egon ziren. Manuel Zelayak gutxiengo soldata %60 igo zuen, eta dekretu bat sinatu zuen hiru urtez okupatzen zeramatzaten lurren jabe egin zitezen nekazariak, gobernuak lur jabeei kalte-ordainak ordainduta. Petrolioaren negozioa transnazionalei kendu zien, eta harreman ekonomikoak estutu zituen Venezuelarekin. ALBA oso onuragarria zen Hondurasentzat, kooperazio programa ugari baitzeuden. Baina enpresaburuak, politikari tradizionalak eta AEBak aurka zeuden, eta, horren ondorioz, estatu kolpea antolatu zuten.

Nazioarteak gaitzetsi zuen estatu kolpea, baina ondorengo bozak ontzat eman zituen. Bakartuta sentitzen al zarete?

Bai. Nazioarteak bere jarrerari eutsi izan balio, ez ginateke horrela egongo. Nazioartearen arazoa da AEBen interesen arabera mugitzen dela. Eta Washingtonek nazioartea konbentzitu zuen hauteskunde haietatik aterako zena babesteko, nahiz eta zilegitasunik ez izan; %65ek ez zuten botoa eman. 2013ko bozetan, Hauteskunde Batzorde Gorenak 900.000 boto eman zizkigun, baina guk milioitik gora jaso genituen. Iruzur eskandalagarria egin zuten. EB Europako Batasuna eta AEBak, hein batean, egungo egoeraren erantzule dira. Hondurasera begiratu behar du nazioarteak; odolusten ari gara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna