Iker Vicente. Aizkolaria

«Espero dut esperientzia faltak urduri ez jartzea»

Lehen apustua du Iker Vicentek bihar Tolosan Xabier Orbegozo 'Arria V.a'-ren aurka jokatuko duena. Halere, lasai dago, eta baikor. Konfiantza handia du bere buruarengan.
IÑIGO URIZ / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko apirilak 7
Gezurra dirudi bihar lehen apustua jokatuko duenik, eta are gutxiago oraindik 21 dituela kontuan hartuta. Lasai eta pozik dago Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1997). Ingurukoen animoak eta babesa izango ditu bidelagun estreinakoan. Plazaratzeko orduak kontatzen ari da.

Hiru hilabete igaro dira Kantabrikon apustua lotu zenutenetik. Nola joan da prestaketa?

Apustua adostu genuen hurrengo egunetik ari naiz buru-belarri prestaketan. Hasieran oso gogorrak egin zitzaizkidan entrenamenduak, ez nengoelako ohituta korrika egiten, ezta gimnasioan lan egiten ere. Denborarekin, gorputza ohituz joan da, eta, gerora, sasoi ona hartuz joan naiz. Oso ondo sentitzen naiz. Azken egunetako atseden honekin, ondo iritsiko naiz apustura.

Tarte honetan, binakako txapela irabazi duzu Ruben Saralegi lehengusuarekin. Zer eman dizu txapelketak?

Uste dut oso ondo etorri zaidala txapelketa, batez ere apustutik deskonektatzeko. Berdin aritu naiz entrenatzen aste osoan, baina asteburuetan probak izateak apustuarekin ez itsutzeko balio izan dit.

Zu ikusten aritu diren askok diote oso erraz ibili zarela. Zuk ere horrela uste al duzu?

Sasoi onean ibili naiz txapelketan, eta, egia esan, hori nabaritu egiten da gero. Apusturako entrenamendu onak egiteak isla izan du txapelketan.

Ezer berezirik entrenatzen ibili al zara apusturako?

Apustu luzea izango da, txapelketekin alderatuz gero. Txapelketako saioak 40 minuturen bueltan izaten dira, eta apustua badirudi ia ordubetekoa izango dela. Horretan egin dut ahalegina, entrenamenduak luzatu ditut.

Zer-nolako apustua komeni zaizu?

Oso ondo prestatuta nagoen arren, niri gehiago komeni zait 50 minuturen inguruan ibiltzea. Hala ere, egur gogorretan ondo ikusten dut neure burua, eta teknikoki oso gustura nabil. Luzatuko balitz ere ez dut uste hainbesteko kalterik egingo didanik.

Non atera dezakezu abantaila gehien?

Oso lehia estua izango dela iruditzen zait. Kontuan hartu beharko da nola hasten garen, gero lanari eutsi egin behar baitzaio. Pentsatzen dut biak nahiko indartsu hasiko garela.

Zure lehen apustua izango da. Esperientzia faltak beldurra ematen al dizu?

Baliteke esperientzia faltagatik agian txapelketan baino urduriago egotea. Eguna iritsi arte ez dut jakingo, baina iruditzen zait nerbioak ondo kudeatuko ditudala. Lanari eta esfortzuari eutsi beharko diot, besterik ez dago.

Nola pentsatzen duzu irtengo dela Arria V.a?

Oso ondo prestatzen den aizkolaria da, oso gogorra da. Badakit oso ondo prestatuta joango dela, beti joaten den moduan. Gainera, esperientzia handia du.

Presio berezirik nabari al duzu?

Niretzat, apustua edozein txapelketa baino garrantzitsuagoa da. Dirua jartzen da, inguruan jende asko izaten dugu laguntzen, eta haiengatik bakarrik ere presio pixka bat nabaritzen dut. Badirudi inguruko herrietatik jende asko joango dela apustua bertatik bertara ikustea.

Jendea dirua zure alde jokatzen ari da. Faborito argiegia izateak zer esanahi du?

Ez du ezer esan nahi. Orain dela aste batzuk ikusi besterik ez dago zer gertatu zen. Mieltxo Mindegiaren alde zegoen dirua argi samar, eta, azkenean, Luis Mari Txapartegik irabazi zuen apustua. Ez diot kasu handirik egiten diruari.

Egurrek zerikusi handia izaten dute apustuetan. Zuk 60 ontzako enborrak plazaratuko dituzu, eta Arria V.ak, kana-erdikoak. Zer-nolako egurrak izango dira?

Asko kostatu zaigu egurrak bilatzea. Oso negu gogorra izan dugu: hotza, euria... Etxean ez genuen nahiko egur; batzuekin probatu genuen, baina ez ginen gustura gelditu. Badirudi, hala ere, moldatuko garela. Ohiko egurrak dira.

Argi al duzu nondik hasiko zaren lanean?

Egurrak plazaratzean ikusi beharko dugu zer komeni zaigun gehiago. Arriak oso gogorrak eramango balitu, gauza asko aldatuko litzateke. Egunean bertan ikusi beharreko gauza bat izango da.

Apustutik zerk ematen dizu errespetu handiena?

Lana ondo egitea hasieratik amaierara arte. Ez nuke nahi txakalaldirik izatea apustuak irauten duen bitartean. Espero dut esperientzia faltak urduri ez jartzea.

Laguntzaile moduan aita izango duzu ondoan. Hark badu eskarmentua apustuak jokatzen. Zer gomendio eman dizu?

Apustua lotu genuenetik egunero horretan pentsatzen dabil aita. Lasai joateko esaten dit, etxeko lanak ondo egin ditugula, eta, irabazten badut, ondo, eta galtzen badut ez dela ezer gertatzen.

Apustua irabazi edo galdu, ez da azkena izango, ezta?

Pentsatzen dut ezetz. Oraintxe bertan ez dut beste apusturen baten konturik entzun nahi. Oso gaztea naiz, eta, galduz gero ez badut atsekabe handia hartzen, ziur aurrerago ere besteren bat jokatzeko moduan izango naizela. Baina ez dut horretan pentsatzen. Babesleak ere zerikusi handia dute apustuetan, eta haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke halakorik jokatzea.

Zerekin konformatuko zinateke?

Irabaztearekin! Horretara goaz, eta horregatik bota genuen dirua mahai gainera. Gainera, Nazabalen garaitik ez da aizkolari askorik atera Nafarroan, eta jendea gogotsu dago. Nik ere onena eman nahi dut haiengatik.

Ikusmin handia sortu du apustuak, azken urteetako handiena. Zer iritzi duzu?

Apustu handi baten aurrean gaudela iruditzen zait. Lan handia egingo dugu, azkenaldian egin den handienetakoa. Ondo prestatuta gaude, ikuskizun on bat emateko prest. Ziur naiz oso lehia estua eta gogorra ikusiko dugula. Uste dut aizkorak behar zuela horrelako apustu bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna