Miguel Benlloch. Artista eta aktibista

«Ni ez nau beldurtzen gaixotasunak, min fisikoak baizik»

Miguel Benllochek 'De Rerum Natura' performancea ondu du, bere bizipenetatik abiatuta. Gaixotasuna baztertu ordez, bizitzan integratu nahi du. Donostiako Tabakaleran egingo du obra lehen aldiz, gaur.

Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bi arlo uztartzen ditu Miguel Benllochek (Loja, Granada, Espainia, 1954): aktibismoa eta artea. 1970eko hamarkadan, Espainiako askapen homosexualeko mugimenduetan parte hartu zuen, eta mugimendu sozialetan ere erreferentziala izan da. 1988tik, BNV ekoizpen etxean egiten du lan, eta, 2013an, Acaeció en Granada (Granadan gertatu zen) liburua argitaratu zuen, Ciengramos argitaletxearekin. Haren ibilbide profesionala eta bizitza jasotzen ditu lanak. Egun, Sevillan (Espainia) bizi da, eta performanceak egiten ditu; gehienak, enkarguz. Donostian da egunotan, Tabakalerako Anarchivo Sida erakusketarako propio sortu duen performancea aurkezten: De Rerum Natura, Quien canta su mal espanta (Abesten duenak bere gaitza uxatzen du). Bihar egingo du estreinaldia, erakusketan bertan, 18:00etan. Hiesaren inguruko erakusketa da, eta hark jorratzen dituen gaiak bildu ditu ikuskizunean. «Ez dut perfekzioa nahi, beti dago inprobisazio puntu bat, eta pobrezia eta aberastasuna ere bai, aldi berean».

Ez da Euskal Herrian zauden lehen aldia, ezta?

Euskal Herriarekin dudan harremana aspaldidanikoa da. Artelekun performance bat egindakoa naiz, 51 géneros izenekoa. Nire lanean eragin zuzena du generoaren eta bizitzaren eraikuntzak. Gorputzean badago atal bat eraiki daitekeena. Gaur egingo dudan performancean, gaixotasuna gorputz autonomoaren parte da, eta autonomia horretatik dator sendabidea. Nire lanek lotura dute batak bestearekin; denak leku beretik abiatzen dira: bizitza bizitzeko jarrera batetik. Niretzat, performancea ez da antzezpen bat, aurkezpen bat baizik. Niri eragiten didaten gauzak kontatzen ditudan une bat da.

Osasun sistema publikoaren, farmazia industriako multinazionalen eta gorputz gaixoen tratamenduaren inguruko hausnarketa bat da De Rerum Natura.

Nik uste dut osasun sistema publikoak egin duen lana hain dela ona, ezen defenditu egin behar dugu. Herrialde honetan, edo nahi dugun moduan dei diezaiokegu, arreta urritasuna dago pertsonengan. Gizarte kapitalista guztiek dituzte baliabideak, eta, tamalez, baliabide horiek sortzen diren lekuak potentzia handiek desjabetu egiten dituzte. Nik zuzenean ez dut hitz egiten horren inguruan, baina presente dago: niri egiten dizkidaten probetatik, nik munduari egingo nizkiokeen probetara pasatzen naiz. Nolabait, diagnostiko bat egiten dut planeta pozoitzen duen kapitalaren inguruan. Gu horren parte gara, eta gaizki horren inguruan hitz egiteko erabiltzen dut nire gorputza.

Gaixoaren diagnostikoaren inguruko txosten bat da?

Gaixoa beti izan da baztertutako izaki bat, eta performance honek estigmatizatutako gorputz hori birkokatu nahi du. Estigma horretatik urrundu nahi du, eta bizitzaren parte egin. Forma gabeko gorputzaren inguruan informatzen ari naiz, modu batera. Deformazio horrek ez du zertan txarra izan, nahiz eta etengabeko kontraesanean bizi garen. Bizitza bera da etengabeko ziurtasunik eza. Gaixotasuna hor dago; momentu batzuetan mina duzu, eta hori da benetan kentzen saiatu behar duzuna. Horretarako dago osasun publikoa. Ni ez nau beldurtzen gaixotasunak, min fisikoak baizik. Minaren mistika batean hazi gara, baina ez dut uste hori ona denik [barrez].

Performancean abestu egingo duzu.

Eraldatze honekin jokatzen dut: bizitza desagertzea eta agertzea da, eta bide horrek zeharkatzen gaitu. Ekintza honetan orain arte erabili ez ditudan gauza batzuk erabiliko ditut, aspalditik buruan nituenak. Nik normalean ez dut abesten, eta ez dut horretarako formaziorik. Baina esaldi honek oso ondo islatzen du nik kontatu nahi dudana: abesten duenak bere gaitza uxatzen du.

Autobiografikoa al da ikuskizuna?

Bai, asko du autobiografiatik. Baina beti dago kanpoaldearekin erlazionatuta. Nik, aspalditik, C hepatitisa daukat, eta proba ezberdinak-eta egin dizkidate... Badago zerbait nigandik; beti kezkatzen gaitu gauza batek guri gertatzen zaigunean. Hori onartu beharra dago. Nire esperientziatik abiatu naiz, baina esperientzia hori zabaldu dut besteez hitz egiteko.

Beti identitatearen eraikuntzaren inguruan lan egiten duzu. Zergatik?

Niretzat identitatea mugikorra da. Garrantzitsuena besteekin duzun harremana da, eta, erlazionatzeko prozesu horretan, espazio batek egon behar du desidentifikatzeko. Hori interesatzen zait, batez ere, eta ez identitate sendo eta itxi bat eraikitzea. Dena den, momentu batzuetan baieztatu egin behar duzu identitate hori; erasoen aurrean, batez ere. Eta hori ulertzen dut. Baina ez dugu arreta gehiegi jarri behar kontzeptu horretan, horrek ez digulako uzten ingurukoak ezagutzen. Nire lana gehiago oinarritzen da desidentifikazioan, identifikazioan baino.

Identitatea berreraiki daiteke?

Noski, guztia bezala, beti eraldatzen ari gara; ez dago aukerarik leku batean gelditzeko. Kanpora ireki behar dugu. Niri gero eta gutxiago inporta zait nongoa naizen. Gero eta gehiago axola zait nor naizen, nongoa baino.

Nola ikusten duzu hiesaren egungo egoera?

Asko aurreratu dugu sendabideetan. Hiesaren agerpena izugarria izan zen; urte askoan jende asko kendu zigun gaixotasunak. Garai hartan ez zuen sendabiderik. Orain ere ez du sendabiderik, baina artatu daiteke. Halere, sendabide batek egon behar du, eta, horretarako, ikerketa sustatu behar da. Bestalde, gizarteak uste du gaixotasuna kontrolpean dagoela, eta ez da kezkatzen kutsatzeko moduen inguruan. 1980ko hamarkada beldurgarria izan zen; batez ere, komunitate homosexualean. Eta, Espainian, are gehiago, diktadura batetik irten berri ginelako.

Urte horietan, askapen homosexualeko mugimenduetan ibili zinen. Nola oroitzen duzu garai hura?

Ez dut egingo gaztaroaren apologiarik [barreak]. Ni Izquierda Revolucionarian militante nintzen, hemen Euskadiko Mugimendu Komunista litzatekeena. Feminismoan garrantzi handia izan zuen, eta, 1970eko hamarkadako amaieran, mugimendu homosexual bat ere hedatu zen. Pentsaera erabat ireki zitzaigun, baita ezagutza ere; ez da armairutik irten ginela, ez genekien besteek armairua zutenik ere. Elkartasunasko, festa asko, poz asko... izan genuen. Baina ni berehala hasi nintzen zalantzan jartzen identitate kontzeptu homosexuala, berdintasuna, normalizazioa...

Zure ideiak aldatu ziren?

Erakundeen jarrerarekin bat ez etortzen hasi nintzen, eta ez nintzen gehiago horrelako erakunde bateko militante izan. Dena aldatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.