Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura «Nire erritmoa normal samarra zen jaialdi baterako»

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. Aitor Mendiluze. Bertsolaria

«Nire erritmoa normal samarra zen jaialdi baterako»

Plazako ukituak, erritmoak eta bertsokera eraman nahi izan ditu Aitor Mendiluzek txapelketara, saio bakoitza plaza bat gehiago izatea nahi duelako. Durangon irabazita, esku-eskura du BECeko finala ere.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-11-14 / Miren Garate

Azken txanpan sartu da dagoeneko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Herenegun, Durangon (Bizkaia) izan zen finalaurrekoetako lehen faseko azken saioa. Aise irabazi zuen Aitor Mendiluzek (Andoain, Gipuzkoa, 1975). Hizketan bezala egin zuen bertsotan, izugarri bizi kantatuz eta oso erraz ari zen sentsazioa emanez une oro. 740,5 puntu eskuratu zituen, eta Iruñeko finalaurrekoan huts handiren batzuk egiten ez baditu, finalean izango da, Maialen Lujanbiok eta biek koska handia ateratzen baitiete beste bertsolariei.

2.100 lagunek bete egin zuten Landako gunea, eta txapelketako saiorik osoenetakoa izan zen, maila handia erakutsi baitzuten bertsolari guztiek. Mendiluzek ez ezik, finalean sartzeko aukeren lehian bizi-bizirik jarraitzen dute Miren Amurizak (678,5), Jon Maiak (675) eta Oihana Iguaranek (671) ere. Hurrenez hurren, zortzigarren, bederatzigarren eta hamaikagarren amaitu dute lehen fasea —lehen zazpiak ariko dira finalean—. Kartzelan behera egin izanak aldendu du lehia horretatik Iñaki Apalategi, nahiz eta bigarren fasean aritzeko aukera izango duen. Herenegungo saiotik Miren Artetxek soilik ez du egin aurrera. Nolanahi ere, itxura oso ona eman zuen hark ere; bikain ibili zen puntuak erantzuten, eta ideietan argi binakako lanetan. Kartzelako ariketan ez zuen asmatu. Hain zuzen, kartzelakoa izan zen Mendiluze nabarmendu ez zen ariketa bakarra, gainerako guztietan koska bat gorago aritu baitzen.

Saioaren ostean, zure bizitasuna zen jendeak gehien nabarmentzen zuen gauzetako bat. Azkar hasten zinen kantuan, eta kantatu ere azkar egin zenuen.

Ni bertsotan egitera joan nintzen, bertso saio bat egitera. Uste dut nire erritmoa normal samarra zela jaialdi baterako. Beharbada, ohituta gaude txapelketan jendeak tempoa asko mantsotzera, askoz lasaiago edo polikiago abestera, eta nire lanaren gakoetako bat bestea da: bertsotan normal egitera joatea. Bakarkakoan, akaso, azkarregi hasi nintzen; gero, bertso eskolakoek kargu hartu zidaten.

Saioaren aurretik esan zenuen zeure estiloan aritu nahi zenuela. Zure estiloaren parte bada bizitasun hori, ezta?

Nik uste dut baietz, ez bereziki azkarregi egitea, baina bai ez bereiztea hainbeste txapelketa eta plaza; alegia, nahi dut txapelketa plaza bat gehiago izatea niretzat. Plazako ukituak, erritmoa eta plazako bertsokera eraman nahi izan ditut, beharbada, aurtengo txapelketan, zenbaitengan faltan bota dudan zerbait izan delako hori. Iruditu zait batzuek txapelketari eman diotela beste jardun mota baten tratamendua, eta, beharbada, beharbada, akats bat izan daiteke. Ez da behintzat nik egin nahi dudana, horregatik saiatu naiz kontrakoa egiten.

Gainerakoan, zertan uste duzu eman zenuela zeuretik Durangon?

Ariketa konkretu batean baino gehiago, oholtzan egoteko moduan. Jon Maia eta biok ginen zaharrenak, bai adinez, bai txapelketan dugun eskarmentuz, eta uste dut guri zegokigula oholtza egitea edo taldea zaintzea. Jonek zorte txarra izan zuen errepidean, eta denboraz justu iritsi zen, baina uste dut taldea sortzen asmatu genuela. Bertsoei dagokienez, erantzutera joan nintzen, eta hori bada nire ezaugarri bat, edo gustatzen zaidan zerbait, behintzat.

Puntuazioaren arabera, koska bat gainetik ibili zinen kartzelan ez beste ariketa guztietan. Zeuk nolako sentsazioak izan zenituen oholtzan?

Irten nintzenean, nahiko eroso sentitzen nintzen; oholtzan urduritasun puntu bat bai, tentsioa ere bai, baina tenple onean nengoen. Gero, saioan zehar, buruak ematen zuela sentitzen nuen, bertsotarako zegoela, eta alde horretatik ere nahiko eroso, ez neukalako tiraka ibili beharrik. Hortik aparte, ordea, ez neukan besteen gainetik ari nintzelako sentsaziorik. Egia da saio osoa ere ez nuela jarraitu, ezin duzu saio osoa pasatu azterketaz azterketa, baina iruditzen zitzaidan saio polita zihoala, eta geure artean ere hori komentatu genuen.

Irristada txiki bat kartzelako bigarren bertsoan egin zenuen. Doinu berrian kantatu zenuen. Horrek eraginda nahastu zinen?

Ez, doinua landuta neukan, eta erosoa da bertsotarako; ez zuen doinuarekin zerikusirik izan. Uste dut bertsoaren bukaera erraz samar ikusi nuela, eta zera gertatu zitzaidan: duda sartu zitzaidan silabetan, eta ez nekien «ta» edo «eta» esan behar nuen, eta horrekin bueltaka kateatu nintzen, baina ez nion aparteko garrantzirik eman.

Finalaurrekoetarako sailkatuta zeundetenon artean, azkena izan zara hasten. Luze joan zaizu hasi arteko denbora hori?

Txapelketa irailaren 23an hasi zen, eta hilabete eta erdi egon naiz abestu arte. Tarte horretan, ingurukoekin biltzen zara, haiekin batera ari zara txapelketa bizitzen, saio batzuetara joaten zara, eta zure tenplea pasatzeko arriskua ere badago. Alde horretatik, luze egin zait, baina esperientziak horrelako gauzak kudeatzen ere laguntzen du, zeure burua kokatzen txapelketaren momentu ezberdinetan: noiz jo eta noiz erlaxatu ikusten.

740,5 puntu lortu zenituen. Esku-eskura duzu finalerako txartela, eta horrek Iruñeko saiora lasaiago joateko aukera emango dizu. Prestaketan zerbait aldatzeko asmorik baduzu?

Zentzu batean, lasaiago joango naiz, lehen saioak eragiten duen ardura eta tentsioa nituelako Durangon. Baina hortik aurrera, nik joan behar dut aurrekoa berdintzera, eta, ahal bada, hobeto egitera, gutxiagorekin ezin naiz konformatu. Gero, aterako da edo ez, auskalo, baina jarrera horrekin joango naiz, bai geure buruari zor diogulako, bai Iruñera joango diren entzuleei zor diegulako. Prestaketari dagokionez, egin dut lana noski, baina batez ere taldean biltzea eta abestea izan da lan hori. Etxean ezer gutxi egin dut, eta uste dut asmatu dudala, banuelako freskotasuna galtzeko kezka. Bigarren fasean, ariketa berriak sartzen dira: puntuka jardun beharko dugu eta hamarreko txikian. Azken hori, batzuentzat ez, baina guretzat berria izango da. Berez, plazan askotan egiten ditugun ariketak dira, baina hurrengo asteetan landu beharko ditugu bertso eskolan doinuak eta erritmoak eta halakoak.

Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Alaia Martin izango dituzu kantukide Iruñean. Nolako saioa aurreikus daiteke?

Durangon ere, beharbada, bertsokera eta txapelketako saioa bizitzeko bi ikuspegi desberdin zeuden, eta Iruñeko saioan ere badago tempoetan-eta kontrastea egoteko aukera. Neurri batean, positiboa da hori, entzuleak zerbait anitzagoa bizitzeko aukera izango duelako. Gero bakoitzari gustatzen zaiona gustatuko zaio, baina saioari nortasun berezia emango dio.

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak