Sortuk Miarritzera deitu du, «badelako garaia iheslariak etxeratzeko»

Urrats garrantzitsutzat jo du Barrenak EIPK-k mintzaidetza aurkeztuz konponbidearekiko agertu konpromisoa

Erredakzioa
2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egin bezala, Euskal Iheslarien Politikoen Kolektiboa ere ari da bere ekarpena egiten, konponbiderako prozesu demokratikoak aurrera egin dezan». Hala esan zuen atzo Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak, eta urrats garrantzitsutzat jo zuen «mundu osoan zehar barreiatuta eta hainbat egoeratan dauden iheslariek» hamalau lagunez osatutako mintzaidetza aurkeztu izana. Preso eta iheslarien itzuleran ados jartzeko beharra agertzen da Aieten aurkeztutako gomendioetan, eta bide horretan, «iheslariak etxeratzeko garaia» heldu dela esan zuen Barrenak: «Arrazoi politikoak medio alde egin zutenek itzultzeko eskubide osoa izan behar dute».

Iheslarien ekarpena txalotzearekin batera, Espainiako Estatuaren «jarrera suntsitzailea» kritikatu zuen Sortuko bozeramaileak, etengabe «bakearen eta konponbidearen aurkako erasoak» egiten ari direlako: «Etsipena eta ezintasun giroa zabaldu nahi dute gure herrian». Azkenik, Barrenak dei egin zien herritarrei gaur Herria dugu arnas lelopean Miarritzen antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera, «euskal herritar guztiek dutelako Euskal Herrian aske bizitzeko eskubidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.