Nadine Leonard. Les Bascos elkarteko kidea

«Gehienbat gizonek dituzte legeak egiten»

Ugalketa lagunduaren inguruko legedia aldatzeko helburuarekin, Frantziako erakundeek abian jarri dute bioetikari buruzko biltzar orokor bat. Eztabaida publikoa elikatuko da prozesu horren bidez.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Bioetikari buruzko biltzar orokorra abiatu dute Frantzian, eta ernalkuntza lagundua izango da aztergai. Les Bascos elkarteak mahai inguru bat antolatu du gai horri buruz, eta han parte hartu du Nadine Leonardek (Miarritze, Lapurdi, 1956). Emazteen eskubideez arduratzen da elkartean.

Zein egoera ezartzen dute egun Frantziako legeek?

Egun, ugalketa lagunduko tratamentu bat jasotzeko, heterosexuala zarela frogatu behar duzu, eta ezkondua, izatezko bikotea edo duela bi urte bikotean zarela. Horrez gain, ikuspegi medikotik, frogatu behar da emakumea agorra dela, eta haurrak sorrarazteko adina duela —hots, 43 urte baino gutxiago—. Nire ustez, bada gurasotasuna eskuratzeko gogo bat, ez duena zer ikusirik sexu joerarekin. Bikotean izan zaitezke emazte batekin, eta haur bat izateko gogoa izan edo ez; eta emazte bat bakarrik izan zaitezke, eta haur bat izateko gogoa izan, baina senarrik izan gabe. Familiaren garapena da. Aita bat eta ama bat izatea biziki ongi da, baina bi ama edo bi aita izatea ere ongi da. Aurkariek kontrakoa diote, haurrarentzat arazo bat dela, baina ez zait iduritzen.

Frantzia murgildua da legea molda dezakeen gogoeta fasean. Zer garapen posible ikusten duzu?

Legea zazpi urtean behin berrikusia da. Eskerrak. Eztabaida publikoak izaten dira, eta Internet bidez ere parte har daiteke; denek iritzia eman dezakete. Bukaeran jakingo dugu herritarrak zer heinetaraino izango diren entzunak. Ugalketa lagunduko tratamenduak emazte guziei ireki behar litzaizkieke, baldintza berberetan. Egia da galdera praktiko batzuk erantzun beharko direla horretarako, baina emazte guztiek, edozein izanda ere, tratu bera jaso beharko lukete. Hori da esperantza.

Zein dira traba nagusiak?

Betikoak: haurraren eskubideak eta problematika juridiko osoa. Gero, emazte guztiei irekitzen bada, emakume gehiagok egingo dute. Izango ote da aski esperma? Ez al du emaitzaren doakotasuna moldatuko? Aseguru medikuak bere gain hartuko ote ditu tratamenduak? Horrez gain, ezkontza homosexuala legeztatzean atera zen argudio nagusia ere bada: aita bateko eta ama bateko familia eredua. Alta, erakutsi da ez dela problematika gehiago edo gutxiago, aita batekin eta ama batekin hazi diren haurrekin konparatuta. Jende askok pentsatu du sexu berekoen ezkontzak konpondu zuela guraso izatearen problematika bikote homosexualentzat, baina ez da hala. Adopzioa biziki mugatua da, eta biziki zaila da eskaera bati erantzun positiboa izatea. Nazioarteko adopziora bideratzen dira; beraz, adopta dezakete herrialde horietako legeak bikote homosexualek adoptatzea baimentzen badu.

Hogei urte dira ez dela legedia aldatu Frantzian. Nola da posible, inkestek diotelarik herritarren %60 legea aldatzearen aldekoak direla?

Parte batean soilik erantzun dezaket galdera. Dirudienez, gizartea prest da; %60 asko da, baina ez da osotasuna. Beraz, politikariek errealitate horrekin egin behar dute lan. %40 ez da ados, edo konbentzitzeko dago; pedagogia egin behar da. Espero dut modu baketsuan egingo dela. Bikote homosexualentzako ezkontza bezala baldin bada... Oso konplikatua eta herraz betea izan zen. Beste herrialde batzuetan urteak dira ugalketa lagunduko tratameduak legeztatuak direla bakarrik diren emakumeentzat eta bikote homosexualentzat. Familia ereduak aldatu dira, eta segur aski badugu beranta pixka bat.

Zein izan da familia ereduaren aldaketa?

Aita batez eta ama batez osaturiko familia eredua beti existitu da, baina urteetan mentalitateak eta legeak aldatu dira. Ez aspaldi, senarra, egitez, familiako aita zen, baita haurren aita ere; 1960ko hamarkadara itxaron behar izan zen hori aldatzeko. Orduan, emazteek lan egin ahal izan zuten, eta senarraren beharrik gabe banku kontu bat egin; beraz, familia etengabeko garapen batean izan da. Gaur egun askotarikoa da: familia klasikoak badira, berriz osatuak... Aldatzen ari da gizartea ere. Hori kontuan harturik begiratu beharko genuke legedia. Gizarteak aldatu beharko lituzke legeak, eta ez legeek gizartea.

Zuen eguneroko lanean, zein estereotipo nagusi aurkitzen dituzue?

Oinarrizkoena da gizon bat eta emakume bat behar direla haur bat egiteko. Egia da obulu bat eta espermatozoide bat behar direla, baina, horretaz aparte, estereotipo gogorrena eta zaharrena da aita eta ama bat behar direla. Ezkonduak direnek maitasunez haur bat ematen diotela batak besteari: hori oso katolikoa da. Gehien errotua hori da. Horrekin batera, beste ideia da zer problematika izango lituzkeen bi aita edo bi ama dituen haur batek. Mahai inguruan, 5 urteko bikiak zituen emazte batek kontatu zuen egun batean bere haur bati beste batek galdetu ziola nolakoa zen bi ama izatea; haurrak erantzun eta galdegin zion nolakoa zen aita bat izatea. Ongi ari diren haurrak dira. Aurkariek hori leporatuko digute beti, denentzako ezkontzan izan zen bezalaxe. Konbentzitu egin beharko da, azaldu. Egin diren ikerketek erakusten dute haurren artean ez dela ezberdintasunik, familia eredua edozein izanda ere.

Aurkarien argudio nagusietakoa da haurrak aitarik gabe heziko direla. Azkenean, horrek ez al du loturarik sistema patriarkaleko aitaren figura desagertzearen beldurrarekin?

Beharbada bai. Baina ez da desagertzen, beste forma batzuk hartzen du. Ez dakit beldur nagusia den. Beldurren artean ere bada, beharbada, bakarrik erabakitzearen ideia. Aitarik gabe guraso izateko aukera bada gizonik gabe egitea ere. Beraz, bai, hori badago. Gainera, gehienbat gizonek dituzte legeak egiten. Horren atzean, haurdunaldi subrogatuaren galdera ezkutatzen da. Beste gai bat da, baina iritsiko da. Oso gai konplikatu gisara ikusten da, baina hor dago, eta eztabaidatu egin beharko da. Oraingo eginbeharra da emazteak eroso sentiaraztea, zailtasun anitz dituztelako guraso bihurtzeko. Oso konplikatua da, juridikoki ere bai, eta egiazko hipokrisia da. Haurrak existitzen dira, ahal dugun bezala egiten dugu, baina ez luke hala izan behar, gauzek argi izan beharko lukete.

Zer ikusten duzu lehentasun gisa?

Eskubide berberak eman behar zaizkie familia eta haur guziei. Egiteko formak legeak definitzen baditu, orduan emakumeak zein haurrak lanjerean jartzen dituzten praktika basak deuseztatzen dira. Legeztatua ez den bitartean, kontrakoa gertatzen da. Gainera, haurrak sortuz doaz jada; beraz, ez du zentzurik. Denen babeserako legeztatu behar dira praktika horiek, arlo guzietan. Adibidez, gaur egun, biziki konplikatua da beste herrialde batean ugalketa lagunduz jaiotako haur baten sorrera Frantzian legeztatzea, eta juridikoki aurrera egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.