Euskararen ofizialtasuna Nafarroan. Miguel Izu. Legelaria

«Foru lege batek ez du ekarriko ofizialtasuna, baina badira beste bide asko»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Zuzenbideko doktorea eta Nafarroako Administrazio Auzitegiko eleduna da Miguel Izu (Iruñea, 1960). Nafarroako Ezker Batuko parlamentaria ere izan zen hainbat urtez. Nafarroako erregimen linguistikoaz hitz egin zuen atzo.

Esan duzu foru lege baten bidez ezin dela ofizialtasuna ezarri. Zergatik ez?

Euskarari erabateko bermea eta aitortza ematearen aldekoa naiz ni, baina parlamentuko batzorde honetara gonbidatu ninduten ofizialtasunaren bide juridikoak aztertzeko, eta, gaur egun, ezin dut besterik esan: ofizialtasunaren helburua ez da beteko foru lege baten bidez. Espainiako Gorteek Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatu beharko lukete lehenbizi. Harrigarria da gure foru erregimenak duen gabezia hori, gainontzeko autonomietako parlamentu eta batzorde legegileek aitortua baitute euren estatutuak aldatzeko gaitasuna; Nafarroak ez, ordea.

Hortaz, Nafarroan ez dago hizkuntza eskubideak bermatzeko legezko biderik?

Egon badaude, noski. Foru lege batek ez du ekarriko euskararen ofizialtasuna, baina badira beste aukera eta bide asko ere. Alde batetik, esan beharra dago Nafarroako Euskararen Legea oso-oso murritza dela, eta gauza asko uzten dituela airean, ezer zehaztu gabe. Horrek arazo ugari eragin ditu azken hamarkadetan, administrazioak beti euskararen kaltetan interpretatu baitu legea. Bestalde, Europako hizkuntza gutxituen ituna ere badugu. Hor azaltzen diren irizpideak aplikatuta, hiztunen eskubideak bermatuko lituzkeen lege berri bat diseina daiteke, edo neurri berriak aplikatu.

Hori ez al da adabaki bat jartzea? Ez al luke euskara utziko unean uneko gobernuek hartutako erabakien menpe?

Bai, baina beti izanen dugu arazo hori. Euskararen auzian, desiragarria izanen litzateke kontsentsu zabalak lortzea, eta, horiek oinarri gisa hartuta, lege sendo bat ontzea. Gero, gobernu bakoitzak eginen du bere politika, aurrerakoia ala kontserbadorea, baina gutxieneko oinarri batetik abiatuta, eta hiztunen eskubideak errespetatuz, betiere. Tamalez, egungo egoera oso bestelakoa da. Eztabaida pausatuak eta zentzuzkoak behar ditugu, eta batzorde hau eratu izana, adibidez, aurrera urrats garrantzitsua da, parlamentariak hizkuntza politikaz hitz egitera eta hausnartzera behartu dituelako.

Batzordea kritikatu dute UPNk, PSNk eta PPk. «Nazio eraikuntzarekin» lotu dute...

Euskara eta politika lotuta daude, eta hala behar du izan. Zentzugabea da hizkuntza politika «despolitizatu» nahi izatea, UPNk nahi duen bezala. Hori onartzen ez dugun bitartean, zaila izanen da kontsentsuak lortzea.

Parlamentuko batzordeak sei hilabeteko epea du proposamen bat idazteko. Ba al dago euskararen lege berri bat onartzeko denborarik 2019ko hauteskundeen aurretik?

Ez naiz ausartzen galdera horri erantzutera. Lege berria legealdi honetan iritsiko den ala auziari geroago helduko zaion? Ez dakit. Argi daukadana da egungo legeak ez duela balio, berritu beharra dagoela, eta aldaketa hori goiz edo berandu etorriko dela. Baina ez dut nik eperik jarriko.

Lauko gobernuko alderdien artean arrakala handiak azaleratu dira euskararen auzian. Posible al da gutxieneko adostasun bat lortzea?

Baiezkoan nago. Ene uste apalean, ahalegin guztiak ofizialtasunaren aitortzara mugatzea oker estrategikoa izan daiteke alde horretatik, kale itsu batera eraman baikaitzake. Hortaz, zonifikazioak orain arte eragin dituen kalteak beste era batean plantea litezke, eskubideak bermatze aldera: Europako itunak, adibidez, ez du aintzat hartzen ofizialtasuna, hizkuntza gutxituak babesteko tenorean. Hizkuntza eskubideek berdin-berdinak izan beharko lukete hizkuntza ofizialen eta ez-ofizialen hiztunentzat. Berez, nazio-estatuen izaerari hertsiki lotuta dago ofizialtasunaren kontzeptua: estatu bat, hizkuntza bat. Gaur egun, oso zaharkitua dago pentsamolde hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.