Maialen Etxeberria. Ernaiko kidea

«Jendea etxera lanerako gogotsu itzultzea lortu nahi dugu»

ANDONI CANELLADA / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gazte martxaren bidez Euskal Herri osoko gazteek elkar ezagutzea nahi du Maialen Etxeberriak (Iruñea, 1987); ikuspegiak irekitzea, hausnartzea eta ondo pasatzea. Hiru egunetan, ilusioa berpiztu nahi du gazteengan.

Ernaik eta Aitzinak elkarrekin antolatu zenuten iaz Gazte Burutakzioa. Zergatik erabaki zenuten ordura arte ez bezala Aste Santuko ekitaldian elkartzea?

Euskal Herria aintzat hartzen dugun bi antolakunde gazte garelako, eta, helburuetan bat egiten dugunez, unean uneko momentuetan bada ere, gune komunak sortzeko eta elkar ezagutzeko nahia badugulako. Une zehatz batzuetan bada ere, garrantzitsua da lanketa komun bat egitea aurrera begira bide hori landua izateko.

Zein ekarpen berri utzi zuen iazko Gazte Burutakzio hark?

Ikusi genuen elkargune horiek egitea oraindik kosta egiten zaigula. Baina balorazioa positiboa da, sinisten dugulako helburu berberak lortzeko momentu batzuetan elkargune horiek sortzeko ahalegina egin behar dugula. Gerora oso arrakastatsua da Euskal Herri osoaren perspektibarekin aritzea.

Elkarrekin antolatzen duzuen bigarrena izango da aurtengoa, eta mendi martxa izango da. Zer espero duzue?

Aspaldi ez dugu mendi martxa egin, eta espero dugu jendeak ilusioz hartzea berriro dinamika hau, martxaz gain badelako kulturarako eta aisialdirako tartea. Saiatu gara dena bateratzen, eta espero duguna da jendeak oporretako tarte hori gogotsu hartzea, ilusioz, eta etxera bueltatzen denean lanerako gogoa berpiztuta edukitzea.

Zein berrikuntza izango du aurtengoak?

Berrikuntza handiena mendi martxaren abestia dela esan dezakegu. Beste eremu askotan bezala, musikagintzan ere emakumearen presentzia bigarren planoan geratu ohi da, eta emakume gazteei tartea ematea erabaki genuen, emakumearen ahalduntzerako pauso txiki bat emateko. Emakume gazteek egin dute kanta.

'Herria mugarri. Gazteok martxan' hartu duzue lelotzat. Zer adierazi nahi duzue?

Helburua herria baldin bada eta herri aske bat sortzea bada helmuga, pertsonetan oinarritutako eredu bat garatu behar dugu. Lan hori elkarrekin egin behar dugu, eta, horretarako, gazteok martxan jarri behar dugu; lanari ekin behar diogu.

Zenbat parte hartzaile espero dituzue?

Iaz, milatik gora lagun egon ginen Burutakzioetan, eta kopuru hori gainditu nahiko genuke.

Martxa amaituta, zein ekarpen geratzea nahiko zenuke?

Niretzat oso inportantea da harremanen afera; jendeak elkar ezagutzea. Eta, aisialdian elkarrekin egoteaz gain, oroitzea lana dugula egiteko; lana egiteko modu asko dagoela, eta ilusioa gureganatu behar dugula gazte bezala, hainbat proiektu eta alternatibari bide egiteko. Gustatuko litzaidakeena da jendeak haize berria hartzea, eta, gero, landutako guztia praktikan jartzea herri eta auzoetan; jendea etxera lanerako gogotsu bueltatzea lortu nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.