Amaiurrentzat eta LABentzat, erreformak pentsioak gutxitzea dakar

Erredakzioa
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak proposatutako pentsioen erreformak sistema pribatizatzeko asmoa, pentsiodunen pobretzea eta inposizioa eragingo dituela adierazi dute Amaiurrek eta LABek. Haien esanetan, Euskal Herriko erakundeek erabaki behar lukete nolakoa izan behar duen bertako pentsio sistemak.

Herenegun iragarri zuen PPk behetik eta goitik mugak jarriko dizkiola pentsioen urteroko berrikuspenari: gutxienik %0,25 igoko dira eta gehienez KPIa gehi %0,25. Rafa Larreina Amaiurreko bozeramaileak esan du pentsioen igoera KPItik bereizteak erosteko ahalmena gutxituko diela pentsiodunei.

LABen iritziz, erreformaren helburua da pentsio plan pribatuen merkatu kuotak handitzea erosahalmen handiena dutenen artean, eta, hala, «desberdintasun sozialetan sakondu, eta gainerako herritar guztiak miseriara kondenatuko dituzte». Sindikatuak dio «irmo» erantzun behar dela. Era berean, EAJri esan dio erabaki egin behar duela Espainiako Gobernuak proposatutako iraunkortasunaren alde egingo duen ala Euskal Herrian Gizarte Segurantza sistema propioa izateko neurriak hartuko dituen.

Erreformaren gainean bestelako iritzia du SEA patronalak. Esan du arazoaren aurrean ezin dela ez ikusiarena egin: «Gaur egungo sistema ez da iraunkorra eta neurriak hartu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.