Argibel Euba. Etnomusikologoa

«Txalapartak kutsu sinbolikoegia dauka»

Bazterreko tresna zena euskal kulturaren abangoardia bihurtu zen txalaparta epe laburrean. Eubaren ustez, horren ondorioz jasotako zama sinbolikotik askatu behar da orain instrumentua.

IÑIGO OLAZABALA.
Maider Galardi F. Agirre.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Txalapartaren inguruko doktore tesia egiten aritu da Argibel Euba etnomusikologoa azken urteetan (Galdakao, Bizkaia, 1979). Lan mardulean bildu ditu soinu tresnaren inguruko historia, organologia eta sinbolismoa, eta ondorioztatu du euskal kulturaren ikur bilakatu bada ere ugari direla oraindik askatu gabeko korapiloak. Bihar, EHUk eta Donostiako Orfeoiak emandako saria jasoko du lanagatik. Txalapartaren berreskuratzeaz, bilakaeraz eta erronkez hitz egin du BERRIArekin.

Txalaparta: musika praktika baten azterketa kritikoa du izena zure tesiak. Musika tresna bat baino gehiago al da txalaparta?

Saiatu naiz aztertzen txalaparta fenomeno oso baten moduan, ez soilik soinu tresna baten moduan. Dimentsio historikoari erreparatu diot, eta, batez ere, sinbolikoari. Ikusi dut nola bilakatu den txalaparta euskal kulturaren ikur. Frogatu nahi dut txalaparta tresna bat baino askoz gehiago izan dela.

1960ko hamarkadan izan zen txalapartaren loraldia. Zerk ahalbidetu zuen testuinguru horretan tresna berreskuratzea?

Ordura arte Donostia inguruko nekazaritza guneetako toki batzuetan soilik jotzen zen txalaparta; bazterreko praktika zen. Bat-batean, ordea, berrikuntza gisa jaso zuen belaunaldi gazteago batek, eta ikusi zen euskal sinbolo musikal oso indartsua zela. Horrela sortu zen fenomeno guztiz berri bat: indarrak pilatu ziren euskal kulturaren inguruan, eta hainbat diziplina artistikotako kideak elkartu ziren. Belaunaldi horrentzat txalapartak erakarpen berezi bat izan zuen.

Paradoxikoa izan arren, tradizionala zena abangoardista bihurtu zen, beraz?

Guretzat gaur egun nahiko paradoxikoa da, baina [Joxan eta Jexux Mari] Artze anaiek oso modu naturalean eta zintzoan egin zuten trantsizioa. Uste dut horrek, zentzu onean, erabat baldintzatu zuela txalapartaren ibilbidea. Bitxia izan daiteke, baina garai hartan Jorge Oteizaren inguruan bildu zen taldearentzat ez zen izan hain konbinazio arraroa.

Euskal kulturaren eta musikaren ikur bilakatu zen orduan txalaparta. Baina esan al daiteke aurretik musika tresna bat zenik?

Nik zalantza dut hori baino lehen musika tresna gisa ulertzen ote zen. Historikoki ez dut topatu hori froga dezakeen dokumenturik. XX. mendearen hasieran sortu zen lehen interesa, batik bat toberekiko. 60ko hamarkadan izan zen txalaparta arretagunea. Hain zuzen, horregatik uste dut garai hartan zerbait berria sortu zela zerbait berreskuratu baino gehiago.

Frankismo garaia izan arren, Donostiako instituzioek ere izan zuten eragina, ezta?

Donostiako KTE Kultur eta Turismo Ekintzetxea izan zen erakunderik garrantzitsuena. Pentsatu zuten txalaparta izan zitekeela amu erakargarria turistentzat. 1963an, Donostia aldera Suediako bi kazetari etorri ziren euskal kulturaren inguruko dokumentalak egitera, eta KTEkoek txalapartariak ikustera eraman zituzten.Harritzekoa da, euskaldun gehienek ez baitzuten ezagutzen.

Beraz, gauza asko elkartu ziren: batetik, sortzaile talde batek indar berri bat eman zion txalapartari, eta beraien ikur bilakatu zen. Bestetik, Donostiako erakundeek turistentzako elementu erakargarri gisa erabili zuten. Gainera, atzerriko bi kazetarik jaso zituzten xehetasunak. Garai hartako egonezinaren eta euskal kulturarekiko interesaren sintoma bat da hori.

Balio sinboliko handia hartu zuen orduan txalapartak?

Orduan hasi zen txalaparta ikur izaera hori hartzen, eta, dudarik gabe, sinbolo kutsua hartu du.Horrenbeste, ezen uste dut sinboloak praktika musikalari gain hartu diola. Txalaparta gehiago da euskal kultura tradizionalaren ikur bat benetan sendotuta dagoen praktika musikal bat baino. Horrekin kritikoa naiz. Uste dut konplazienteegiak garela. Txalapartak erronka handiak ditu praktika musikal gisa. Zama sinboliko hori apur bat lausotu behar dugu, eta zentratu praktika musikal hori garatzean.

Ez al da txalaparta gaur egunean musika praktika bat?

Gure ondare musikalaren parte da. Baina ez dago modu erosoan txertatuta, idiosinkrasia propioa duelako. Txalapartak aurretik ez zuen gainontzeko euskal musika tresnekin loturarik. Ez zuen kantu bildumarik, ez ditu erritmo berak... Horregatik jotzen da txalaparta hainbat modutan. Tradizioari hertsiki eutsi diotenek zerikusi gutxi dute txalaparta talde gazteagoek jotzen duten moduarekin. Egungo joera da mendebaldeko musikaren oinarrietara jotzea.

Xilofonizazio prozesuaz hitz egin izan duzu.

Perkusiotik harmonizaziora egin den bidea nabarmena da, eta erritmikoki jotzen denean ere, metrika erregularragoak erabiltzen dira. Baina ez dut uste aldaketa hori txarra denik. Aberastu egin du, nahiz eta uste dudan garai bateko jotzeko modua ere aztertu eta gorde behar dugula. Gogoeta egitea ezinbestekoa da: ea gehiago garatu nahi dugun, edo ea konformatzen garen txalaparta sinbolo gisa edukitzearekin.

Sinbolismo horren ondorioz mitifikatu da txalaparta bera?

Zalantzarik gabe. Denetariko hipotesiak sortu dira jatorriaren inguruan, eta uste dut esanguratsua dela. Badago esentzialismo kutsu bat, beti bilatzen dugu ezberdin egiten gaituen zerbait. Beste gauza batzuekin ez dugu horrelako obsesiorik. Jatorria garrantzitsua al da? Inportanteena da balio handiko gauza bat dugula; berdin du zaharra izan ala berriagoa izan. Ondo dago aztertzea zein den jatorria, baina badaude aztertzeko gauza garrantzitsuagoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.