Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Josu Martinez. Zinemagilea

«Ez dakizu nondik aterako den altxorra»

Euskarazko lehen filma da, zantzu guztien arabera, Andre Madreren 'Gure sor lekua'. Martinezek film horren bilaketan oinarritu du 'Gure sor lekuaren bila' dokumentala. Gaur aurkeztuko du Donostian.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ihintza Elustondo
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Denbora da egilerik onena: beti idazten du amaiera perfektua». Charles Chaplinen hitz horiek aukeratu ditu Josu Martinezek (Bilbo, 1986) Gure sor lekuaren bila dokumentalari hasiera emateko. Urte asko pasatu ditu ezkutuan Andre Madrek 1956an ondutako Gure sor lekua filmak, baina denborak egin du bere lana. Josu Martinezek Euskal Herria gai duten film dokumentalen inguruko doktore tesirako ikertzen ari zela izan zuen lanaren berri, eta jakin- minari tiraka, haren bila hasi zen. Behin hasita, ezin gelditu. «Bilaketak beti, zuhaitz bat bezala, adar gehiago ekartzen ditu», azaldu du. Zantzu guztien arabera, euskarazko lehen filma da. Ikerketa prozesu hori jaso du gaur Donostiako Zinemaldian estreinatuko duen dokumentalean.

Ikerketa akademikoa egiten hasi zenean, berehala konturatu zen gertatzen ari zitzaizkion gauza «kuriosoak» nobela edo film baten osagai izan zitezkeela. Gauza ezezagunekin topo egin zuen, eta intriga bizi izan zuen parez pare. Hortaz, gero horrekin zer egingo zuen jakin gabe, kamera hartu eta gorabeherak grabatzen hastea erabaki zuen. «Materiala pilatuz eta pilatuz joan nintzen, eta gero pentsatu nuen: 'aizu, badaukat dokumental bat egiteko materiala!'. Orduan beste grabaketa mota batzuk egiten hasi ginen, landuagoak, eta pixka bat soineko bezala balioko zutenak».

Martinezek azaldu duenez, Andre Madre hazpandarra (Lapurdi) Bigarren Mundu Gerran kapitaina izan zen, Frantzian. Alemanian Hitlerrekin bildu zela ere ikusten da dokumentaleko irudietan, eta Afrikan ibili zela deskolonizazio garaian. Halere, ez zuen inoiz ahaztu zein zen bere sorlekua, eta hura jasoko zuen filma ondu zuen. Martinezek argi du zergatik zuen Euskal Herriarekiko halako mirespena: «Erantzuna oso sinplea da: euskalduna zelako. Guri oso zaila egiten zaigu pentsatzea, edo niri behintzat, espainiar jeneral bat, nahiz eta Elantxobekoa [Bizkaia] izan, zazpi probintzietako Euskal Herriari buruz pelikula bat egiten egongo dela; eta euskaraz. Baina hori Hegoaldean bezain ezohikoa izan zitekeen ohikoa Iparraldean. Oraindik ere bada. Han izan zintezkeelako errotik euskalduna eta euskaltzalea, eta, aldi berean, frantses sentimendu nazional bat izan. Eta, kasu honetan, Madre bezala, armadan karrera egin».

Atzerrian hainbeste urte pasatuta, Martinezen arabera, nostalgia zuen Madrek lekuz kanpo zegoelako. Filmari jarri zion izenburuari esanguratsua deritzo: «Gure sor lekua-k hiru hitz horiekin gauza asko esaten ditu bere baitan. Gure horrek nori egiten dio erreferentzia? Publikoari, hau da, zure eta nire sorlekua da. Hor erakusten da Madrek euskaldunentzat egin zuela pelikula hori, horregatik egin zuen euskaraz».

Badago lekua, baina badago sortzea. «Sor horrek denborari egiten dio erreferentzia. Umetako denbora, gure sortze denborako lekua. Madrek beste askok bezala, desagertzear zegoen mundu baten erretratua egin zuen. Momentu horretan, ez zen batere argi ikusten, Euskal Herriak, bere horretan, euskaldun herri bat bezala aurrera egingo zuenik. Ez hori bakarrik, baizik eta aldaketa handiko garaiak ziren Iparraldean, bizitzeko modu bat ari zen desagertzen, nekazaritza tradizionalari lotutakoa».

Irudiak, iraganaz eta orainaz

Andre Madrek grabatutako irudien lekuak orain nola dauden bilatu du zuzendariak. Lehen behiak pasatzen ziren kale batean orain farmazia bat dago; lehen jende ugari joaten zen mezara, eta orain soilik hileta elizkizunetan. «Saiatu naiz joko batzuk egiten garaiko irudiekin eta leku berberekin, estetikoki nola aldatu diren gauzak, edo nola ez diren aldatu. Gauza batzuetan aldatu dira, asko, eta beste batzuetan gutxi. Eta nik uste adierazgarria dela kasu zenbaitetan, ikustea nola ziren lehen eta nola diren orain».

Filma lehenengo pertsonan kontatu du, iruditzen zaiolako hala behar zuela kontatua izan. Argi dago gorabehera asko bizi izan dituela Madreren filma bilatzeko prozesuan, eta emozio horiek jaso ditu dokumentalean. Edozein momentutan darama kamera piztuta, baita dentistarenean ere. «Pelikulan asko jokatzen dut ironiarekin eta umorearekin. Eman lezake momentu batean obsesionatzera iritsi naizela. Baina ez dit puntu horretaraino eragin. Neurri batean neure buruari ere barre egiten diot».

Filmaren bidez, tesian landu duen gai «mardul» hori, modu «arin eta erakargarri batean» eman nahi izan du. Finean, bilaketak duen garrantzia da ibilbidean atera duen ondorio nagusia:«Memoria berreskuratzeak duen garrantzia, gure memoria gure ondarea baita. Pelikula honetan saiatu naiz jendeak ikas dezan istorio honetaz, ezagut dezan orain arte guztiz ezezaguna zen istorio hau, baina modu jostalari batean».

Euskarazko lehen filma Parisen 40 urtez kartoizko kaxa batean gordeta egon izana gogorra dela irizten dio Martinezek. Gehiago ere izan daitezkeen galdetuta, ez du zalantzarik: «Ziur nago horretaz. Pentsatzen dut agertuko direla, edo ez, ez dakit. Uste dut bila jarraitu behar dela... Ez dakizu inoiz nondik aterako den altxor bat, ez?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.