Instituzioekin «lankidetzan» hastea proposatu du EHEk gogoeta idazkian

Geroari buruz hausnartzen ari da Euskal Herrian Euskaraz, eta eztabaidarako txosten bat prestatu du. «Botere-kontrabotere dialektika gainditzea» nahi du, betiere instituzioekiko «subordinaziorik» gabe

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Euskara biziberritzeko bidean aurrera egiteko, berritasun handiak jarri ditu mahai gainean EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Gogoeta prozesu bat martxan dute, eta eztabaidarako txosten bat egin dute, Euskal Herri euskaldunari ateak ireki izenburua duena. Beste eskema batzuetara pasatzeko proposamena egin dute idazkian; besteak beste, euskalgintzaren eta instituzioen arteko harremanari dagokionez. «Euskarak botere-kontrabotere dialektika gainditzea eskatzen digu, berreuskalduntzean konprometiturik gauden indarren artean beste paradigma bat sortzea. Horretarako, denok egin behar ditugu urratsak, ezinbestean». Euskalgintza eta instituzioak «lankidetzan» hastea aipatu dute agirian, euskalgintza «subordinazioan» ez jartzekotan.

Azken aldian euskararen biziberritzeari buruz egiten ari diren gogoeten ildoan dator EHEren eztabaida ere; batetik, taldearen beraren egoera eta aldaketa premia dute hizpide, eta, bestetik, euskalgintzaren arloan egin beharreko berrikuntzak. Taldean orain eta lehen ibilitako kideen ekarpenekin egin dute txostena, eta «EHEren inguruko lagunenak» ere bildu dituzte. Zuzenketak egiteko epea zabalik dago astelehen arte.

Aldaketak egiteko premia dagoela esan dute, bidegurutzearen ideiari helduta: «Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua bidegurutzean dagoela iritzi partekatua da euskaltzaleon artean». Bi irteera ikusten dituzte bidegurutzean: edo «urrats edo jauzi berriak» egitea, «irabazteko bidean» jartzeko; edo «orain arteko bidetik» edo «okerreko bidetik» jotzea, eta hala biziberritzea «geratzea» edo «atzeraka» hastea.

«Ausardiaz jokatzeko unea dugu». Euskara biziberritzeko bidea «atzeraezinezko egoerara» hurbiltzeko neurriak behar direla diote: «Jauzi kualitatiborik eman ezean, epe ertainera atzerako norabidean sartuko gara berriro».

Euskal Herria euskalduna izatea helburu lorgarria da, EHEren ustez. «[Hori] auzitan jartzen hasi dira batzuk azken garaian, errealitate bihurtzea ezinezko izanen delakoan». Baiezkoan dago EHE, eta epeak ere aipatu ditu: «Euskal Herria praktikan euskalduna izatea bi belaunalditan lor dezakegun erronka da». Horretarako, baina, «elebitasun sozial orekatuaren paradigma» alboratu egin behar dela dio: «Ezinezkoa da hiztun komunitate jakin bat bi hizkuntzatan iraunkorki bizitzea». Euskara «oinarri eta kohesio bide» duen paradigma nahi dute, beste hizkuntzak «errespetatuz».

Orain artekoa oinarri

Azken hamarkadetan aurrerapausoak eman direla aitortu du taldeak. «Epe honetan oinarri bat finkatu da. Baina ez da nahikoa; inola ere ez». Oinarritzat hori hartzearen alde egin du, hala ere: «Orain arte eraikitakoak eta aurreratutakoak izan behar du abiapuntu». Ohar batekin, hori bai: «zama guztia» ezin dela hiztunen gain utzi, erabilera ezin dela izan «adierazle ia bakarra». Hori «diskurtso maltzurra» dela diote.

Euskara biziberritzeko bideak «integrala» izan behar duela nabarmendu dute. Besteak beste, euskararen eta estatuaren arteko gaiari heltzeko «garaia» dela diote; haien ustez, euskalgintzak «bigarren mailan» utzi du orain arte. Aitortu dute horrek arrisku bat baduela —«bat ez datozen sektoreak euskaratik urruntzea»—, baina euskarak estatua «ezinbesteko» duela azaldu dute.

Akordioaz eta elkarlanaz luze mintzo dira txostenean: «Eragile politiko, sozial eta euskalgintzaren artean herri akordioa adostu behar dela uste dugu». Aurrekoak baino «akordio ausartagoak» lortzeko aukera sumatzen dute. Elkarlan sendoagoa ere bai: «Urteetako harreman gorabeheratsuak atzean utzi, eta elkar onarpenean, errespetuan eta lankidetza zintzoan oinarrituko den harreman garai berria abiatzeko unea da». Neurri batzuk aipatu dituzte: euskararen ofizialtasuna, legeak «berrikustea», plan estrategiko adostuak, «baliabide nahikoa» jartzea... Instituzioek eta euskalgintzak «erabaki ahalmen partekatua» izatea ere bai, elkarguneekin.

EHEren arabera, horrek ez du esan nahi aldarrikapena alde batera utzi behar denik, baina beste modu batzuk jarri ditu mahai gainean: «Ez dugu soilik defentsa eta eskaerara mugatu behar. Euskararentzat esparru berriak irabazi behar ditugu, eta jadanik lortutakoak zabaldu eta biziagotu». Aldarriari «eutsiz», edonola ere; «hizkuntz gatazka» bistan jarriz.

Euskaraz aritzeko aukerak zabaltzea da fase berrirako egitekoa, taldearen esanetan. «Euskal hiztunontzako arnasguneak izango direnak hedatu behar ditugu, bai arlokakoak edo funtzionalak, bai geografikoak». Eta, horrekin batera, hautua sustatzea. «Aukerak sortu eta zabaltzea motz geratuko da euskaldunok baliatzen ez baditugu». Ohartarazi du, hala ere, pisu osoa ezin dela utzi hiztun soilengan. «Nahiz eta hautua egitearen azken keinua norbanakoarena izan, auzi kolektiboa da, euskaldunon komunitatearena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.