Euskaldun berriak izango dira ardatz abenduaren 3ko ekitaldi eta agirietan

Adierazpen bateratu bat negoziatzen ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiak.

Jaurlaritzak proposamen bat egin die udalei: 'euskaldun berri' izena jartzea kaleren edo lekuren bati
<em>Poziktibity</em>-ren bideoaren aurkezpena, atzo. Ana Urrutia aurkezlearekin batera, Eusko Jaurlaritzako, hiriburuetako eta aldundietako ordezkariak.
Poziktibity-ren bideoaren aurkezpena, atzo. Ana Urrutia aurkezlearekin batera, Eusko Jaurlaritzako, hiriburuetako eta aldundietako ordezkariak. LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko azaroak 17
Berritasun ildo batzuk izango ditu aurten abenduaren 3ak, Euskararen Nazioarteko Egunak. Euskaldun berriak izango dituzte ardatz mezuetan eta ekitaldietan. Izatez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiek adierazpen bateratu bat egiteko asmoa dute, BERRIAk jakin duenez. Ekitaldi bat egiteko ere hizketan ari dira. Udalei beste proposamen bat ere egin diete: euskaldun berri izena ematea herriko toki esanguratsuren bati —kale bat, plaza bat, areto bat...—. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek azaldu dute hori egiteko asmoa. Hiru herrialdeetako udalerri guztiei proposatu diete keinu berbera egitea.

Poziktibity proiektuko aurtengo laugarren bideoa aurkeztu zuten atzo Bilbon, eta han iragarri zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak kale izenak jartzeko proposamena. Euskaldun berriak ditu ardatz bideo horrek, eta kale izendegiaren gaia ere aipatzen du. «Euskaldun berriaren presentzia nonahi hedatzea» du xede proposamenak.

Abenduaren 3arekin lotu dute azken bideoa, eta Jaurlaritzarekin batera, beste bost erakundek bat egin dute Poziktibity-rekin: Bizkaiko eta Arabako aldundiek, eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek. Gipuzkoako Diputazioak, ez. Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariarekin harremanetan jarrita, diru mugak aipatu ditu. «Lehentasunen zerrendan, beste batzuk lehenago daude». Nabarmendu du, halere, abenduaren 3arekin lotutako ekitaldi eta adierazpenekin bat egiteko asmoa daukala foru aldundiak.

Erakundeen proposamena

Hakoba taldean ari dira aztertzen Euskararen Nazioarteko Egunean zer egin. Hizkuntza politikako koordinazio batzordea da Hakoba, eta erakunde hauetako kideak ditu: Eusko Jaurlaritzakoak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietakoak; eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletakoak. Haiekin batera parte hartzen dute Eudel udalerrien elkarteko eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek.

Irailaren 23an egindako bileran erabaki zuen Hakobak abenduaren 3rako proposamena. Batetik, kale izendegiaren gaia, atzo bertan Eusko Jaurlaritzak era ofizialean jakinarazi zuena. Baztarrikak nabarmendu du euskarak ezinbesteko dituela hiztun berriak: «Aitortu nahi dugu egin duten ahaleginaren balioa, denbora asko eskaini baitiote sinesten eta sentitzen duten zerbaiti: euskarari». Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek gutunak bidali dituzte udaletara, proposamena eginez.

Webgune bat ere sortu du Jaurlaritzak gai horren harira: euskaldunberriakalea.eus. Atari horretan idazki labur bat txertatu dute, ildoaren nondik norakoa erakusten duena. Batetik, euskaldun berriekiko jarreraz mintzo da: berri «mailak definitzeko» erabiltzen dela ohartarazi dute. «Euskaldun berria da ez dakiena, hasiberria, ezagutzarik ez duena. Autoaren atzeko partean L-a daramana». Bestetik, egin behar zaien aitortzaz: «Utz ditzagun alde batera aldarrikapenak, etiketak, aurreiritziak. Esfortzuaren, kemenaren balioaz hitz egin dezagun. Merituez. Musu truk egiten diren gauzez. Euskaldun berriei euren erabaki eta esfortzua eskertzeaz hitzak berriz kalera ekartzeagatik».

Euskaldun berriak izango dira ardatz Euskararen Nazioarteko Egunean, eta horrek, nahitaez, helduen euskalduntzearen egoera jarriko du mahai gainean. Puntu batean dago desadostasun nagusia: doakotasunean. Pauso batzuk ematen ari da Jaurlaritza laguntzen bitartez —titulua lortzen dutenek jasotzen dute diru laguntza—, eta udal batzuk ere bai. Azken adibide esanguratsua Oriokoa da (Gipuzkoa): doako ikastaroak ematea erabaki du udalak, eta ikasleen kopurua laukoiztu egin da. EAJ dago udal gobernuan.

Adostasun erabatekorik ez

Abenduaren 3rako berritasun nagusia adierazpen bateratua litzateke. Euskararekin lotutako ekitaldi eta adierazpen mordoa kaleratzen dute egun horretan. Ildo bat zehaztu nahi izan dute Hakobako erakundeek, euskaldun berriak ardatz izango lituzkeena. Adierazpen instituzional bateratu bat prestatzea ere erabaki zuten batzordean, baina beste kontu bat da testu baten jiran ados ipintzea.

Harremanak izan dituzte erakundeek azken asteetan, baina ez da adierazpen bakarrik izango. Uemako ordezkariek kazeta honi baieztatu diote abenduaren 3rako agiria beren kabuz argitaratuko dutela, orain arte legez. Uemaren partaidetzak zeresan berezia zukeen, zuzendaritzako gehiengoa EH Bilduk baitauka; gainerako erakundeetan EAJ dago agintean. Udalek ere izango dute aukera adierazpen horrekin bat egiteko.

Ekitaldi instituzionalarena da beste puntua. Abenduaren 3an, iluntzean, ekitaldi bat egin ohi du Jaurlaritzak. Izaera aldatzea erabaki dute: ez da gobernuarena bakarrik izango, «herri erakunde guztiena» baizik. Euskaldun berriak izango dituzte ardatz ekitaldi horretan. Donostian izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna