Lapurdiko talde berritzaileak

Islaia eta Sfumato rock taldeek kontzertua emango dute gaur Miarritzeko Atabal aretoan

Sfumato taldeak hilabete honetan kaleratuko du lehen diskoa. BERRIA.
Donostia
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Islaia eta Sfumato Ipar Euskal Herriko talde gazteek kontzertua emango dute gaur Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoko kafetegian, gaueko bederatzietan hasita. Islaia Hazparneko (Lapurdi) taldeak rock atmosferikoa eta doinu elektronikoak nahasten ditu. Lehen lana aurten kaleratu dute, eta post-rock kutsua duen musika intimista jasotzen du. Iparraldeko taldearen esperimentazio grinaren emaitza da diskoa. Peio Irigoien —gitarra—, Beñadin Lohiague —ahotsa eta gitarra—, Imanol Zubieta —baxua— eta Laurent Martinek —sanpleak— osatzen dute talde euskalduna.

Sfumato, berriz, Baionako taldea da. 2003an jaio zen, Manejo del dolor eta El arte taldeak desegitean. 90eko hamarkadako noise musikatik edan, eta rock kementsua egiten dute. Bateria, baxua eta gitarra bakarrik erabiliz, zuzenekoan emozioz beteriko kantu indartsuak eskaintzen dituzte. Tabernaz taberna kontzertuak ematen ibili dira hasieratik, abestiak inprobisatuz, baina hilabete honetan hirukoteak ekoitzitako Transition lehen albuma kaleratuko da. Ustaritzeko (Lapurdi) Tribal estudioan grabatu zituzten abestiak. PortoBello Bones, Sleepers, Tool, Deftones, Virago, Mogwai, Blonde Redhead, Portishead edota From Monument to Masses taldeen bideari jarraitzen diote. Sarrera doakoa da.

ISLAIA ETA SFUMATO

Noiz. Gaur, 21:00etan.

Non. Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.