1512: nazioarteko kongresua

Nafarroako konkista eta Europako Erreformaren inguruko nazioarteko lehen kongresua hasiko da gaur
Nafarroako konkistaren antzezpena, otsailean, Berriozarren.
Nafarroako konkistaren antzezpena, otsailean, Berriozarren. IÑIGO URIZ / ARP

Erredakzioa -

2012ko maiatzak 31
Nafarroako konkista Europako Erreformaren testuinguruan aztertuko dute gaurtik larunbatera, Atarrabian (Nafarroa), gaiaren inguruko nazioarteko lehen kongresuan.

Eliza katolikoaren gehiegikerien eta ustelkeriaren kontra Europan XVI. eta XVII. mendeetan pizturiko matxinadak Nafarroako konkistarekin zer lotura izan zuen aztertuko du, hiru egunez, Euskal Herriko eta atzerriko hogei adituk baino gehiagok osatutako talde batek. Gaztelak Nafarroa armen bidez menpean hartu zuela 500 urte beteko direnean, hainbat ikuspegitatik aztertuko dute Europan garrantzi handia izan zuen garai hura: gerra, gizartea, ideologia, erlijioa, politika eta kultura, besteak beste.

Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, EHUrekin, Paueko Unibertsitatearekin, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearekin eta Cambridgeko Unibertsitatearekin lotura duten adituek osatu dute zientzia batzordea.

Gaur hasiko dira kongresuko saioak, 09:15ean, eta, lehen atalean, garai hartako legedia, erakundeak eta diplomazia aztertuko dituzte. 19:40ean, doako mahai ingurua egingo dute, Navarra, un estado europeo izenburupean.

'KONKISTA ETA EUROPAR ERREFORMA'

Noiz. Gaurtik larunbatera.

Non. Atarrabiako kultur etxean (Nafarroa).

Nola. Izena emateko: info@xaviermina posta helbidean eta Xaviermina.org webgunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna