Gizonkeriak agerian uzteko

'Ez gara Palestinaz ari' bertso eta musika ikuskizuna taularatuko dute gaur Berako kultur etxean

Ander Lizarralde eta Unai Muñoa «biluztu» egiten dira emanaldian. ETB.
Erredakzioa
2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gai sozial eta sakonak lantzeko eskatzen ohi diete gai-jartzaileek bertsolariei. Bada, horrekin nekaturik, egunerokotasunari eta euren baitako bazter miresgarriei begira jartzea erabaki zuten Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek. Horrela sortu zuten Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin batera. Urte hasieran estreinatu zuten, eta aretoz areto ibili dira Euskal Herrian. Gaur, Beran (Nafarroa) taularatuko dute.

Bertsoa, musika eta antzerkia nahasten dute lanean. Bertsolarien hitz eta antzezpenak janzteko, gitarra jotzen du Atxegak, eta akordeoia zein pianoa Kamiok.

Euren haurtzaroaz, egoez, beldurrez eta desirez arituko dira bertsolariak. «Gure gizonkeriak agerian utziz, gizontzeko bidea egin nahi dugu», esan zuen Muñoak ikuskizuna aurkeztu zutenean. Norbere barruko kezkaz ikuslearenekin elkartzeko erronka jo diote bertsolariek euren buruari. Eta badakite horretan arriskua dutela, entzuleek, bat etorri ez, eta sortzaileak epai ditzaketelako. «Askotan ezkutuan erabiltzen ditugun hainbat gauza aterako ditugu publikoaren aurrean, eta guk arrisku hori hartuko dugu».

Ikuskizuna prestatzen bi urte eman zituzten sortzaileok, eta izan zituzten zalantzak eta beldurrak jendaurrean aurkeztu aurretik. «Ez gaude horrenbeste biluztera edo kontatzera ohituta».

'EZ GARA PALESTINAZ ARI'

Noiz. Gaur, 19:30ean.

Non. Berako kultur etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.