Balkoiak baratze bihurtzen

Kutxa Ekoguneak ikastaro bat antolatu du urriaren 5erako; irailaren 30 baino lehen eman behar da izena
Kutxa Ekogunean emango dute ikastaroa.
Kutxa Ekogunean emango dute ikastaroa. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Erredakzioa -

2013ko irailak 21
Etxean balkoia duen edonork baratze bat izateko aukera duela erakutsi nahi du Kutxa Ekoguneak, ikastaro baten bidez. Herritarrek balkoi bat baratze bihurtzeko eman beharreko pausoak zeintzuk diren azalduko dituzte hiru orduko saio batean. Ikastaroa urriaren 5ean izango da Kutxa Ekogunean bertan, Donostian, eta Anjel Azpillaga eta Jose Mari Egaña arituko dira irakasle lanetan. Izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da. Antolatzaileek jakinarazi dute aldez aurretiko ezagutzarik ez dela behar izena emateko. 37,40 euro ordaindu beharko du parte hartu nahi duenak. 34 euro, Kutxabankeko bazkidea izanez gero.

Azpillagak eta Egañak azalpen teorikoak emango dituzte, lehenik. Ontzi eta loreontzi askotarikoek zer aukera eskaintzen duten ezagutaraziko dute. Ureztapen moduak azalduko dituzte, eta barazkien egutegi bat ere osatuko dute. Norberaren balkoiaren neurriak kontuan hartuta, partaide bakoitzak bere balkoiaren balizko diseinu bat egin ahal izango du.

Horrez gain, kalitatezko janaria kontsumitzeak zer garrantzi duen nabarmendu nahi dute ikastaroan, eta gauza gehienak berrerabil daitezkeela ere erakutsi nahi diete parte hartzaileei.

IKASTAROA

Non. Kutxa Ekogunean, Donostian.

Noiz. Urriaren 5ean 10:00etatik 13:00etara. Izena emateko epea irailaren 30ean itxiko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna