Ilusioak berdintzen ditu

Mexiko Hiriko Fronton Mexicon jokatzen ari diren puntisten artean gazteena da Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarra. Mikel Egiguren donostiarra, azken urteotako aurrelari onenetakoa, aldiz, beteranoetako bat da.

Mikel Egiguren donostiarra eta Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarra, Mexiko Hiriko Fronton Mexico pilotalekuan. IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Aaron Gonzalez de Matauco (Gasteiz, 1999) pilota gosez dago. Ihitsage, Portet, Del Rio eta Inza Mexiko Hiriko Fronton Mexico pilotalekuan entrenatzen ari dira, eta, harmailetatik ikusi beharrean, kantxako errebotetik, gertutik ikusi du bere kideen saioa Mexikon jokatzen ari diren puntisten artean gazteenak. Hura jaio zenean profesionala zen, jada, Mikel Egiguren (Donostia, 1977). Hogei urtez itxita egon ondoren, sortu du ikusmina Fronton Mexico pilotalekuaren irekierak, eta kazetari mexikar bat Egiguren elkarrizketatzen ari da. «Aaronen adina nuenean baino ilusio handiagoa daukat», aitortu dio BERRIAri.

Fronton Mexicoren kantxa 64 metro da luze, eta, Egigurenen iritziz, jokatzerakoan asko nabaritzen da. «Gernikakoak 58 dauzka, baina gainontzekoek, 54 bat. Pilotaleku batean, aurrelaria zazpigarren koadroan jartzen da, eta errebotea hamahirugarrenean dago. Hemen, aldiz, aurrelaria jartzen da zazpian, atzelaria hamabosgarrenean dago, eta beste pilotaleku ia oso bat dago bien artean». Horretara egokitzea tokatu zaie, eta baita Mexiko Hiriaren altuerara ere, 2.200 metrora baitago. «Fisikoki ohitzen zara, baina, altueraren ondorioz, pilotaren abiadura Euskal Herrian harrapatzen duenaren halako bi da», dio bietan zaharrenak. «Hori dela eta, errebotera heltzea errazagoa da. Hemen entrenatu ginen aurreneko egunean golf pilotekin ari ginela iruditzen zitzaidan. Erotzeko modukoa zen»,azaldu du gazteenak. Egigurenek jakinarazi du tenis torneoetan, 500 bat metroko altueran jokatzen direnean, tenislariak kexatzen direla pilota, sakean, abiadura bizian joaten delako. «Bada, imajinatu 2.000 metrora...».

Joan den martxoaren 10ean hasi zuten denboraldia, eta uztailaren 3an bukatuko dute. «Udan, Euskal Herrian, Jai Alai World Tourrari ekingo diogu berriro, eta lauzpabost hilabetez jokatuko dut han», azaldu du beteranoak. Sinatutako kontratuarekin pozik daude biak. Aaaronek dio, umorez, 17 urterekin ez dagoela kexatzeko, eta Egigurenek zehaztu du baldintza onak eskaini dizkiotela. Astero bi partida jokatzen ditu koadroko pilotari bakoitzak.

Esperientzia «ederra» izaten ari da Gonzalez de Mataucorentzat. Aitor Hernaez Leo osaba puntista profesionalak akuilatuta hasi zen Gasteiz Jai Alai klubekoekin trebatzen, 7 urte zituenean. Duela hilabete batzuk ez zeukan etxetik kanpora joateko asmorik, baina osabak esan zion Mexikon pilotaleku bat irekitzekoak zirela, eta, pilotari koadroa osatzeko intentzioarekin, pilotalekuaren kirol kudeatzaileek proba batzuk antolatu behar zituztela Gernikan (Bizkaia). Iazko azaroaren amaiera zen. «Hautatu nindutela jakinarazi zidatenean, ezin nuen sinetsi». Etxean baimena eskatu, batxilergoko bigarren mailako ikasketak oraingoz alboratu, eta Mexikora joan zen.

Ignacio Puertas pilotalekuko kirol esparruko arduradunetako bat jarri zen Egigurenekin harremanetan. «Proiektuaren berri eman zidan, baldintzak zehaztu genituen, eta oso pozik etorri nintzen». Bestela, familiaren enpresa batean lan egiten du, eta, gainera, irakaslea da Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Azken hamabost-hogei urteotako aurrelari onenetakoa da, eta, esaterako, Munduko Pilota Batzarrak antolatutako Binakako Munduko Txapelketa bost aldiz irabazi du. AEBetan jokatu zuen bederatzi urtez, harik eta 31 urterekin etxera itzultzea erabaki zuen arte. Horren harira, uste du AEBetako eta Mexikoko zaleak ezin direla konparatu. «Euskal Herriko eta Mexikoko ikusleak adituak dira: Euskal Herrikoak adeitsuak, eta mexikarrak, berriz, oso beroak, onerako zein txarrerako». AEBetan kinielen ereduari eusten diote. «Han, ikusleak makinan jokatzen du, eta berdin zaio kantxan zer dagoen, pilotariak edo zakurrak. Gero, gainera, kontuan hartu behar da pilotari bezala kinielen ereduak ez zaituela betetzen».

Hiria bera ez du askorik atsegin Gonzalez de Mataucok: «Kalera ateratzeak gogaitzen gaitu: jende asko dabil, hiria oso handia da, kutsadura maila harrigarria da...». Pilotalekutik gertu bizi da, alokatutako etxe batean, Gasteizko beste bi puntistarekin batera. Alejandro Ituarte pilotari mexikarraren etxea du ostatu Egigurenek.

Uda igaro eta gero ez dakite zer gertatuko den, baina Antonio Cosio Ariño pilotalekuaren jabearen asmoa denboraldiak luzatzea da. «Intentzio hori dute. Nik uste aurrena sei hilabeteko denboraldiak egin nahiko lituzketela. Posible ikusten dut; izan ere, 20 milioi biztanleko hiri batean egongo dira ia egunero pilotalekura etorri nahi dutenak», dio Egigurenek. Asteartero —ostiraletara pasa nahi dute—, ostegunero, larunbatero eta igandero antolatzen dituzte jaialdiak, eta jendea joaten da, bai, pilotalekura: «Larunbatetan ia bete egiten dira harmailak, eta bestela ere etortzen dira zaleak», dio Egigurenek. Maila, behintzat, badute puntistek. «Euskal Herriko puntista gazte oso onak etorri dira hona. Mexikarrak ere, gainera, oso pilotariak dira, fisikoki hain indartsuak izan ez arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.