Gaitza bai, ezinezkoa ez

Olympique Marseillak bizirik utzi zuen Athletic joanekoan, eta aukera hori baliatu gura dute zuri-gorriek Europa ligako final-laurdenetarako sailkatzeko. Askotariko iritziak daude taldeari jarraitzen diotenen artean.
Jose Angel Ziganda, pentsakor, Olympique Marseillaren aurkako joaneko partidan.
Jose Angel Ziganda, pentsakor, Olympique Marseillaren aurkako joaneko partidan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Haritz Gallastegi -

2018ko martxoak 14
Athleticek zirt edo zart egin behar du. Europa ligan salba dezake sasoia. Espainiako Ligan, erdibidean dago: behera begiratuz gero, arriskutik kanpo dago, eta, Europara begira, oso zail daude kontuak. Horregatik da hain garrantzitsua bihar San Mamesen Olympique Marseillaren aurka jokatu beharreko final-zortzirenetako itzulikoa. Athletic txarto aritu zen joanekoan, eta agur esatear izan zen: 3-1 galdu zuen. Velodrometik bizirik irten arren, ez dirudi lantegi erraza daukanik. Orain arte baino askoz hobeto aritu beharko du Marseilla estu hartzeko. Halere, asko dira San Mameseko gau magiko batekin amets egiten dutenak. «Sinisten ez duena ez dadila etorri», esan zuen atzo Aritz Adurizek. Athletici gertutik jarraitzen dioten bost lagun mintzatu dira erronkaz.

DANI RUIZ-BAZAN Athleticeko jokalari ohia

«Ezinezkoa ez da, baina taldeak hobetu egin behar du»



Dani Ruiz-Bazan (Sopuerta, Bizkaia, 1951) ikurra da Athleticen. Aurrelari ohiak arrastoa utzi zuen futbolari gisa. Azken bi ligak irabazi zituen taldeko izarretako bat izanik, badaki zer egiteko gai den Athletic. Horregatik, uste du taldeak eman dezakeena erakusten badu aukera izango duela kanporaketa iraultzeko. «Ez dut uste ezinezkoa denik. Parean dagoela iritzi diot. Athleticek oso partida txarra egin zuen joanekoan, eta kanporaketa guztiz galtzekotan egon zen. Kontua da bi gol sartzea ez dela miraria. Hala ere, denboraldi honetan erakusten ari den baino askoz hobeto jokatu beharko du helburua lortzeko».

Argi dago: orain arte emandakoarekin ez da nahikoa izango talde on bat kanporatzeko. Denboraldia azken txanpan sartzear dago, eta zuri-gorriek oraindik ez dute partida oso bat jokatu. Kapitain ohiak uste du «arazo asko pilatu» direla. «Lehenik eta behin, entrenatzailea aldatu dugu. Zigandak esperientzia txikia du Valverderen aldean. Bigarrenik, taldean garrantzi handia duten zenbait jokalari luzaroan egon dira min hartuta. Gainera, Athletic hazi egiten da gauzak ondo doazenean, baina egindako lanak etekinik ematen ez duenean kosta egiten zaio aurrera egitea. Hala ere, ez dugu itsutu behar. Talde honek oso emaitza onak eskuratu ditu azken sasoietan».

Athleticek nola jokatu duen aintzat hartuta, asko dira egoerarik txarrenean jarrita daudenak. Bihar helburua lortu ezean, denboraldiaren azken txanpa luzea egingo da. «Jarraitzailea haserre dago taldearen jokoarekin. Athleticek ez du sufrituko, baina, Europa ligan aurrera egin ezean, ilusioa galduko da. Dena dela, zaleak onean eta txarrean egon behar du. Erraza da Gabarran sartu eta ibaian behera gozatzea, baina une latzetan ere ezin da kale egin».

KOIKILI LERTXUNDI Athleticeko jokalari ohia

«Jokalariei kostatzen ari zaie entrenatzaileak eskaturikoa barneratzea»



Daniren antzeko iritzia dauka Koikili Lertxundik (Otxandio, Bizkaia, 1980). Athleticek «partida biribila» jokatu beharko du aurrera egiteko. Athleticeko jokalari ohiaren esanetan, «zaintza lanean» egongo da giltza. «Nik defentsako lanari ematen diot garrantzia. Athleticek dohainak ditu erasoan, eta Marseillak gabeziak atzealdean. Baina haiek oso azkarrak dira erasoan. Bi pasetan aukera sortzeko gai dira». Neurketan gorabeherak egongo dira, eta uste du «zaleen bultzada ezinbestekoa» izango dela une zailetan. «Ez da ezinezkoa. Beraz, esperantza ezin dugu galdu».

Athleticen azken urteotako ezaugarri nagusia erasoan erakutsi duen ausardia izan da. Neurketei erritmo bizia jarrita eta arriskuak hartuta lortu du arrakasta. Baina Ziganda jokatzeko era aldatu guran dabil, eta hortik omen dator taldearen ezina. «Talde kirol batean, ardurak banatu egin behar dira. Entrenatzailearen lantaldeak ordaintzen ditu taldearen gorabeherak, baina ez da errudun bakarra. Jarraitutasuna falta zaio taldeari. Zigandak jokatzeko era aldatu gura izan du, eta oraindik ez du lortu. Jokalariei kostatzen ari zaie entrenatzaileak eskatzen diena barneratzea. Horrek zalantzak eragin ditu taldean». Hala ere, ez du federik galdu, eta Europako ibilbidea amaitzen bada ligan zazpigarren postua lortzeko lehian egongo dela iritzi dio. «Ligari esker, Europan sartzeko aukerak ditugu. Bihar kale eginez gero, partidak prestatzeko aukera gehiago izango du taldeak, eta hori islatu egingo da zelaian. Hala ere, Europa ligan bizirik jarraitzea izango litzateke onena».

CARLOS MERINO Athleticeko jokalari ohia

«Jokalariek gehiago eman dezakete»



Carlos Merinok (Bilbo, 1980) ez du federik galdu. Jokalari ohiaren ustez, Olympique Marseillak kanporaketa «erabakitzeko aukera» galdu zuen joanekoan, eta baliteke bihar sufritzea. «San Mamesen zaleak bero-bero egongo dira, eta egun berezietan edozer gerta daiteke. Hala ere, joanekoan aurkaria askoz hobea izan zen. Barkatu egin zuen». Ildo horretan, bihar ezustekoa emateak indarra eman diezaioke konfiantza faltarekin sumatzen duen taldeari. «Athleticek ez du partida on bat egin osorik. Baloia duenean, ez du asmatzen. Williamsen indar erakustaldietatik eta Adurizen gol senari esker bizi da. Jokalariak horretaz konturatu dira, eta kosta egiten zaie». Ezinaren erru guztia Zigandari aurpegiratzeko daturik ez dauka. Iritzia emateko «taldearen barruan» egon behar dela dio, baina argi dauka futbolariek «askoz» gehiago eman dezaketela.

JOSEBA NUÑEZ Entrenatzailea

«Athleticek jokalariak aldatu behar ditu»



Joseba Nuñezek, lehen taldeari gertutik erreparatzeaz gain, Lezaman gertatzen denaren berri ere badu. Athleticen denboraldi txarrak ez du ezustean harrapatu Euskadiko beheko mailetako hautatzailea. Urte askotan egindako ahalegina ordaintzen ari dela uste du. «Taldea nekatuta dago. Ez da neke fisikoa, psikologikoa baizik. Athleticek urte asko daramatza jokalari berberekin jokatzen, eta taldean berriak sartzeko premia dago». Arazoa zein den jakinda, konponbidea aurkitu behar da. Eta Athleticek dituen mugak aintzat hartuta, ez da erraza. Fitxatzea gaitza da, eta etxeko gazte denak ez dira goi mailakoak. «Athleticen debutatzea errazagoa da beste talde askotan baino. Batzuk onak dira, baina beste batzuek ezer hoberik ez dagoelako jokatzen dute». Biharko erronkaz, berriz, garrantzi handia eman dio lehia ondo hasteari. «Taldeak hasieratik egin behar du bat harmailarekin. Aurkariak jakin behar du San Mamesek estutu egiten duela. Europako lehiak partida ezberdinak dira. Athletic azkar aurreratzen bada, kanporaketa irabazteko aukera izango du».

ANGEL GARITANO, 'ONDARRU' Athleticeko bigarren entrenatzaile ohia

«Athleticek ez du gaindituko kanporaketa»



Futbolean ezinezkorik ez dago, baina Angel Garitano Ondarru-rentzat (Ondarroa, Bizkaiak, 1950) Athletic «joko barik dago», eta Marseilla baino «talde apalagoa» da. «Joanekoan egun txarra izan zuela eta etxean kanporaketa irauliko duela esatea izango litzateke errazena, baina ez dut uste Athleticek aurrera egingo duenik. Marseilla talde hobea da. Frantziako taldeak egun txarra izan behar du, eta Athleticek oso ona. Nik uste dut gehiegi eskatzen zaiola. Askoz ere baliabide gehiago dituzten taldeak gainditzeko eskatzen zaio». Hala ere, ulertzen du zaleen haserrea. «Normala da zaleak gogaituta egotea. Taldea denboraldi osoan ari da nahi eta ezin. Horrek etsipena dakar nahi ala nahi ez. Hala ere, aintzat hartu behar da Zigandak baldintza gaitzetan egin duela lan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna