Noiz sortua: 2018-06-12 00:30:00

Errusiako Munduko Kopa

Festa bat itzalpean

Etzi hasiko da Munduko Kopa, Moskun, eta Errusiak lehen aldiz antolatu du futboleko ekitaldi handi bat. Zalantzak sortu dira dopinaren eta segurtasunaren karietara.
YURI KOCHETKOV / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko ekainak 12

Errusia futbolaren epizentro izango da ostegun honetan hasi eta uztailaren 15era arte. Luze egiten da lau urteko itxaronaldia, baina hemen da jada Munduko Kopa. 32 selekzio, 64 partida, hamabi estadio eta hamaika hiri munduko kirol ekitaldirik handienetakoan. Bapo geldituko da futbol zalea. Paparrera beste izar bat gehitzen saiatuko dira Brasil, Alemania, Espainia, Frantzia edo Argentina, eta gainontzekoak aurreikuspenak apurtu nahiko dituzte. Ikuskizuna bermaturik dago; haatik, zalantzak ere badira. Lehen aldia izango da txapelketa Ekialdeko Europako herrialde batek antolatzen duena, eta nazioartean duen irudia garbitzeko baliatuko du abagunea Errusiak.

Gainean du dopinaren mamua, 2016an McLaren txostena argitaratu zenetik. Bertan, Dopinaren Kontrako Munduko Agentziako ikertzaile Richard McLarenek jaso zuen 2011 eta 2015 artean Errusiako estatuak bertako atleten positiboak ezkutatzeko sistema bat erabili zuela. Auziak 1.000 kirolari baino gehiago zipriztindu zituen, eta susmopean jarri zen futbola, beste 30 bat kirolekin batera. Ikerketaren ondorioz, atleta errusiarrek ezin izan zuten parte hartu 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan, eta aurten Pyeongchangen (Hego Korea) jokatutako Neguko Jokoetatik at gelditu zen Errusia. FIFAk 2010ean aukeratu zuen Errusia aurtengo Munduko Kopako egoitza gisa; dopinaren eskandaluak eztanda egin aurretik, alegia. Kalapitak eragina izan dezake txapelketan, nahiz eta FIFAko presidente Gianni Infantinok adierazi ez dagoela kezkarako motiborik.

Errusiak munduko beste potentzia batzuekin duen tentsio politikoak ere zalantzak eragin ditu, segurtasunaren alorrean batik bat. Harreman bereziki petrala du Erresuma Batuarekin, Siriako gatazka eta ustez Errusiak lurralde britainiarrean pozoitutako espioi errusiarraren kasua dela eta. Krisi diplomatikoa eragin du azken auzi horrek, eta, ondorioz, Erresuma Batuko ordezkari ofizialik ez da izango. Ezinegon horrek kolokan jar lezake segurtasuna. 2016ko Eurokopan liskar larriak izan ziren ultra ingelesen eta errusiarren artean, eta halakorik errepikatzea kosta ahala kosta eragotzi nahiko dute antolatzaileek. Aurten hainbat istilu eragin dituzte erradikal errusiarrek; hala nola Bilbon, Athleticen eta Spartak Moskuren arteko lehiaren aurretik.

Bestalde, oihu arrazisten hiru kasu izan dira azken sasoian Errusian, hirurak ere San Petersburgon. Esaterako, tximino soinuekin zuzendu zitzaizkien Frantziako zenbait jokalariri martxoan jokaturiko lagunartekoan. Bertan finalerdiak jokatuko dira. Azken bi Eurokopetan zaleen jarrera arrazistagatik zigortua izan da Errusiako Federazioa.

Alemania, Brasil, Espainia...

Kirol arloari dagokionez, Alemania da Moskuko Loujniki estadioan garaikur preziatua altxatzeko faboritoa. 2014an Brasilgo Munduko Kopa irabazi ondotik, Errusian hitzordua du historiarekin. Alde batetik, 56 urte dira selekzio batek ez dituela bi garaipen kateatzen. Hori lortzen azkena Peleren Brasil izan zen, 1958ko eta 1962ko Munduko Kopak irabazita. Eta, bestetik, aukera du bosgarren izarra lortu, eta Brasilen marka berdintzeko. Alemaniarren ametsa zapuzten saiatuko dira brasildarrak. Mendeku gosez da 2014an Belo Horizonten Alemaniaren eskutik jasotako jipoi historikoaz geroztik (7-1). Espero baino arazo gehiago izan zituen Munduko Koparako sailkatzeko, baina onbidera itzuli da Titeren lemapean. Talde ikusgarria du, Neymar buru.

Espainiak bi belaunaldiren arteko nahasketa profitatu nahi du 2010ean Hegoafrikan lorturiko garaipena errepikatzeko. Beste inork baino kalitate handiagoa du zelai erdian, eta egonkortasuna lortu du Julen Lopetegi teknikari asteasuarraren gidaritzapean. Lau euskal jokalari ariko dira Espainiako selekzioarekin: Kepa Arrizabalaga, Alvaro Odriozola, Cesar Azpilikueta eta Natxo Monreal. Frantziak, berriz, orain hogei urte irabazi zuen azkenekoz Munduko Kopa, eta urteurrena garaipen berri batekin ospatzen saiatuko da. Talde gaztea da, baina jada nahiko zailduta dago. Txapeldunorde izan zen 2016ko Eurokopan, eta gaia badu selekzioen arteko txapelketa nagusian ere onenen pare aritzeko. Didier Deschamps baionarrak jarraitzen du hautatzaile karguan.

Argentina presiopean iritsiko da, baita haren izar Leo Messi ere. 1986an irabazi zuen azkenekoz Munduko Kopa, eta 2014an finalera iritsi arren, lehorteak bere hartan dirau. Messik, aldiz, gainetik kendu nahi du Maradonaren itzal luzea, eta bere palmaresean falta zaion garaikurra lortu. Bestalde, Belgika ere kinieletan sartu beharreko selekzioa da. Haren historiako belaunaldirik onenetakoa du. Ordea, lehiakortasuna falta izan zaio orain arte.

Hiru selekzio garrantzitsu faltako dira aurtengo txapelketan: Italia, Herbehereak eta Txile. Tradizio handiko selekzioak dira, baina kanpoan gelditu dira. Txanponaren beste aldean, Islandia eta Panama aurrenekoz lehiatuko dira Munduko Kopa batean. Berritasun nagusia, dena den, ez da selekzio horien parte hartzea izango, VAR sistema baizik. Izan ere, bideo epaile laguntzailea txapelketa honetan erabiliko den lehen aldia izango da. Lau kasutan aplikatuko da: goletan, penaltietan, kaleratzeetan eta epaileak jokalarien identitatea nahastean. Neurriaren eragin zuzena sumatuko du Roberto Diaz marrazain gasteiztarrak.

2026ko Munduko Kopan ere berritasun handi bat izango da: partaidetza 48 selekziora zabalduko da. Bihar jakingo da zein izango den egoitza. Hautagaiak Maroko eta Ipar Amerika dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 4an eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zortzi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Bederatzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.607 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.086 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Maria Txibite, Manu Aierdi eta Elma Saiz kontseilariekin parlamentutik ateratzen. ©Idoia Zabaleta, Foku

Mugaz bi aldeetako bidaiak errazteko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Berria

Navarra Sumaren abstentzioarekin eta bertze alderdi guztien baiezko botoarekin onartu dituzte neurriak. Bertzeak bertze, 50.000 eurorainoko diru laguntzak onartu dituzte kultura ogibide dutenentzat, eta alokairua ordaintzeko diru laguntzak hamabi hilabetez luzatuko dizkiete autonomoei eta aldi baterako enplegu erregulazioan daudenei. 

Martin Ugalde Foroa: Euskara ere normalitaterantz?

Euskararen lekuaz normaltasun berrian, Martin Ugalde Foroan

Berria

Josu Amezagak, Idurre Eskisabelek eta Amelia Barquinek hartu dute parte Kontseiluak sustatutako mahai inguruan, Andoainen. BERRIAn osorik ikusteko aukera dago.

Elkarrizketa: Ana Galarraga eta Miren Basaras

«Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den»

Jakes Goikoetxea

Asko dakite SARS-CoV-2 birusari eta COVID-19aren izurriteari buruz, baina, asko jakinda ere, zuhurtziaz jokatzen dute, ez baitakite zer gertatuko den epe laburrean eta luzera begira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna