Barruan demokrata, kanpoan gardena

Iazko udaberrian ekin zion Sortuk bere oinarri ideologikoak, ildo politikoa, komunikazioa eta antolamendua zehazteko prozesuari, eta 6.000 lagunek parte hartu dute. Aurrera begira ere, izaera irekia landu nahi du.

joxerra senar
Iruñea
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Edo gutxienez, hori bilatuko du Sortuk. Bere eratze prozesuak urtebete inguru iraun du, eta orotara, sei milatik gora herritarrek parte hartu dute. Ponentziak sortzeko erabilitako molde berarekin eraiki nahi duten alderdi berriaren izaera: «Barne bizitzan demokrazia; eta kanpora begira, gardentasuna. Inguratzen gaituen mundua begirada kritikoz aztertzearekin batera, autokritika ere ezinbesteko ezaugarri bilakatu behar dugu. Zintzotasun iraultzailez hitz egingo diegu gainerako herritarrei». Horixe dio Sorturen eratze Kongresuaren ebazpenak. Asmo on horiekin, eguneroko ekinarekin erakusteko erronka izango dute aurrean.

Iazko udaberrian ekin zion eratze prozesuari Sortuk. Lau ildo nagusi zehaztu zituzten: bata, profil politikoa zehazteko oinarri ideologikoarena; bigarrena, Sorturen norabidea zehazteko ildo politikoa; hirugarrenik, komunikazioa eta azkenik antolamendua. Esparru horiek osatuta, udaberrian 30 eskualdetan eztabaidak abiatu ziren, zortzi eta hamabi lagun arteko taldeetan banatuta eta 170 fitxaren inguruan hausnartu zuten. Sektore anitz ordezkatuta izatea bilatu zen: langileak, emakumeak, gazteak... Ekarpen horiekin udan ponentzien zirriborroak osatu ziren eta Euskal Herri osoan 18.000 ale inguru banatuta, udazkenean azken fasea ireki zen.

Lau hilabete iraun ditu, eta hilabete bakoitzean, ponentzia bakoitzeko ekarpenak bildu eta hasierako oinarriari zuzenketak egin zaizkio. Orotara, Euskal Herri osoko 240 auzo eta herritara iritsi da eztabaida, eta 6.000 lagun inguruk parte hartu dute. Kartzeletara ere iritsi da eztabaida, baina ekarpenak biltzeko zailtasunak izan dituzte.

Ponentzien edukiak Sorturen webgunean bilduta daude. Biltzarraren amaieran, kongresuaren ebazpena onartu da, eta bertan laburbilduta dator alderdiaren ildo politikoa eta antolamendua.

Estrategia berrituaren tresna

Hasteko,Zutik Euskal Herria estrategia berrituaren garapenerako tresna da Sortu. Alabaina, ez da hutsetik hasten: «Honaino ekarri gaitu askapen prozesuak». Era berean, helburua eta konpromiso argia du alderdi sortu berriak: «Euskal estatuaren egitasmoa bururaino eramatea». Aldarrikapen hori egungo krisi ekonomikoarekin uztartzen du Sortuk, eta nabarmentzen du «askapen nazionalari eraldaketa soziala elkarlotu» behar zaiola.

Alta, iragana behin betiko itxi eta geroa erdiesteko, orain erronka nagusia igarobidea eraikitzea dela deritzo Sortuk. «Gatazkaren ondorioei eta iturburuari erantzungo dien ariketa osoarekin erabat konprometituta dago Sortu». Zentzu horretan, gatazkaren korapilo politikoa askatzeko «behar-beharrezkotzat» jotzen du Euskal Herrian eragile eta indar politikoen arteko nazio elkarrizketa abiaraztea. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean subjektu politiko erabakitzaileak osatzea izango luke helburu balizko akordioak.

Beldurrik ez

Era berean, gatazkaren ondorio guztiak gainditzea du helburu Sortuk. «Ez gara atzera begiratzearen beldur. Ez diogu errealitateari begi bakarrarekin begiratzen». Ebazpenak dio ezker abertzaleak dagozkion ardurak bere gain hartzen dituela.

Iraultza demokratikoa eta nazionala aldarrikatzen du, baina «etxetik bertatik» hasi behar duela ohartarazi du. «Eztabaidatzeko, erabakitzeko eta jardun militantea garatzeko ezker abertzaleko kide ororen etxea da Sortu». Aliantza politikak eratzea aldera, berriz, «komunikazioa, konfiantza eta elkarren arteko begirunea» izango ditu oinarri bere jardunean. Hori da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.