Bilboko Aste Nagusia. Oskar Melgar. Piztiak konpartsako kidea

«Inportantea da jendeak mugimendu animalista existitzen dela jakitea»

Piztiak konpartsa animalista sortu berri dute Bilbon, eta aurtengoa da haien lehen Aste Nagusia. Konpartsa mugimendu animalistaren elkargune bat izatea nahi dute.

Bilbo
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Animalien defentsarako mugimenduko hainbat lagunen ekimenez sortu dute Piztiak konpartsa. Mugimendu animalistaren elkargune eta bozgoragailu izatea nahi du Oskar Melgar Piztiak-eko kideak (Bilbo, 1977). Aste Nagusian animalien aurkako hamaika eraso daudela dio: zezenketak, zirkuko animaliak, sukaldaritza lehiaketak eta abar. Hori salatzeko eta kontzientzia animalista lantzeko helburuarekin ekingo diote lanari Piztiak-ekoek.

Zergatik sortu duzue Piztiak?

Iazko Aste Nagusia bukatzean animalien eskubideen aldekomugimenduko hainbat kidek pentsatu genuen garrantzitsua zela Bilboko jaietan gurearen moduko mugimendu bat ezagutaraztea. Aste Nagusian gabezia handiak daude animalien eskubideei dagokienez, eta, horregatik, inportantea da jendeak mugimendu animalista existitzen dela jakitea. Izan ere, Aste Nagusian jendea ohitua dago aldarrikapen mezu ezberdinak jasotzera, eta ezin dugu aukera hori galdu.

Nolakoa izan da konpartsaren sorrerako bidea?

Hasieran, ez genuen konpartsa bat egitea pentsatzen. Urte bukaeran, Bilboko konpartsekin harremanetan jarri ginen, haiekin kolaboratzeko asmoz. Orduan, haiekin hizketan ari ginela, konpartsa sortzeko aukera planteatu ziguten. Erokeria bat zela uste genuen, baina jendeari komentatzen hasi, eta ikaragarrizko erantzuna izan genuen. Pentsa, daramagun denbora gutxian 60 pertsonako talde aktibo bat dugu, eta 100 konpartsakide baino gehiago. Orain bi hilabete inguru, baiezkoa eman ziguten Bilboko Konpartsek, eta buru-belarri sartu gara lanean.

Zer moduzkoa da harremana Bilboko Konpartsekin?

Ikaragarria, asko eskertu behar dugu eman dizkigun animoak, laguntza... Denetarik eskaini digute. Oso gustura gaude, eta, gainera, hasiberri gisa egin ditugun galdera guztiak pazientzia handizerantzun dizkigute.

Zeintzuk dira zuen helburuak konpartsa gisa?

Lehen esan dudan bezala, gure mugimendua ezagutarazi nahi dugu. Eta jendeak lau katu baino gehiago garela ikustea. Horrekin batera, animalien defentsarako aldarrikapenak eta sukaldaritza ekitaldietan beganismoa bultzatzea da gure asmoa. Era berean, mugimendu animalistaren elkargune bat sortu nahi dugu. Bizkaian badira norbanako eta kolektibo asko gai honekin lanean, baina denek gabezia asko dituzte; besteak beste, batzartzeko lokal falta, dirua ateratzeko bazkariak zein kontzertuak egiteko toki falta... Horri erantzun bat emateko ere sortu dugu Piztiak.

Zein hutsune ikusten dituzue, animalien eskubideei dagokionez, Bilboko Aste Nagusian?

Alde horretatik, hutsune asko ditu Bilboko Aste Nagusiak, besteak beste, tauromakiak jarraitzen du, eta udalaren jarrera ikusita urteetan segiko du horrela; Bilbora etortzen den Zirku mundialak animalia basatiak ekartzen ditu, euren ingurutik atera dituztenak eta oso gaizki pasatu dutenak, eta Bilboko konpartsak-eko kide gisa parte hartu behar dugun sukaldaritza ekitaldietan ohikoena da animaliak erabiltzea. Hori dela eta, guk aukera beganoa erabiliko dugu. Zenbait konpartsatako kideek urteak daramatzate euren janari eskaintzan aukera barazkijale edo beganoak ematen.

Posible al da alternatiba beganoa, Aste Nagusiko sukaldaritza lehiaketetan?

Gaur egun, animalien sufrimendurik gabeko produktuen inguruko eskaintza eta eskaria erabat garatu da. Duela urte batzuk, ez zegoen ezer. Baina orain, gero eta produktu gehiago daude. Adibidez, arrautzaren ordezko produktu bat dago, eta horrekin tortillak arrautzekin bezain gozo edo hobe ateratzen dira. Marmitakoarentzat hegaluzearen ordezko beganoak daude, baita izokina eta beste arrain batzuetarako ere. Guk lehiaketatan aurkeztu nahi dugu; era honetan, jendeak ikusi ahal izango du inolako animalien sufrimendurik gabe elikatu daitezkeela. Eta animalien edo horien jatorria duten produktuak kontsumitzen badituzte plazer hutsagatik dela. Gutako askok urteak daramatzagu erakusten posible dela beste modu batean elikatzea. Modu honetan, kontzientziak astindu nahi ditugu, jendearen gogoeta bultzatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.