EAEko hezkuntza legea. Adituen txostena

«Abiapuntu bat» osatu dute EAEko hezkuntza legerako

Adituek egindako gogoeta txostena aurkeztu die Eusko Jaurlaritzak eragileei: «funtsezko oinarriak» biltzen ditu. Prozedura kritikatu du gehiengo sindikalak
Hezkuntzako eragileekin elkartu zen atzo, Gasteizen, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.
Hezkuntzako eragileekin elkartu zen atzo, Gasteizen, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Biain -

2018ko otsailak 6
«Abiapuntua». Horixe da, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, Akordioaren oinarriak izeneko dokumentua. Etorkizuneko hezkuntza legearen «oinarri» izan nahi du hezkuntza sistemaren «funtsezko oinarriak» biltzen dituen txosten horrek. Hainbat adituk taxutu dute txostena. Oinarrizko dokumentu bat da; besteak beste, hezkuntza eredu «propioa eta eleaniztuna» proposatu dute, euskara «ardatz» izanik. Eragile batzuek ontzat jo dute agiria, abiapuntu gisa, baina ez denek: sindikatuek, esaterako, txostena egiteko modua kritikatu dute.

Dokumentua aurkezteko bilera egin zuten atzo Gasteizen Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragileek. Irailetik martxan den prozesuaren barruko bilkura izan zen, eta 30 bat eragile elkartu ziren. Uriarteren esanetan, «zoru komuna» osatzea da dokumentuaren helburua. Denera 40 bat adituk osatu dute, bost ardatzetan: hezkuntzaren modernizazioa, bizikidetza, hizkuntza, ikastetxeen autonomia eta ebaluazioa. Lantaldeetan aritu dira, eta adostu dituzten oinarriak txertatu dituzte dokumentuetan. Jendaurrera atera dute, eta ekarpenak egiteko aukera zabalik dute eragileek zein herritarrek; otsailaren 21era arte jarri dute epea.

Behin ekarpenak bilduta, Euskadiko Eskola Kontseiluaren eskuetara pasatuko da agiria, han eztabaida dezaten. Ondoren, gobernuak Eusko Legebiltzarraren esku utziko du proposamena, hezkuntza legea egitea hango taldeei baitagokie. Jaurlaritzak legealdi honetarako lege asmoen artean jarria dauka hezkuntzakoa.

Abiatzeko oinarria

Atzo aurkeztutako txostena abiapuntu «ona» dela nabarmendu du Uriartek, oinarri «sendo eta finkoa» dela. «Hezkuntzan zein gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Helburu komuna aintzat hartuko duen hezkuntzaren aldeko akordio berri baten beharra dago. Elkarrizketa, hausnarketa partekatua, akordioa... Oinarri horien gainean eraiki dugu gure hezkuntza sistema, eta aldaketa ere horien gainean oinarritu behar dugu. Herri erronka baten aurrean gaude».

Adituen txostenean hezkuntza eredu «propioa eta eleaniztuna» proposatu dute; euskara izango da «ardatz nagusi», eta eskolatze «inklusiboagoa eta orekatuagoa» bermatu nahi dute. Hezkuntza sistemaren modernizazioa ere oinarrizko printzipiotzat jo du, eta horretarako beharrezkotzat jo dute irakasleak «ahalduntzea» eta haiei «prestigioa» ematea. Bizikidetzari dagokionez, aldiz, «sustatu beharreko balio gisa» hartu behar dela esan dute, ez «oztopo» gisa. Ezinbestekotzat jo dute, halaber, ikastetxeei autonomia gehiago ematea, haien berezitasunen araberako hezkuntza proiektuak garatzeko.

Beste gai batzuk

Hezkuntzako eragileek begi onez hartu dute txostena, nahiz eta gehienek aitortu duten «ezinbestekoak» diren gai batzuk falta direla. Nolanahi ere, azterketa «sakonak» egingo dituztela adierazi zuten atzo, bileratik irten ondoren. Besteak beste, hezkuntzaren finantzaketaren eta ituntze ereduari buruzko puntuak falta dira.

Baliabideei buruz ohartarazi du, hain justu ere, gehiengo sindikalak —ELA, LAB eta Steilas—. Kritiko agertu dira prozesuarekin, «bermerik» ez duelakoan. Lan gatazka betean dira sindikatuak eta Jaurlaritza sare publikoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria