Errefuxiatuak

Nola iritsi diren argitu zain, Gurutze Gorriaren esku daude migratzaileak

Donostiako autobus geltokian azaldu dira 46 migratzaile gazte; bi adingabe daude tartean. Autobus berean iritsi dira, ezustean: ez dakite nork bidali dituen Euskal Herrira. Presazko ostatu bat ipini diete

Ostiraletik 1.400 migratzaile erreskatatu dituzte Andaluzian. CARLOS BARBA / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Autobuskada bat mutil gazte, Donostiako geltokian, galduta, noraezean. Arropa antzekoekin guztiak, begirada eta pausaje nekatuarekin. Isilik. Sartu-irtenean zebiltzan autobus eta bidaiarietatik apartatuta. Hamabi orduko bidaia egina zuten gauean, Almeriatik (Andaluzia, Espainia) Donostiara. Eta aurrez, orain egun gutxi, are bide luzeagoa, txalupetan, Afrikatik Espainiara. Donostiako autobus geltokian azaldu ziren atzo goizean 46 migratzaile gazte, autobusean etorriak, nork hartuko zain. Gurutze Gorria egin da haien kargu, eta batzorde bat abiarazi du erakundeekin. Ez dakite nork bidali dituen Donostiara.

Immigrazioari buruzko eztabaida pil-pilean dago Europan, Aquarius ontziaren bueltan sortutako ika-mikaren ostean. Kasu horrek eman du hizpidea, baina Mediterraneo itsasoan gertatzen ari denaren tanta bat soilik da. Espainiako hegoaldean, esate baterako, 1.400 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituzte ostiraletik, eta atzo bertan ia 200 migratzaile atera zituzten Alboran uhartearen inguruan, Almerian. Eguraldi ona iristearekin batera, uste dute datozen egunetan areagotu egingo dela txalupen emaria. Gainezka egin dute Andaluziako gizarte zerbitzuek, eta babesa eskatu diote Espainiako Gobernuari, Aquarius ontziarekin egindako keinuaren ostean.

Euskal Herrian ere bada arrastoa. Bizkaiko Diputazioak, adibidez, alarma jo du adingabe asko ari direlako iristen, eta gainezka eginda dauzkalako egoitzak. Lapurdin ere nabaritu dute eragina; duela lau urte, sei adingabe heldu ziren, eta iaz, ehun. Eta ez adingabeak soilik: apirilean berriro ireki zuten Hendaiako atxikitze zentroa, eta hil horretan bertan 53 migratzaile sartu zituzten. Duela bi aste, berriz, Biriatun 42 migratzaile atxilo hartu zituen Poliziak.

Frantziarako asmotan

Tantakakoa da iritsiera, eta ezohikoa da atzo Donostian gertatutakoa. Argi asko falta da oraindik, gainera. Autobus geltokian 08:30 aldera agertu ziren migratzaileak; autobus berean etorri ziren denak, eta, mutilak jaitsi zirenean, joan egin zen ibilgailua. Noraezean geratu ziren migratzaileak, lekuko batzuek azaldu dutenez, non zeuden ere ez zekitela. «Galdetzen zuten Frantziatik zenbat kilometrora zeuden, zenbat denbora behar den Parisera iristeko». Kazetariek ez zuten modurik izan migratzaileekin hitz egiteko, Donostiako udaltzainek irmo galarazi zietelako haiengana gerturatzea. Lekukoek azaldu dutenez, ordu batzuk geltokian egin zituzten, norbait bila joango zitzaielakoan, baina ez zen inor agertu. Hori ikusita, autobus geltokiko arduradunek abisua eman zuten.

Eguerdian iritsi ziren udaltzainak, ertzainak eta Gurutze Gorriko kideak. Geltokiaren bazter batean jarri zituzten, multzoan, eta argibideak eman zizkieten. Poliziak zainduta eduki zituen beti; komunera taldeetan joan behar izan zuten, eta udaltzainekin. Bi txandatan eraman zituzten Gurutze Gorriaren ibilgailuetan. Lehen osasun azterketak egin dizkiete, eta ondo daude denak. Nekea adierazi dute. Ordu luzeetako bidaiaren eta noraezaren nekea.

Espero gabe

Identifikatu dituzte: 46 gizon dira, 16-36 urte bitartekoak. Bi adingabe daude tartean, eta Gipuzkoako Diputazioaren ardurapean geratuko dira horiek. Besteekin «banakako balorazioa» egingo dute; zer asmo duten ikusi, eta horren arabera bideratuko dituzte. Lekukoen esanetan, Frantziara joateko asmoa zuten gehienek, han senideak dituztela eta. Presazko ostatua jarri die Gurutze Gorriak, larrialdietako azpiegituren bidez.

Espero gabe iritsi ziren migratzaileak, eta aztertzen ari dira nolatan heldu diren Donostiara. Lekukoek azaldu dutenez, migratzaileek adierazi zuten Gurutze Gorriak bidali zituela Almeriatik, baina Gipuzkoako Gurutze Gorriak ez zeukan horren abisurik. Erakundeek ere ez. Migratzaileek zinta bat zeramaten eskumuturrean, horia eta gorria; uste izatekoa da, hortaz, Espainiako zerbitzuren batek artatuak zituela aurrez. Autobus geltokiko sarrerak kontrolatuta daude, eta, beraz, jakin ahalko dute zer autobusetan etorri ziren. Espero dute datozen egunetan argitzea zer gertatu den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.