Energia. Euskal Herriko praktikak

Burujabetza lortzea xede

Euskal Herriko egoera energetikoa izan dute hizpide Donostian. Lekuan lekuko bost esperientzia abiapuntu gisa hartuta, etxe pribatuez gaindiko eredu iraunkor baterako gakoei buruz hausnartu dute.

Oihan Vitoria -

2014ko ekainak 19
Edonon dago. Etxebizitzan, karrikan, uretan, eguzkian, haizean... Herritar ororen parte da, bizirik irauteko nahitaezkoa. Esku gutxi batzuen menpe dago, edonola ere. Enpresa pribatuak dira horietako gehienak, eta nahi adina «trikimailu» dituzte jendearen premia bat nahierara kudeatu eta interesen pean lagatzeko. Euskal Herriko egoera energetikoa aztertzeko topaketak prestatu zituzten atzo Donostian. Berebiziko arreta piztu zuen egitasmoak. Zenbait udalerritako alkate, zinegotzi eta teknikariak, arkitektoak eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin duten norbanakoen bilgune izan zen, besteak beste. Leku «aski berezian» elkartu ziren: Martutene auzoko industrialde batean gora dagoen Enertic eraikinean. Hilabete hasieran inauguratua, energia berriztagarri eta eraginkorren alde lan egiten duten enpresa «aitzindarien» topaleku izateko jarri du martxan Donostiako Sustapen zentroak. Eraikin ekoadimentsua da, eta «eraikuntza iraunkorraren ikur» bilakatzea espero dute. Dagoeneko, hamabi enpresa ari dira lanean bertan. Euskal Herriko zein atzerriko 55 enpresarentzat dago lekua.
Xabier Zubialde aditua izan zen hitza hartzen lehenbizikoa. Euskal Herriko egoera energetikoaren diagnostikoa egin zuen. Datu argigarriak eman zituen: Euskal Herri osorako energia faktura, kasurako, 9.000 milioi eurokoa dela. «Eta kopuru horretatik zenbat ekoizten dugu hemen?», bota zuen galdera hizlariak. «Altxatu eskua erdia baino gehiago dela deritzozuenak!». Itxaropen askorik ez entzuleen artean. Ez zitzaien arrazoirik falta. Izan ere, Zubialdek azaldu zuenez, Euskal Herria «ez da lurralde garatua» energia aurrezkiei dagokienez. Ia ez da energiarik ekoizten Euskal Herrian. Erabiltzen den petrolio, gas eta uranioaren %92 inportatua da. Errusiatik, Aljeriatik, Nigeriatik, Irandik eskuratzen da zati handi bat. «Diru gehiena atzerrira doa». %8 baino ez da hemen ekoitzia, Zubialderen esanetan: «Berriztagarriak dira sortzen ditugun baliabide gehienak».


Pertsonako, 5,3 hektarea

«Kezkatuta», baina ereduz aldatzeko premiaz ohar egin nahian mintzo zen Zubialde. «Burujabetza energetikoa behar dugu; baliabideen kontrola izatea, sistemak dituen eraginak aztertzea... Finean, erabakitzeko ahalmena edukitzea». Haren iritziz, erabaki batzuk ezin daitezke enpresa pribatuen menpe laga. «Herritarrok eskumena izan behar dugu egokien dugun eredua hautatzeko».
Energian aurrezteko hainbat neurri ere hartu zituen ahotan. Jakinarazi zuenez, hamar urteotan bost-sei alditan «puztu» dute petrolioaren salneurria. «Petrolio merkearen aroa amaitu da». Alderaketa bat egin zuen, horren haritik: «Energia gero eta gehiago kontsumitzen dugu. Prezioa askoz garestiagoa da, eta familiak sekula baino larriago daude, diru gutxiago irabazten dutelako».
Horregatik, egunerokoan aldaketak egitea ezinbestekotzat jo du Zubialdek. Arropak, ibilgailuak, janariak, makinak... Ororen atzean dago energia, eta esku hartzeko sasoia dela deritzo: «Mugarik gabe erabili dugu orain arte: fakturak ordaindu, eta kito. Nahi adina kontsumi dezakegu, arazorik gabe». Mugak ezartzearen aldekoa da, eta datuak ditu horretarako argudio nagusi: 2005ean, 5,3 hektarea behar ziren Gipuzkoako herritar bakoitzaren energia beharrak bete ahal izateko. Alabaina, urte hartan 1,8 hektarea baino ez zituen erabilgarri. «Aztarna ekologikoa handiegia delako gertatzen da hori. Zer da hori? Pertsona batek zenbateko eremua behar duen bizi den bezala bizitzeko». Egoera larritzat jo du adituak, eta hamahiru ildo estrategiko zehaztu ditu Euskal Herria burujabetza energetikorantz bideratzeko. Zubialderen ildoak ez ezik, adibide praktiko gehiago ere eman zituzten atzo Donostian:


RAUL MAIZA Berriozarko alkateordea (Nafarroa)

«Gehiegi kontsumitzen genuela ohartu ginen, eta esku hartu genuen»

Argindarraren tarifa aurrezteko eta CO2 isuriak gutxitzeko plana abiarazi zuen 2012an Berriozarko Udalak. Eraikinen argiztapenean egin zituen aurreneko moldaketak: «Energia gehiegi kontsumitzen genuela konturatu ginen, eta esku hartu genuen. Jasanezina zen». Murrizketa energetikoak egin zituzten udaletxean, musika eskolan, kiroldegian, eskolan eta euskaltegian. «Neurriak errazak izan ziren. Azterketa bat egin genuen leku eta erabileraren arabera, eta gehiegizko argia zuten eremuetan bonbillak kendu genituen». Horri esker, 32.000 euro aurreztu dituzte, eta 167.000 kilowatt gutxiago erabili dituzte urtean. «Agerian geratu da hirigintza politikak beste modu batean egitea posible dela».

ARTZAI MENDIBURU Loreki Kooperatibako langilea (Lapurdi)

«Baserriko eta oihaneko ekonomia aise hobetzea dakar biomasa egiteak»

1985ean eratu zuten Itsasuko Loreki Kooperatiba. Oihaneko biomasa dute ardatz nagusi. «Hiru jarduera ditu gure enpresak: ongarria fabrikatu, konposta egin eta energia biomasa bitartez landu». Horretarako, hiru egur mota erretzen dituzte, erregaia baliatzeko. «Balioa ematen diegu egur horiei, eta bezero bakoitzaren eskarietara egokitzen dugu. Baserriko eta oihaneko ekonomia aise hobetzea dakar biomasa egiteak». Enpresaren hiru guneetan 24 behargin ari dira, eta iaz hiru milioi euro fakturatu zituzten.

IBAN LIZARRALDE I-ENER ingeniari taldeko kidea (Lapurdi)

«Enpresa handiekin kontratuak eteteko deia egiten dugu»

I-ENER ingeniari taldeko Iban Lizarraldek herritarren sentsibilizazioan jarri du arreta. «Energia deszentralizatu eta herritarren esku utzi behar dugu». Jakin badaki lan eskerga dagoela egiteko, eta «enpresa handiekin kontratuak eteteko» deia egin du, egun zail ikusten baitu Frantziako eta Espainiako legediak aldatzea. Ohar argia egin du, berriz: «Zirrikitu bat ikusi orduko prest egongo gara». Argindarra merkaturatzen dute, eta hartu-emanean ari dira zenbait herriko etxerekin. 

IDOIA BEITIA Aramaioko Ingurumen zinegotzia (Araba)

«Herritarrek eskertzen dute gardentasuna eta gertutasuna izatea»

Argindarra banatzeko sare publikoa daukate Aramaion. Udalak kudeatzen du 1983tik. Argindar saltzaile ere bazen orduan: «Mugan Iberdrolari erosi, eta zuzenean norbanakoei saltzen hasi zen». 2009ko lege aldaketarekin, baina, saltzea galarazi zioten, argindar sortzailea ez zelako. Onurak, halere, begi bistakoak direla dio Idoia Beitiak: «Herritarrek eskertzen dute gardentasuna eta gertutasuna izatea». Horri esker, %5 irabazten du udalak urtero.

EKAITZ URIBE Oreka Arkitekturako kidea (Gipuzkoa)

«Eguneroko bizitzan gauza ugari alda daitezke. Posible da»

Oreka Arkitektura bulegoko kideek aztarna ekologiko txikia duten etxeak egiten dituzte. Bereziki, eguzki plakak erabiltzen dituzte. «Zortzi hilean urteko energia lortzen dute». Eraikiak dituzte hiruzpalau etxe: «Gauza ugari alda daitezke eguneroko bizitzan: hormak margotzeko pintura aldatuta... Nahi bada, posible da».

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna