Iruñeko taldeko sexu erasoa. Protestak

«Ez da abusua, bortxaketa da!»

Protesta jendetsuak egin dira epaia arbuiatzeko. Auzitegietako atarietara jo dute mobilizatzera; horrela, salatu dute sistema bidegabe bat betikotzeko mezuak indartzen dituztela halako ebazpenek

Protestetako lehen lerroan jarri ziren. Goian, Bilboko mobilizazioan; behean, Iruñean. MONIKA DEL VALLE- IÑIGO URIZ/ FOKU.
Ibai Maruri Bilbao, Samara Velte, Jon Rejado
Bilbo - Donostia - Gasteiz
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Jendea erruz bildu zen atzo ilunabarrean Euskal Herri osoan sententziaren gaineko ezinegona eta sumina erakusteko egin ziren protestetara. Donostian, Gasteizen eta Bilbon mugimendu feministak egin zuen horietarako deia, eta berezitasun bat izan zuten: epaitegietako atarietara eraman zuten jendea. Iruñean, dei zehatzik ez zuten egin feministek, baina, bere kasa, jende askok adierazi nahi izan zuen arrangura, eta aspaldiotako elkarretaratze jendetsuenetarikoa egin zen udaletxe plazan eta inguruetan. Protestetan parte hartu zuten guztiek deitoratu zuten tankera horretako ebazpenek genero sistema bidegabea auzitan jarri beharrean hanpatu egiten dutela. Ez da abusua, bortxaketa da! izan zen ozenen entzun ziren aldarrietako bat, beste hainbatekin batera: Hau ez da justizia!, Sinesten dizut!, Herriak ez du barkatuko!... Protestarako deiak arrakasta handia izan zuen Euskal Herritik at ere.

Donostian, Kalkutako Teresa plazan zuten egina mobilizaziorako deia, epaitegien aurrean. Justizia sistemak halakoekin erakusten duen ezina deitoratu zuten: «Epaitegiak ez daude emakumeen gorputzak defendatzeko». Kontrara, adierazi zuten «ordena patriarkala iraunarazteko» tresna direla, eta sententzia hori jarduteko era horren adibide dela. Batzar ireki batekin amaitu zuten protesta, eta gaur eguerdian berriz epaitegi aurrean elkartzeko deia egin zuten. Protestan ziren, besteak beste, Gipuzkoako Diputazioko bi ordezkari: Turismo diputatu Denis Itxaso eta Berdintasun zuzendari Miren Elgarresta. EH Bilduko Kongresuko ordezkari Marian Beitialarrangoitia ere han zen.

Gasteizko mugimendu feministak ere jende ugari erakarri zuen atzoko protestara. Andre Maria Zuriaren plazan hasi zuten mobilizazioa, eta handik epaitegietarako bidea hartu zuten: Gasteiz hiribidera. Bidean, kaleak jendez bete zituzten, eta tranbiari eta hainbat autobusi bidea itxi zieten. Behin iritsita, epaitegi aurreko espaloira joan, eta eserialdi bat egin zuten. Testu bat irakurri zuten han, eta eguneko mezu nagusia plazaratu zuten: «Bortxaketa da». Epaitegia inguratu zuten zenbait unetan manifestariek, eta Poliziak hainbat pertsona identifikatu zituen. Deigarria izan zen protestan parte hartu zuten andre gazteen kopurua; lehen lerroan jarri ziren asko. Gasteizko Udalak ez zuen propio bat egin protestarekin, baina udaleko Berdintasun Zerbitzuak zineforum bat bertan behera utzi zuen, protestarekin bat egin ahal izateko.

Bilbon, Buenos Aires kaleko epaitegien parean egin zuten protesta. Kale hori zarratuta egon zen, eta ingurukoak ere bai. Osorik bete zituzten manifestariek. Gero, udaletxera jo zuten. Han, deitoratu zuten justizia «sistema patriarkalaren» parte dela, eta «konponbide askotarikoa» eskatzen duela gaiak. Idoia Mendia (PSE) eta Andoni Ortuzar (EAJ) han zeuden, beste hainbat politikari ezagunen artean. Izan ziren haien kontrako zenbait oihu.

Plazan, eta bulegoetan

Iruñean ere batu zen jendea arratsean epaitegi aurrean protestarako. Baina udaletxeko plazan izan zen elkarretaratze nagusia, eta ordezkari politiko ugari izan ziren; tartean alkatea, Joseba Asiron. Kalean protesta egiten ari zen bitartean, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak argazki bat zabaldu du sare sozialetan, mezu honekin: «Iruñea, 19:30ak. Bulegoan, Beaumont kontseilariarekin epaiaren kontrako helegitea aztertzen. Nafarroako Gobernuaren zerbitzu juridikoak lehen unetik ari dira lanean».

[youtube]https://youtu.be/hKXzu36fFlo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.