Operazioa bakerako «traba» dela esan, eta EH Bilduri urratsa eskatu dio Urkulluk

ETAri desarmatzeko exijitzea galdegin dio Urkulluk EH Bilduri, eta Foroko puntuak bere egiteko erantzun diote
EH Bilduko legebiltzarkideek parte hartu zuten legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzean.
EH Bilduko legebiltzarkideek parte hartu zuten legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Erredakzioa -

2013ko urriak 5
Herrira-ren kontrako polizia operazioak «ez du errazten bakerako bidea», Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritzian. «Beste traba bat» da, esan zuen atzo Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. EH Bilduk egindako galderari erantzunez egin zituen hitzok, baina ez zuen aukera pasatzen utzi, EAJk Herrira-ren kontrako operazioaren osteko adierazpenetan egin duen bezala, gertatutakoaren erantzukizun zati bat koalizio abertzaleari berari botatzeko. «Eginbeharra zuena da. Zuek eman behar dituzue pausoak; ETAri eskatu behar diozue desagertzeko».

Operazioa bakerako traba dela dio lehendakariak, eta traben aurrean aurrerapauso berriak ematea da bidea, bere irudiko. Pausoak, baina, EH Bilduk eman behar ditu, bere ustez. ETAri desarmatzeko eskatzeko bada, legebiltzarreko prentsa aretora lagunduko diela esan zien gainera.

Koalizio abertzalearen ustez, baina, EAJk ere egin dezake urratsik. Hala esan zuen Arzuagak: «ETAri desarmatzeko elkarrekin eskatzeko planteatzen digu, eta gure erantzuna argia da oso: ETAren desarmea ez ezik, Foro Sozialaren gomendio guztiak betetzeko ere eskatzeko gonbitea egiten diogu. Gu prest gaude, berak du hitza». ETAri jarduera armatua amaitzeko ez ezik, gatazkaren ondorioez hitz egiteko erakunde armatuarekin elkarrizketak abiatzeko eskatu zioten Aieteko Nazioarteko Konferentzian Espainiari eta Frantziari. Baita adiskidetzerako «urratsa sakonak» egiteko, eta gatazkaren oinarrian dauden gaiari buruz elkarrizketak abiatzeko eragileen artean.

Atzo legebiltzarrean egindako adierazpenekin Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azaldutako jarrera gogor kritikatu du EH Bilduk. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren «jarrera immobilista» ez salatzea egotzi dio, eta gogora ekarri, «gaur egun oinarrizko eskubideak urratzen dituen eragile bakarra» Espainiako Gobernua dela. «Lotsagarria da lehendakaria ez izatea gai Herrira-ren aurkako erasoaren egilea identifikatu eta aipatzeko».

Urkulluk EH Bilduri esan dio «traba eta zailtasunen aurrean» eman beharreko erantzuna ez dela «atzera pausoak ematea nahi duenaren probokazioan erortzea», egin beharrekoa «aurrera bi urrats» egitea dela. Urratsak, EH Bilduk. «Iraganera itzultzeko tentazio asko daude», lehendakariaren irudiko, eta hori horrela ez gertatzeko, Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo duela nabarmendu du.

Azken egunetako adierazpenak entzunda, «alde bakarreko begirada» baztertzeko eskatu dio Arzuagak Jaurlaritzari eta EAJri, eta «gatazkaren konponbidean oztopoak baino ipintzen ez dituztenei kontuak eskatzen hasteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna