Ezkutuko desoreka

Sarritan, umeei kostata antzematen zaie hizkuntzaren garapen nahasmendua. Gai horri buruzko mahai ingurua egin dute EHUko Udako Ikastaroetan, gurasoen kezkei erantzuteko.

Hizkuntzaren garapen nahasmenduaren inguruko mahai ingurua egin zuten asteartean Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Donostia
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ikusezina. Hala deskribatzen dute hizkuntzaren garapen nahasmendua gertutik ezagutzen duten guraso eta adituek. Bi egunean gai horren inguruko hitzaldiak eman dituzte Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan. Eta, amaitzeko, mahai ingurua egin zuten asteartean bost hizlarik: Raquel Ayuda psikologoa, Natalia Jordan eta Gerardo Aguado unibertsitate irakasleak, eta Alicia Solavera eta Carmen Sierra EAEn nahasmenduari aurre egiteko elkarteko kideak eseri ziren mahaiaren inguruan. Haiek bezainbesteko garrantzia hartu zuten, ordea, entzuleek: trebakuntza eske joandako pedagogo, irakasle eta osasun langileak zeuden, batetik; guraso kezkatuak, bestetik. Guztiak, desoreka hori duten haurrei laguntzeko prest.

«Nahasmendu guztiak bezala, atzerapen batekin hasten da», azaldu zuen Aguadok. Gainontzeko haurrak baino beranduago hasten dira hitz egiten desoreka hori duten haurrak; eta besteek baino hiztegi murritzagoa izan ohi dute. Arazoak «askotarikoak eta oso aldakorrak» izan daitezke, ordea, kasu batetik bestera: ulermen arazoak esaldi luzeetan, akats gramatikalak, hitzak elkarrekin lotzeko ezintasuna, ahoskatzeko arazoak...

Ayudak ongi daki ikusezintasunaren arrazoia: «Detektatzea zaila dela». Gurasoen jarrera ohikoa pediatrarengana jotzea da; eta, kontsultaren iraupen laburra edo beste arrazoiren bat dela medio, nahasmenduari antzematea zaildu egiten dela uste du psikologoak. «Proba neurologikoek ez dute balio. Medikuek badituzte protokoloak, baina haien erabilpena oso mugatua dago; eta gauza bera gertatzen da irakasleekin», azaldu zuen. «Izan ere, haur horiek eskolan beharrezkoa den mailara irits daitezke», gehitu zuen Sierrak. «Mesedez» eskatu zien irakasleei, azterketak gainditu arren, hitz egiteko zailtasunak dituen ikasleren bat edukiz gero, gurasoak ohartarazteko: «Sistemak hutsune asko ditu; irakasleak formatu behar dira». Aguadok uste du osasun langileek eta hezitzaileek oso ideia mugatua dutela hizkuntzaren garapen nahasmenduaren inguruan, gehienek ahoskatzeko arazoekin soilik lotzen dutelako. «Eta ez da beti horrela. Nahasmendua izan dezake ondo ahoskatzen duen ume batek; adibidez, 8 urterekin inoiz ez badu mendeko perpaus bat erabili».

Hizlarietako askok nahasmendua duten seme-alabak dituzte. Eta gehienei, diagnostiko faltsua egiten diete hasieran: irakasle eta medikuek heldutasun faltarekin justifikatzen dituzte haien gabeziak. «Ume bakoitzak bere erritmoa duela diote ikastetxean; baina, gero, eskolak ez ditu erritmo guztiak errespetatzen», kexu zen Aguado. Tolerantzia handia dagoela uste du Ayudak: «Eta tolerantzia ez, sentsibilitatea eta formazioa behar dira».

Atzerapen ikusezina da, baina ohikoa ere bai: Solaverak emandako datuen arabera, adingabeen %3-7k dute, neurri handiago edo txikiagoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasgela bakoitzean gutxienez haur bati eragingo lioke; eta gehienak ez lukete diagnostiko zuzena edukiko. Dislexia duten pertsonen %70ek lehenago hizkuntzaren garapen nahasmendua izan zutela uste da.

Hizlariak, azalpenekin amaitutakoan, ikusleen galderei erantzuten hasi ziren. Guraso kezkatuak ziren horietako asko: «Badirudi alabak arazo hori duela; zer egin dezaket? Zer etorkizun izango du nire alabak? Noiz da beranduegi diagnostikoa egiteko?». Eta mahaikoek erantzun zuten: «Ezinbestekoa da garaiz antzematea, esku hartu ahal izateko». 6 urte bete ondoren diagnostikatzeak arazoak handitzen dituela esan zuen Aguadok: «4 urterekin da aproposena. Konponbidea gurasoen esku dago; egunero egin beharreko ariketak dira. Ez kezkatu, ordea, erraza da eta! Hori bai, ikasketa zailtasun batzuek bizi guztirako irauten dute, aurrerapauso handiak emateko aukera badago ere».

Bost hizlariek «borrokan» jarraitzera animatu zituzten diagnostikoa lortu ez duten gurasoak. Gainontzekoak, berriz, neurriak hartzeko beharraz ohartarazi zituzten. Haiek laguntzeko prest daudela jakinarazi zieten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.