Ez aurrera eta ez atzera

Bizkaiko zahar etxeetako langileek ia urtebete daramate beren lan baldintzak hobetzeko borrokan. Ez dute akordiorik lortu oraindik, eta Bizkaiko Foru Aldundia jotzen dute horren erantzule.

Bilbo
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Bizkaiko zahar etxeetako lan gatazka urtebete egiteko bidean da. 2016ko martxoan, nagusiki emakumez osatutako 5.000 langile inguruko kolektiboak greba abiatzea erabaki zuen, ELA sindikatuak deituta, lanean duten «prekaritatearen» aurka. Haien eskaerak: langileen kopurua handitzea, lan karga apaltzea, gaixo baimenak eta beste baimenak hobetzea, 35 orduko lanaldia ezartzea, eta 1.200 euro ingurukosoldata «duinak» jasotzea. «Gutxieneko» harremana izan dute Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta zahar etxeetako patronalarekin, eta, oraingoz, ez dute lortu ados jartzea. Otsailaren 1ean greba hasi zuten berriro: hilabete iraungo du lanuzteak, eta iazko protesten jarraipena izango da. Orain arteko luzeena izango da. Atzo bertan, 10:00etatik 18:00etara, elkarretaratzea egin zuten diputazioak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren inguruan.

147 zahar etxe daude Bizkaian, eta 11.000 pertsona inguru artatzen dituzte. Bertako langileek foru aldundiari egozten diote lan baldintzen eta egoitzen egoeraren erantzukizuna; izan ere, zahar etxeetako 7.500 oheetatik 5.000 inguru finantzatzen ditu diputazioak —sektoreko lekuen %70—, eta, beraz, erakunde hori da «zerbitzuaren erantzule nagusia», ELAk adierazi duenez. Sindikatuak salatu du patronalak ez duela «negoziatzeko borondaterik», eta aldundiari leporatu dio enpresekin «ados» egotea. Azken greba abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra bitarte egin zuten, eta ohartarazi zuten luzatuz joango zirela ordurako akordioren bat lortu ezean. Eta hala izan da: otsail osoan egingo dituzte mobilizazioak zahar etxeetako langileek.

ELAko ordezkari Gaizka Miguelek azaldu duenez, azaroaren 17an proposamen bat bidali zioten aldundiari, eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Duela bi aste Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazi zuen bazela patronalaren eta sindikatuaren artean akordio bat lortzeko oinarririk, baina sindikatuek ez dute horren berririk izan. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak babesa adiera zien beharginei atzo, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan, eta salatu zuen langileak andreak izatea dela arazoaren muina: «Emakumeak ez balira, zahar etxeetako gatazka konponduta egongo zen dagoeneko».

Horri erantzunez, Elena Unzueta aldundiko bozeramaileak «seriotasunez» jokatzeko eskatu zuen atzo, eta patronalari eta sindikatuei mahaian esertzeko deia egin zien. «Ezin zaio sindikatuen aldetik behin eta berriro eraso egin foru aldundiari; negoziatu egin behar dute». Unzuetaren hitzetan, arazoa «ez dago soldatetan, baizik eta orduetan». Langileek luzaroan salatu dute ratioen gainetik daudela zentro guztietan, baina soldataz ere eztabaidatu behar dela.

Hiru milioi euroren irabaziak

Ildo horretan, beharginek diote arretaren kalitatea ez dela bakarrik greba egunetan murrizten. «Urte osoan ditugu oso lan baldintza eskasak: ratioen azpitik gaude egoitza guztietan. Orain, kezkatuta daude aitona dutxatu edo ez den dutxatu; eta urtean zehar, zer?», galdetu du Ana Maria Sanchez langileak. Gaineratu du komiteak «kokoteraino» daudela enpresei langile gehiago kontratatzeko eskatzeaz.

Hain zuzen, ratioez mintzatu da ELA, agiri batean. Eusko Jaurlaritzak ratioen inguruan ezarritako dekretua 1998koa dela gogoratu du, eta erabat «urria» dela: «Ez die erantzuten gaur egun egoitzetan dauden pertsonen beharrei». Gainera, gaitzetsi du dekretuak «minimo» batzuk baino ez dituela biltzen, eta, beraz, aldundiak «hobetu» dezakeela, «Gipuzkoan egin den bezala». Azkenik, zahar etxe itunpeko eta publikoetako langileen ratioak alderatzeko ere eskatu du.

Langileek greba egiten duten egunetan patronalek jasotzenduten diruari lotuta ere salaketa egin du ELAk. «Greba egunetan, hiru milioi euro baino gehiagoko irabaziak izaten utzi die aldundiak patronalei», deitoratu du Miguelek. Diputazioak enpresa pribatuei dirua «oparitzen» diela erantsi du. Eta gogoratu du langile askoren soldata ez dela 1.000 eurora heltzen. Babestu elkarteak ere —egoitzetako erabiltzaileen senideak biltzen ditu— eskatua du diru hori itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.