Gizon bat atxilotu dute bikotekide ohia eta haren ama hiltzea egotzita

Gasteizen izan da erasoa; gizonak etxebizitzari su eman dio bi emakumeak hil ostean. Ertzaintzak atxilotu egin du erasotzailea. Mugimendu feministak manifestaziora deitu du gaur arratsalderako

JUANAN RUIZ / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistak bi hildako utzi ditu Gasteizen: gizonezko batek bi emakume erail ditu labankadaz, Lakua-Arriaga auzoan. Erasotzailearen bikotekide ohia eta haren ama dira hildakoak; 43 urteko andre bat eta 69 urteko beste bat. Ertzaintzak atxilotu egin du 46 urteko gizonezkoa, hark etxebizitzari su eman eta leihotik salto egin ondoren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ez zeukan bortxa matxistari lotutako salaketarik.

Indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian hil diren lehen bi emakumeak dira. Iaz, sei andre eta haur bat hil zituzten. Gasteizen, zehazki, 2016an izan ziren azken hilketak: Alicia izeneko hamazazpi hilabeteko ume bat hil zuen gizon batek urtarrilean—irailaren 4an izango da epaiketa—, eta 60 urteko andre bat hil zuen beste gizon batek ekainean.

Gasteizko Julian Arrese kaleko 6. zenbakian jazo zen ezbeharra, atzo goizean. Bizilagunek oihuak entzun zituzten zortzigarren solairuko etxebizitza batean, 11:30ak aldera, eta ertzainei abisu eman zieten. Ikerketako iturrien arabera, gizonezkoak bikotekide ohia hil zuen labankadaz, liskar baten ostean. Banandu berriak ziren, baina ez zegoen indarkeria matxistari lotutako salaketarik tartean. Bikoteak bi ume ditu: 9 eta 11 urtekoak. Eskolan ziren haurrak gertaera jazo zenean, hala ere. Emakumearen ama ere larri zauritu zuen erasotzaileak; Txagorritxuko ospitalera eraman zuten anbulantzian, baina handik minutu gutxira baieztatu zuten hura ere hil egin zela.

Ertzaintza lekura iritsi orduko, etxebizitzan itxi zen gizonezkoa. Ordubete inguru eman zuen han gotortuta, eta bere burua leihotik botako zuela mehatxatu zuen. Tentsio uneak izan ziren eraikinaren bueltan, eta Udaltzaingoak gunea itxi zuen berehala. Segurtasun iturrien arabera, erasotzaileak ez zuen negoziatu nahi izan, eta su eman zion etxebizitzari 13:00ak aldera. Garretatik ihes egin nahian, leihora atera zen gizonezkoa. Azkenerako, suhiltzaileek zabalik zuten lastaira batera salto egin zuen gizonak. Zaurituta eraman zuten Santiagoko ospitalera, polizien babespean. Ertzaintzak ikerketa abian du gertatutakoa argitzeko.

Erabateko gaitzespena

Hilketa matxistak erabat gaitzetsi dituzte erakunde guztiek. Gasteizko Udalean, hain zuzen, udalbatzarra egitenari zirela izan zuten jazoeraren berri, eta bertan behera utzi zuten albistea jakin orduko. Bozeramaileen batzarrera deitu ostean, udaleko talde politiko guztiek aho batez onartu zuten hilketak arbuiatzeko adierazpena. Erasoa «irmotasunez» gaitzesteaz gain, biktimen senideei laguntzeko baliabide guztiak jarriko dituela dio Gasteizko Udalak zabaldutako oharrak: «Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela, eta garrantzi handiko arazoa dela, indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari, osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik». Udaletxeko banderak haga erdian jartzea ere onartu zuten udaleko alderdi politiko guztiek.

Iluntzean, berriz, elkarretaratze isila egin zuten udalatxe aurrean, hilketei arbuioa adierazteko, Gasteiz, eraso matxisten aurka lelopean. Hainbat erakundek bat egin zuten Gasteizko Udalak deitutako protestarekin; tartean, Emakunde. Han izan ziren, hain zuzen, Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, eta Zuriñe Elordi, idazkari nagusia.

Emakundek «doluminak eta elkartasuna» adierazi zizkien hildakoen familiari eta lagunei ohar bidez, eta, gogorarazi zuen «emakumeen aurkako indarkeria mota hau menpekotasun eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena» dela.

Arabako Batzar Nagusiek eta Eudelek ere bat egin zuten udalaren elkarretaratzearekin, eta hilketak txarretsi zituzten. Arartekoak, bestalde, erakundeei dei egin zien «irmotasunez» jardun dezaten berdintasun politikak sustatzeko. Gasteizko mugimendu feministak, bestalde, gaur arratsalderako deitu du mobilizaziora. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute, 18:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.