2015erako asmoa: bake ituna

FARCekin abiatutako bake prozesuaz balantze ona egin du Kolonbiako Gobernuak, eta urrats gehiago iragarri ditu.

Urtarrilaren erdialdetik aurrera hasiko dira negoziatzaileak berriz Habanan biltzen
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea —erdian— bere gobernuko negoziatzaileekin, asteburuko bileren berri ematen.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea —erdian— bere gobernuko negoziatzaileekin, asteburuko bileren berri ematen. JUAN PABLO BELLO / EFE

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 7
Kolonbiako Gobernuak aurki helduko die berriz Habanako bake negoziazioei. Juan Manuel Santos presidentea hiru egunez egon da bere gertuko eta nazioarteko aholkulariekin batzartuta, orain arteko prozesuari buruzko balantzea egiteko. Ondorioa: FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak ari dira hartutako konpromisoak betetzen, eta gobernuak ere aurki egingo ditu urrats gehiago. Negoziazioen erritmoa bizitzeko agindua ere eman du Santosek, behin betiko bake ituna urtea amaitu baino lehenago sinatzeko moduan egoteko. «Negoziatzaile taldea hemendik oso gutxira itzuliko da Habanara, agindu argi batekin itzuli ere: elkarrizketak bizkortzea, gatazka hau albait lasterren eta behin betiko amaitzeko. Kolonbiarrengandik jaso nuen mandatua betetzeko asmoa daukat: ea 2015a bakearen urtea izaten den».

Habanako elkarrizketak hasi zirenean ezarritako printzipioetako batzuk ere malgutu ditu presidenteak, eta iradoki du gobernuak ere eman lezakeela menia bake prozesuari laguntzearren. FARCek baldintzarik gabeko su-eten iraunkorra ezarri zuen Gabonen aurreko astean, eta hura zorrotz betetzen ari dela berretsi du Bogotak; horrek bere jarreraren inguruan pentsatzera bultzatu du. Orain arte, negoziazio mahaia eta gatazka militarra elkarrengandik bereizita mantentzen ahalegindu da Santosen gobernua, eta ez du Kolonbian su-etenera deitu nahi izan, Habanan gertatzen zena gertatzen zela ere.

«Ezer ez dago adostuta, guztia adostuta dagoen arte», dio bi aldeek prozesuaren hasieran adostutako urrezko arauak: negoziazioetan lortutako akordioek ez dituzte ezertara behartzen bi aldeak, harik eta amaierako bake ituna sinatzen duten arte; ordura arte, Habana gauza bat da, eta Kolonbiako oihana beste bat. Azaro erdialdean, baina, kinka larrian geratu zen prozesua, gerrillak armadako jeneral bat bahitu ondotik: Santosek Habanatik itzularazi zituen bere negoziatzaileak, eta elkarrizketak behin-behinean etenda zeudela jakinarazi zuen.

Orain, Kolonbiako estrategia militarrek ere Habanako prozesuaren mesedetan egon behar luketela iradoki du: «Negoziazioetako aurrerapenek erakusten dute beste baldintza batzuetan gaudela orain, eta bereizketa hori egitea jada ez dela egokia». Presidenteak ohartarazi du oraingoz indarrean irauten dutela armadari emandako aginduek, baina haren gertuko aholkulari batek aditzera eman du berandu baino lehen gerta litekeela gobernuak ere FARCen aurkako jarduera armatua gelditzea. «Ez daukazu terrorismoaren aurka borrokatu beharrik terrorismoa ere ez bada borrokan ari», esan du Santosen gertukoa den Shlomo Ben Amik —bide batez, Israelgo Atzerri ministro izandakoa ere bada—. Bi aldeko su-etena «logikoa» litzatekeela esan du, baldin eta bi aldeek horretarako ituna adostuko balute. «Bakeak kolonbiarrentzako segurtasuna indartu behar du, eta ez ahuldu. Beharrezko neurri oro hartuko dugu hori hala izan dadin».

ELNri ere gonbita

Dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira FARC eta gobernua ofizialki Habanan elkartzen hasi zirenetik. Kolonbiako gatazka konpontzeko, bost puntuko negoziazio agenda bat adostu zuten orduan, eta horietatik hirutan lortu dituzte akordio nagusi batzuk: lurren jabetzaren auziari, gerrillari ohien parte hartze politikoari eta legez kanpoko gaien laborantzari dagokienez, hain zuzen ere. Biktimen auziarekin hasita daude, eta amaitzeko gatazka armatuaren konponbideari helduko diote. Oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko diren berriz Habanako bilerak, baina ziurrenik urtarrilaren erdialdera izango dela iragarri du gobernuak.

Kolonbiako bigarren gerrilla nagusiari ere eskatu dio antzeko bake prozesu batean inplikatzeko eta su-etenera deitzeko. Uda aurretik, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin bere aldetik biltzen aritu zen Bogota, baina «esploratzeko topaketak» zirela jakinarazi zuten. Ordutik, ez dute berri gehiagorik eman, baina ELNk sarri aldarrikatu izan du gatazka konpontzeko prozesuan dagokion lekua. Gaurko «adierazpen garrantzitsu bat» iragarri du talde armatuak, xehetasun gehiago azaldu gabe; Latinoamerikako zenbait hedabideren arabera, litekeena da agerraldi horretan negoziazio prozesu baten berri ematea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna