Korsikako nazionalisten eskaera nagusien aurka agertu da Macron

Korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo ditu Frantziako presidenteak. Pe A Corsicako diputatuek «preso politikoen» sakabanaketa kritikatu dute
Jendea Korsikako banderak astintzen, hauteskunde kanpainako Pe A Corsica koalizioaren ekitaldi batean, azaroan.
Jendea Korsikako banderak astintzen, hauteskunde kanpainako Pe A Corsica koalizioaren ekitaldi batean, azaroan. OLIVIER SANCHEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2017ko abenduak 28

Pe A Corsicak nagusitasunez irabazi zituen Korsikako hauteskundeak, abenduaren 10ean. Femu A Corsica autonomistak eta Corsica Libera independentistak osatutako koalizioak bozen %56,5 lortu zituen. Frantziako presidente Emmanuel Macronek, ordea, koalizioaren helburu nagusietako biren aurka egin du.

«Posible da aldaketak egitea, baina esparru baten barruan, Frantziako Konstituzioarenean. Esparru horrek ezin ditu hainbat erreibindikazio bete: adibidez, egoiliar estatusa eta korsikeraren koofizialtasuna», adierazi zuen Frantziako presidenteak El Mundo egunkariak argitaratu eta berri agentziek zabaldutako elkarrizketan.

Nazionalistek uko egin diote epe motzera independentzia lortzeari, eta autonomia lortu eta garatzea ezarri dute datorren hamarkadarako helburutzat. Garapen horren barruan kokatu dituzte Macronek ezinezkotzat jo dituen bi puntu horiek.

Korsikera pixkanaka normalizatzen ari da politikan, eta politikari nazionalistek jada erabiltzen dute legebiltzarrean eta euren esku dauden udaletan. Testu ofizial ugari ere bi hizkuntzatan argitaratzen dituzte. Koofizialtasuna emateko, ordea, konstituzioa aldatu beharko litzateke, eta horrek bretoiei eta euskaldunei bidea irekiko lieke eskaera bera egiteko.

Egoiliar estatusa, berriz, hango biztanleen eskubideak bermatzeko neurri gisa aurkeztu dute hauteskunde kanpainan. Korsika Frantziako eskualde pobreenetako bat da, eta hango herritarrek uhartera joaten diren frantziarrekiko lehentasuna izatea du helburu, besteak beste, jabetza pribatuak eskuratzeko orduan. Horrela, etxebizitzen espekulazioaren aurka borrokatu nahi dute.

Hauteskundeetako garaipenarekin batera, Frantziako Barne ministro Gerard Collombek adierazi zuen Paris prest zegoela nazionalistekin elkarrizketak hasteko, «korsikarren eskaera ugariei aurre egiteko». Orduan, Gilles Simeonik, Pe A Corsicako zerrendaburuak, «adeitasunezko protokolotik» haratago joateko beharra adierazi zien: «Benetako elkarrizketa bat espero dugu estatuarekin».

Orain, ordea, marra gorriak finkatu ditu Macronek, eta kolektibitate berriaren zereginak ongi funtzionatzea jarri du helburutzat, «irlaren garapena bermatzeko». Izan ere, 2018tik aurrera kolektibitate bakarra osatuko dute Korsikan, orain arte indarrean zeuden bi departamenduak batuz.

Presoen gaia mahai gainean

Macronek, ordea, ez dio aipamenik egin Korsikako nazionalisten beste eskaera nagusietako bati, Frantzian espetxeratuta dauden «preso politiko korsikarren» itzulerari. «Presoentzako eta iheslarientzako amnistia beharra dago. Urte luzez, Parisek uko egin dio gaiaz hitz egiteari. Orain, berriz ere, mahai gainean dago», azaldu zuen Corsica Libera alderdiko buru Jean Guy Talamonik, hauteskundeetako garaipenaren ostean.

Orduan, Youssef Badr Frantziako Justizia Ministerioko bozeramaileak uko egin zion amnistiaz hitz egiteari, baina presoen gerturatzea aztertuko dutela azaldu zuen, «euren senideei bidaia garesti eta zailak saihesteko». Izan ere, FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak, uharteko talde armatu nagusiak, 2014an erabaki zuen armak uztea.

Nazionalistek behin eta berriz egin duten eskaera da presoena. Aurreko astean Pe A Corsicak Frantziako Asanblea Nazionalean dituen hiru diputatuk Fleury-Merogisko espetxea bisitatu zuten, presoen gerturatzea eta amnistia eskatzeko. Urtarrilean, Meauxko, Fresnesko eta Villepinteko kartzelak ere bisitatuko dituzte.

«Korsikarrak preso dauden instituzio horietara egiten ari garen bisitak zabaldua dagoen eskaera bat azpimarratzea du helburu, zatiketa politikoetatik haratago: presoen gerturatzea», adierazi zuen Paul Andre Colombani diputatuak. Lege arrunta aplikatu beharra ere aipatu zuen, «familien mesederako».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea terrazetan Bilbon, astelehenean. ©Aritz Loiola/FOKU

651 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian kasu gehien atzeman diren eguna izan da: 402. Osasun Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia arratsaldean bilduko dira egoera aztertzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Aitor Biain

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.

Donibane Lohizuneko plaza, konfinamendu denboran ©Bob Edme

Donibane Lohizuneko ostatu bat hetsi dute

Ekaitz Etxamendi

Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Miam ostatuaren hestea bost egunez, zigor gisa. Neurria beterik, gaur ireki dute berriro.

Osasun langileak PCR probak egitn Donostian, iragan astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Getxoko Bikain tabernan eta Gasteizko Sagartoki eta Oh Malbec jatetxeetan izan zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Toki horietan izan zirenek beren osasun etxera edota osasun aholkularitzara deitu beharko dute ordua hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna