Egunean bost errefuxiatu hil dira aurten Mediterraneoan, orotara 606

Espainiarako bidean iaz halako hiru hil dira aurten zeharkaldi berean. Europako eta Afrikako estatuek migrazio ekintza plan bat adostu dute. Europak asiloa ukatu die eskaera egin duten 424.148 laguni

Iragan apirilaren 18an Mediterraneoan erreskatatutako errefuxiatuak. CHRISTOPHE PETIT TESSO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Tripoli mendebaldeko hondartza batera bederatzi gorpu iritsi ziren herenegun; tartean, haurtxo bat. Mediterraneoan urtarrila eta maiatza bitartean hil diren 606 errefuxiatuetako azkenak dira. 120 egunetan, batez beste, bostlagun hil dira itsasoan. Zenbaki hutsak dira erakundeen eta gobernuen txostenetan eta estatistiketan, baina, seme-alabak, anai-arrebak, gurasoak, ilobak edolagun minak dira euren gertukoentzat. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi du datua, eta zehaztu du mundu osoan 1.008 direla jada aurten hildako errefuxiatuak, iaz epe berean baino 791 gutxiago. Mexikoko eta Ameriketako Estatu Batuetako mugan 69 lagun zendu dira, eta Adengo golkoan, 62.

Etengabea da miseriatik, gerratik edo jazarpenetik ihesean bizitza arriskuan jartzen duten errefuxiatuen ihesa. Mediterraneoa hobi komun bihurtu da. Aurten 21.981 dira kontinente zaharrera itsasbide ezberdinetatik iritsi diren lagunak. Europara iaz 44.152 lagun iritsi ziren lehen lau hilabeteetan —1.121 hil ziren—. 2016an, berriz, 200.000.

Libia eta Italia arteko zeharkaldia da errefuxiatuek gehien erabiltzen dutena. Eta Italia da beste urte batez errefuxiatuen helmuga nagusia. Europara iristen direnen %43 herrialde horretara iristen dira; urtarriletik, 9.467 lagun. Bide horretan zendu direnak, berriz, 370 dira. Iaz 1.021 izan ziren itsasbide horretan hildakoak, beraz, murriztu egin da kopurua.

Espainiara iristeko ahaleginean hiltzen direnen kopuruak, ordea, gora egin du. Iaz halako hiru hil dira apiril bukaera arte aurten hegoaldeko zeharkaldian; 198 dira hildakoak, eta, iaz 57 izan ziren—urte osoan 224 zendu ziren iaz—. Kostaldera iristea lortu dutenen kopurua ere handiagoa da; aurten 3.994 errefuxiatu iritsi dira, eta iaz, epe berean, 2.426 izan ziren. Greziara 8.067 lagun iritsi dira, eta hemeretzi dira zeharkaldi horretan urtarriletik maiatzera ito direnak. 2017an, 4.843 lagun iritsi ziren epe berean uhartera, eta 37 hil ziren.

IOM erakundeak jatorrizko herrialdeetara itzultzen lagundutako iheslarien kopuruaren berri ere eman du. Nigerrera, Txadera, Senegalera eta Pakistanera 197 lagun itzuli dira aurten. Libiatik, berriz, 25.555 immigrante eraman dituzte euren jatorrizko herrialdeetara iaztik.

«Sakoneko arrazoiak»

Munduak egun bizi duen krisi handienetakoa da errefuxiatuena, eta, orain arte, estatuak ez dira gai izan milaka heriotza eragozteko. 2017an 6.002 errefuxiatu hil ziren mundu zabalean; 2016an 7.932; 2015ean 6.281; eta 2014an 5.285. Zenbaki latz horiek migrazio politika antzuen ondorio dira, ezen orain arteko neurrien bidez gobernuek ez diote migrazioaren jatorriari erreparatu. Europako eta Afrikako 60 bat estatutako ordezkariek goi bilera bat egin zuten atzo migrazioaren «sakoneko arrazoiei» arreta jartzeko, mugen kontrolak indartzeko eta trafiko sareei aurre egiteko borroka eraginkorra sustatzeko. Marrakexen elkartutako agintariek zaurgarritasun egoeran dauden errefuxiatuak babesteko deia ere egin zuten, eta migrazioaren inguruko ikuspegia aldatzeko.

Orain arte, baina, hitzetan geratu dira asmoetako asko, eta horren lekuko izan dira estatu kideek ezarritako kuotak. Asilo eskatzaileen egoera ere politika zurrun horien ondorio dira. Basamortua edo itsasoa gurutzatu ostean, kontinente zaharrera iristea lortzen dutenek beste zeharkaldi bat egin behar izaten dute, burokraziarena, eta hori aurrekoa bezain latza izan daiteke. EASO Asiloa Laguntzeko Europako Agentziak jakinarazi duenez, iaz 706.913 errefuxiatuk eskatu zuten asiloa Europan. Horietako 424.148ri, baina, ukatu egin zitzaien. Iaz asilo eskaeren %40 onartu egin ziren, aurreko urtean onartutakoak baino %17 gutxiago izan baziren ere. Siria da, beste urte batez, bosgarrenez, asilo eskatzaile gehienen jatorria; 98.000 iheslari siriarrek eskatu zuten babesa Europan 2017an. Irak, Afganistan, Nigeria, Pakistan eta Eritrea daude zerrendan hurrenak. Europako Batzordeak jakinarazi duenez, %43 murriztu ziren iaz asilo eskaera kopuruak, aurreko urtearekin alderatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.