Bilioi erdiko EBZren bultzada

Bloomberg agentziaren arabera, herrialdeen zor publikoan 500.000 milioi arte inbertitzeko programa ari da aztertzen banku zentrala.Urtarrilaren 22an du erakundeak hurrengo gobernu kontseilua

Gobernuek jaulkitako zor publikoa erosteko modu ezberdinak aztertzen ari da Europako Banku Zentrala, deflazio arriskuari kontra egiteko asmoz. LEX VAN LIESHOUT / EFE.
Ivan Santamaria.
2015eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Beste bilioi erdi bat. Horra hor Europako Banku Zentralak (EBZ) deflazio arriskua uxatzeko asmoz egiteko prest dagoen hurrengo ahaleginaren tamaina. Bloomberg agentziaren arabera, gobernuen zor publikoan 500.000 milioi euro arte erosteko ereduak aurkeztu dizkiete EBZko teknikariek gobernu kontseiluari.

Batzarra joan den urtarrilaren 7an egin zen, bankuak Frankfurten (Alemania) duen egoitzan. Hedabideak iturri gisa bileran parte hartu zuen pertsona bat aipatu du, izenik eman gabe. Horren arabera, hainbat gradu dituzten bonuak erosteko zenbaitaukera aztertu zituzten, AAA eta BBB- maila artekoak. Alegia, merkatuetan inbertsio maila dituzten bonuak. Hortik behera kalifikatuta daudenak zabor bonu gisa ezagunak dira, eta hori da, gaur egun, Greziako edo Zipreko zorraren egoera.

Deflazio arriskuari aurre egiteko asmoz, banku zentralaren balantzea nabarmen handitzeko neurri sorta martxan dago. EBZko presidenteak, Mario Draghik, behin baino gehiagotan iradoki du balantzea bilioi bat eurotan igotzea dela helburu kuantitatiboa. Helburuaren erdia beteko luke zor erosketaren bidez.

Neurrien artean ez da egon orain arte herrialdeetako zor subiranoa erostea. Funtsean, gobernuek jaulkita dituzten bonuak erostea litzateke, bigarren mailako merkatuetan. Erosketa inprimatutako diru berriarekin egiten denez, ekonomiari diru hori zuzenean sartzearekin parekatzen dira halako ekintzak. Ingelesez quantitative easing deitzen zaio, eta krisia hasi zenetik ildo bereko programa indarrean jarri dituzte AEBetako, Erresuma Batuko edo Japoniako banku zentralek.

Krisiaren une jakin batzuetan arazoak zituzten herrialdeen zorra erosi zuen EBZk, baina eskala txikian, eta diru masa ez handitzeko neurriak hartuta. Haatik, bide horrek eztabaida handiak piztu izan ditu, bereziki Alemanian dagoen erresistentziaren ondorioz. Jens Weidmann Alemaniako Bundesbankeko burua horren aurka mintzatu da behin baino gehiagotan.

Eztabaidak eztabaida, eurogunean inflazioak behea jo du berriro pasa den abenduan, eta honezkero tasa negatiboan dago. Egoera horrek eta petrolio upelak izan duten merkatzeak luze gabe inflazio aurreikuspenak okertzea eragin dezake, EBZ neurri gehiago hartzera behartuko lukeen egoera, Draghik sarritan azpimarratu duenez.

Bestelako neurriak abian

Quantitative easing programa bat kate luze baten azkena litzateke. Iazko udarik ari da banku zentrala ekonomia animatzeko neurriak hartzen. Haatik, inflazioaren erreakziorik ezak horien eraginari buruzko zalantzak piztu ditu.

Bankuei baldintzapeko likidezia merkea eskaintzeko bi enkante egin ditu EBZk. Aukeran zegoen diruaren erdia baino gehiago ez dute hartu finantza erakundeek, hala ere.

Halaber, zorpetze pribatu mota batzuk erosteari ekin dio bankuak. Oraingoz, bi programak kontuan hartuta 30.000 milioi erosi ditu, ia guztia hipoteka zeduletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.