Ipar sozial berrien bila

Berrikuntza sozialak gaur egun zer esan nahi duen eta praktikara nola eraman daitekeen eztabaidatu dute Donostiako Tabakaleran, Emun kooperatibaren 20. urteurreneko ekitaldian.

Samara Velte.
Donostia
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun

Euskal Herria «potentzia bat» da berrikuntza sozialaren arloan, baina ez daki. Hala uste du Gorka Espiau Agirre Lehendakari Centerreko aholkulariak. Berrikuntza sozialaren kontzeptuaz eta haren gaur egungo erronkez aritu zen atzo Itsaso Olaizola Ekoguneko Hizkuntza-ekologia eta hezkuntza gaien arduraduna Donostiako Tabakaleran, Emun kooperatibak antolatutako Berrikuntza sozialaren bideak jardunaldietan. Enpresetatik, gizarte eragileetatik edota, besterik gabe, norbanako gisa joandako 140 lagun inguruk parte hartu zuten. Goizean, hamar proiektu berritzaile ezagutu zituzten; arratsaldean, mahai ingurua egin zuten, Pilar Kaltzadak gidatuta. Amaieran Yayo Herrero ekintzailea gehitu zitzaien.

Berrikuntza soziala, enpresa munduan, funtzionatzeko hainbat modu aldatu eta demokratizatzeko modu gisa ulertu izan da: sormenetik eta kontzientzia sozialetik aurrera egitea. Euskal Herrian ez da halako esperientziarik falta, Espiauren hitzetan. Kooperatibak eta herrigintzatik sortutako enpresak jarri ditu adibidetzat: «Jendea egunero dator mundutik esperientzia zehatzak ikustera: ekonomia sozialarekin eta euskararekin gertatu dena, kulturarekin, instituzionalizazioarekin... kanpotik oso erraz ikusten da lotura. Gure arazoa da barrutik ez dugula ikusten, eta, gainera, kontatzen ari garen historiak ez duela zerikusirik berrikuntza sozialeko prozesu batekin».

Espiauren ustez, berrikuntza sozialeko edozein prozesuk ezinbestean hartu behar ditu aintzat tokiko berezkotasunak. «Ekitaldi hau oso berezia da», esan du Emunen jardunaldiei buruz: «Azken urteotan hainbat ekitaldi egin izan dira berrikuntza sozialaren inguruan, baina gehienak ez zeuden errotuta Euskal Herriko eraldaketa eta nortasunarekin. Posible zatekeen ekitaldi horiek Madrilen, Singapurren edo Londresen egitea». Olaizolak euskararen biziberritzea aipatu du: «Hemengo berezitasunetako bat da hizkuntza gutxiagotu baten herria garela. Hori da gure erronka eta aukera, berrikuntza egiteko». Ekologia linguistikoaren begiradak prozesu horri laguntzen dio: «Aniztasunak aberastasuna esan nahi du, eta bizirik irauteko aukera gehiago ematen ditu. Gaur egun, hamabostean behin desagertzen da hizkuntza bat munduan; hor gure kulturari eustea da munduari ekarpen propio bat egitea».

Interes komunak bilatzea berrikuntzarako oinarria dela azaldu du Olaizolak: «Hor daude ekofeminismoa, hizkuntz ekologia... Nirea eta zurea bat datozen unea». Berrikuntzaren helburua, finean, justizia soziala da: gizartearen arazoei irtenbidea emango dieten proposamenak egitea. «Gure bizitzetan dauzkagun arazoak: zaintza, aisialdi falta, presaka bizitzea...». Olaizolaren ustez, «ongi bizitzearen pedagogia bat» falta da. Euskararen biziberritzea, esaterako, berrikuntza sozialeko prozesu bat da; beste mugimenduekin zubiak eraikitzeko aukera ematen duelako, etorkizunerako egitasmo kolektiboetan gorpuztu daitekeelako eta bizi kalitatea hobetzen duelako: «Euskaraz bizitzea bizi kalitatearen adierazle bat da».

Berrikuntza soziala auzitan

Bide horretan, lau esparru bereizi dituzte hizlariek: arlo soziala —gizarte mugimenduak—, publikoa —administrazioa—, pribatua —enpresak— eta akademia. Bakoitzak du bere betebeharra. Espiauren ustez, enpresak eta administrazioa ere ari dira berrikuntza sozialera hurbiltzen, baina kontuz ibili behar da nola egiten duten, «logika ekonomiko» batean ez egiteko. Herrerok ere ohartarazi du arrisku horretaz: «Berrikuntza sozialaren kontzeptua bera auzitan dago. Kapitalismoak izugarrizko berritasun soziala ekarri du, eta antolaketa modu guztiak irauli ditu. Berritasun horren aurka doa guk aipagai duguna».

Hizlariek azaldu dutenez, hiru urrats nagusitan egituratu behar dira berrikuntzazko prozesuak. Hasteko, arazoak identifikatu behar dira. «Tresna kuantitatibo onak dauzkagu, baina egiatan ez dakigu zer ari den gertatzen, eta ez diogu errealitateari eraldatzeko perspektiba batetik edo kuestionamendutik begiratzen», ohartarazi du Espiauk: «Jendea ausaz elkartzen da eta gauzak sortzen ditu, baina ez dago prozesu sistematizaturik». Gero, berrikuntza prozesua bera antolatu behar da. Aldaketak, gutxienez, belaunaldi bateko perspektiban planteatu behar dira. «Garrantzitsua da elkarrekin irudikatzea zein gizarte eredu nahi dugun, eta gero ikusiko dugu nola iritsi», adierazi du Olaizolak: «Ariketa horrekin buruko muga eta eskema batzuk apurtzen dira».

Espiauren arabera, narratiba kolektibo sendo bat falta da uneotan Euskal Herrian. «Nor garen, pertsona eta herri moduan, zeintzuk diren gure balioak, eta nola erantzuten diogun errealitateari. Duela 20 edo 30 urte, narratiba indartsu batzuk zeuden erronka sozialen aurrean, eta zeharkakoak ziren: arlo sozialean, ekonomikoan, akademian... Narratiba komun bat zegoen: nola eman buelta egoera honi». Orain, gizartea kontserbadoreagoa dela uste du ikerlariak, galeraren beldurra nagusitu delako: «Oso zaila da prozesuak arrazionalizatzea ez badugu partekatzen narratiba eraldatzaile bat».

Erradikaltasun handiagoa

Hizlarien ustez, «ikasitako babesgabetasuna» gainditzea eta «erradikaltasun gehixeago» falta dira. Maila praktikoan, eguneroko keinuetatik has litekeela iradoki du Olaizolak: «Adibidez: kontsumo talde batean parte hartzean, auzoko jendearekin bizitzen ari zara. Sartu zaitezke soilik osasuntsu jan nahi duzulako, baina horren atzean dagoen filosofia osoa ere ikusten duzu horrela; gainera, euskaraz bizi zara; eta haurrei azal diezaiekezu zer den garaikoa eta ekologikoa jatea».

Berrikuntza, ordea, soziala izango bada, guztiengana heltzeko modukoa izan behar duela ohartarazi du Herrerok: «Elite politiko eta ekonomikoen dinamikak kritikatzen ditugu, baina proiektu alternatiboak ere elitistak dira batzuetan; ezin delako haietara heldu, edo antolatzeko baliabideak dauzkaten pertsonez osatuta daudelako. Baina bada despolitizatuta dagoen jendea, behartsua dena, eta Europako mugimendu faxisten bazka dena. Berrikuntzak ezin ditu pertsona horiek kanpoan utzi».

Beste erronka bat berrikuntzaren hazkundea da. Espiauk azaldu duenez, nazioartean proiektu interesgarri ugari sortu dira azken hamarkadetan, baina oro har eskala txikikoak izan dira guztiak. «Handitzen direnean, sarritan freskotasuna galtzen dute eta bezatu egiten dira», gaineratu du Herrerok. Espiauren ustez, Euskal Herrian frogatu da posible dela enpresa lehiakorretan berrikuntza soziala txertatzea: «Eztabaida hori bideratzen aritu behar genuke, baina beste kontu batzuetan ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.