Ausartu da laugarrenarekin

Jose Luis Mendilibarrek eta haren laguntzaileek sasoi baterako berritu dute kontratua Eibarrekin, eta laugarrena beteko dute. «Hemen bezain ondo nekez egongo gara beste edonon», esan du

Jose Luis Mendilibar eta haren laguntzaileak, Toni Ruiz, Josu Anuzita, Iñaki Bea eta Andoni Azkargorta, entrenamendu batean, Atxabalpen, denboraldi-aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Zantzuek baiezkoa izango zela ematen zuten aditzera, eta, azkenean, hala izan da: Jose Luis Mendilibarrek berritu egin du lan hitzarmena Eibarrekin, nahiz eta beste talde batzuen deiak jaso dituen. Beste denboraldi baterako luzatu dute tratua bi aldeek, eta beste horrenbeste egin dute Mendilibarren laguntzaileek ere: Toni Ruiz, Iñaki Bea, Josu Anuzita eta Andoni Azkargortak. «Hemen baino hobeto ez gara beste inon egongo», adierazi du entrenatzaileak klubaren sare sozialetan.

Zaldibarko entrenatzailea hartzen dute klubeko agintari gorenek taldea Lehen Mailan egonkortu izanaren eragile nagusitzat. Ezinbestekotzat jotzen zuten Mendilibarren jarraipena, eta datorren denboraldiko taldea osatzeko harririk sendoena ezarria dago kontratu berritze horrekin.

Laugarren sasoia betetzeko aukera izango du Mendilibarrek Eibarren, eta datu handia da, ez baita ohikoa inondik ere gaur egun halakoak ikustea. Goizago baino beranduago, entrenatzaileak bidali egiten dituzte taldeetatik. Hain zuzen, balizko arrisku horren inguruan daukan kezkaren berri eman izan du Mendilibarrek Eibarren denetik. Behin, honela esan zion BERRIAri: «Ikasi egin behar dut taldeetatik alde egiten beraiek ni bidali baino lehen». Beti esan izan du entrenatzaile batentzat nahikoa izan daitezkeela hiru denboraldi talde berean osatzea, laugarrenarekin ausartzea arriskutsua izan daitekeelakoan. Hori sufritu izan duelako esaten du. Izan ere, bi taldetan ekin zion laugarren denboraldiari, Valladoliden eta Osasunan, eta bietan kaleratua izan zen sasoia bukatu baino lehen.

«Jokalari berberekin lau denboraldi osatzea gehiegi dela uste dut». Mendilibarrek beti esan izan du hori, baina Eibarren, bere agindupean 2015eko udan ekin zion taldetik ez dira jokalari asko geratzen, eta laugarren sasoia osatzera ausartzeko aldagaietako bat hori izan daiteke.

Bestea entrenatzaileak berak eman izan du aditzera hainbat elkarrizketatan: «Izan naiteke ni Eibarren urte asko iraun dezakeen entrenatzailea». Bidea, behintzat, ari da egiten, eta bidea egiten jarraituko du. Dagoeneko bada Eibarren urte dezente irauten ari den entrenatzailea, eta aukera dauka denbora tarte hori gehiago luzatzeko.

Orain arte egindako bidean, badira zenbaki batzuk oso kontuan hartzekoak. 123 partida zuzendu dizkio Eibarri bigarren aldi honetan [aurrenekoa 2004-05eko sasoian osatu zuen, Bigarren Mailan]. Aurreko denboraldian, marka ezarri zuen taldeak bere agindupean, 54 puntu eskuratu zituelako, eta Lehen Mailan denetik 2014-15eko denboralditik posturik onena lortu zuen sailkapenean: hamargarren. Beste mugarri bat ere ezarri zuen aurreko sasoian, lehen aldiz jokatu zuelako Eibarrek Espainiako Kopako final-laurdenetan.

Zenbaki hotzetatik harago doa entrenatzailearen lana, dena dela. Eibar ondo baino hobeto ari da lehiatzen partida guztietan, eta talde fidagarria bilakatu da azken denboraldi hauetan. Entrenatzailearen jokatzeko moldeak bat egiten du klubaren ezaugarriekin, eta futbolean etorkizuna iragartzea hanka sartzeko mugan ibiltzea izan badaiteke ere, konfiantza eta segurtasun handia ematen dizkio Eibarri Mendilibarrek jarraitzeak. Hura taldean egote hutsagatik ezin da ziurtatu taldeak Lehen Mailan jarraituko duenik, baina lortuko balu helburua gauzatzea beste behin, inor gutxi harrituko litzateke.

Jokalarien babesa dauka

Eibarren jarraitzeko erabakia hartu ahal izateko beste eragileetako bat, ziurrenik, jokalariek adierazi dioten babesa ere izan da. Batek baino gehiagok publikoki azaldu izan dute Mendilibarrek segitzea nahi dutela. «Gustura gaude beraiekin, eta baldintza guztiak betetzen dira kontratua berritzeko», esan du entrenatzaileak. Datorren denboraldiari buruz, berriz, hauxe esan du: «Mailari eustea izango da asmoa, eta ondo jokatzea, zaleak gu ikusteko gogoz egon daitezen». Azalpen gehiago gaur emango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.