Lehen bezain urrun daude

Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko bileran ez dute lortu aurrerapenik.

Poroxenko eta Putin bat etorri dira Kievek eta matxinoek Minskeko bake hitzarmena indarrean sartzeko premiari buruz
Normandiako Laukotearen bilera: Vladimir Putin, François Hollande, Petro Poroxenko eta Angela Merkel.
Normandiako Laukotearen bilera: Vladimir Putin, François Hollande, Petro Poroxenko eta Angela Merkel. ALEXEY NIKOLSKY / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 18
Ukrainako gatazka bideratzeko Errusia aintzat hartuko duen akordio politikoa urrun dago oraindik ere. Petro Poroxenko eta Vladimir Putin, Ukrainako eta Errusiako presidenteak hurrenez hurren, aurrez aurre bildu ziren atzo Milanen. Eta biak bat etorri ziren Minskeko hitzarmena indarrean sartzeko premiari buruz. Baina berotasun handiagoa agertu zuten bi aldeek «zailtasunak» eta «ezkortasuna» aipatzean, bilerak ekarritako aurrerapausoren bat nabarmentzean baino.

Normandiako Laukotearen barruan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta François Hollande Frantziako presidentea ere batu zitzaizkien Poroxenko eta Putini. Eta azken biek baino balantze ezkorragoa egin zuen Merkelek: «Xehetasun txikiren bat salbu, auzi nagusian, Ukrainaren lurralde batasunaren urratzean, ez da izan inolako aurrerapenik».

ASEM Asia eta Europako goi agintarien foroa baliatuta, formatu askotako bilerak egin zituzten atzo Milanen. Matteo Renzi Italiako lehen ministroa eta Europako Batasuneko txandakako presidentea buru zutela, aurrena Merkel, Hollande, David Cameron, Jose Manuel Durao Barroso eta Herman van Rompuy mahai berean eseri ziren Poroxenko eta Putinekin. Alde biko elkarrizketak ere etenik gabeak izan ziren, eta Poroxenko eta Putinen arteko aurrez aurreko bat ere izan zen, Ukrainako eta Errusiako Atzerri eta Energia ministroak ondoan zituztela. Bileraren aurretik, «baikortasun handirik» ez zuela aitortu zion Poroxenkok Austriako kantziler Werner Faymanni, Reuters agentziaren arabera.

Asko hitz eginagatik, izan ere, gutxi aurreratu zuten. Poroxenkok nabarmendu zuen Normandiako Laukotean alde guztiek babestu zutela Minskeko hitzarmenean oinarritutako bake plana, eta irailaren 19an sinatutako akordioaren hamabi puntuak indarrean sartzeko premia aipatu zuen. Bihar zortzi legebiltzarrerako bozak izango dira Ukrainan, eta abenduaren 7ko udal hauteskundeak Poroxenkok berak bezperan sinatutako dekretuaren arabera egin behar direla ohartarazi zuen Ukrainako presidenteak; hiru urterako autonomia onartu zien Donetsk eta Luhanskeko errepublika matxinoei.

Putinek ere Minskeko hitzarmena «lehenbailehen» betetzeko eskatu zien Kievi eta matxino errusiazaleei —sinatu zutenean ere babestu zuen—, eta lehentasuna 30 kilometroko banaketa lerro bat sortzea dela esan zuen: «Hitzarmena ez da erabat betetzen ari, bi aldeetan; eta bi aldeek dituzte ez betetzeko arrazoiak». Onartu zuen Poroxenkok sinatutako autogobernu legea «bide onean egindako urrats bat» dela, «bete-betekoa» ez izanagatik.

Matxino errusiazaleek, ordea, autonomia barik independentzia nahi dutela berretsi dute. Esana daukate ez dutela parte hartuko Kievek antolatutako hauteskundeetan, eta tokiko agintariak eta legebiltzarrak aukeratzeko deialdia egina dute, azaroaren 2rako.

Donbass eskualdean su-eten hauskorra bermatu eta bi aldeetako indar militarren arteko banaketa lerro iraunkor bat eratzeko moduez mintzatu arren, gatazka izoztua desblokeatzeko akordioa urrun ageri da. Eta, negua ate-joka delarik, egoera asko zailduko da borroka frontean.

«Ona», baina ez hainbeste

Merkelek izan ezik, gainerako agintariek balorazio «ona» egin zuten bileraz; baita Putinek ere, berotasun handirik gabe «ondo joan da» esanda. Haren bozeramaile Dmitri Peskovek ilunak gehiago ikusi zituen argiak baino. Negoziazioak «zailak» izan zirela azpimarratu zuen, «desadostasunez eta gaizki-ulertuz beteak». Ukrainako armadaren eta matxino errusiazaleen arteko su-etena ekarri zuten Minskeko akordioak indarrean nola sartu, zehaztasun handiko iritzi trukea izan zutela esan zuen Peskovek. «Tamalez, parte hartzaileetako batzuk errezelo handia agertu dute Ukrainako hego-ekialdean benetan gertatzen ari dena ulertzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna